E. Goenaga Lizaso
1936ko gerra, II. Mundu Gerra eta garai hartako kontuak urrunekoak eta arrotzak egiten zaizkien belaunaldiei, belaunaldi gazteei, memoria historikoaren gaineko kontzientzia piztea da Bidasoa Askatasun Bideak elkartearen xedeetako bat. Jon Martin (Oiartzun, 1995) buru-belarri dabil horretan; bera da, 21 urterekin, gazteen artean gaiak piztu dezakeen interesaren lekuko. Abuzturako prestatu duten egitarauari buruz azalpenak eman dizkio Hitza-ri.
Nondik sortzen da bi eguneko ibilbide hau antolatzeko ideia?
Mugalariek egiten zuten ibilbidearen errepresentazio bat egitea da Bidasoa Askatasun Bideak elkartearen helburua. Comete sarearen eta beste hainbat sareren bidez Bidasoa ibaia zeharkatu eta Donostiara heltzeko egiten zuten bidea berregin nahi dugu. Errepresentazio hitza erabiltzen dugu, ez delako mendi ibilbide soil bat izango; adibidez, ibilbidearen zati bat gauez egingo dugu, haiek egiten zuten modu berean.
Ibilbidea bi egunetan egingo duzuen arren, abuztuaren 18an elkartuko zarete jada Donostian. Zertarako?
Ibilbidea abuztuaren 19an eta 20an egingo dugu; baina partaideak abuztuaren 18an elkartuko ditugu, Donostian. Informazio bilera bat egin nahi dugu, hurrengo bi egunetan egingo dugunaren berri emateko. Gero afari bat egingo dugu, jendeak elkar ezagut dezan, eta Olarain ostatuan egingo dugu lo.
Oraingoz, 10-12 lagunek eman dute izena, eta denak kanpokoak dira; baina taldea oraindik itxi gabe dago. Espero dugu hemendik eta abuztuaren 18ra bitartean jende gehiago animatzea. Bestalde, esan behar da egitarau osorako eman daitekeela izena, baina baita ibilbide edo ekitaldi zehatz bakar baterako ere. Beraz, malgutasun osoa dago, jende gehiago etor dadin.
Abuztuaren 19an egingo duzue oinezko zatia.
Urruñara [Lapurdi] autobusez joango gara, eta han hasiko dugu oinezko ibilaldia. Bi zati izango ditu. Lehenengo ibilaldia Urruñatik Irunerakoa izango da, mugalariek Bidasoa zeharkatzeko egiten zuten bidean barrena. Irunen, mugalari eta iheslari guztiei egingo diegu omenaldia, baina Maritxu Anatol, Irungo mugalari ezaguna, aipatuko dugu bereziki. Ibilbidearen bigarren zatia Irunen hasi eta Oiartzungo Ergoien auzoan amaituko dugu. Goizaldean, 05:00ak inguruan iristea aurreikusten dugu. Han bigarren omenaldia izango da, Sarobe Berri baserrian.
Nolako omenaldiak dira?
Omenaldi ez-formalak izango dira, omenaldi xumeak. Hitz batzuk egingo ditugu, mugalariak oroituko ditugu… Partaideez gain, ordea, espero dugu inguruko jendea ere hurbiltzea, eta gauza polit bat egin ahal izatea.
Abuztuaren 20an beste lau omenaldi egingo dituzue.
Bai. Oiartzundik Donostiara joango gara lo egitera, eta goizean, autobusez, egitarauaren bigarren zatiari ekingo diogu. Oiartzunera itzuliko gara, goizean, eta 10:00ak inguruan, Altzibarren, bigarren omenaldia egingo dugu. Maria Garaiar eta Pedro Arbide aipatuko ditugu han. Handik, zortzi bat laguneko taldeak bizikletaz egingo du Errenteriako bidea, garai hartan egiten zuten moduan. Biteri kalean bigarren omenaldia egingo dugu, eta hurrengo geldialdia Grosen izango da, Bernardo Arakama izan zenaren etxe aurrean. Eta handik Hernanira. 13:00 alderako jarri dugu ordua, Loidin; herriko lau mugalariren omenez jarritako oroitarriaren ondoan egingo dugu azken omenaldia. Gero, bazkaria eta agurra.
Egitaraua zuek antolatu arren, Donostia 2016ko programaren barruan joango da, ezta?
Gure egitasmoak bat egiten du Donostia 2016k dituen balioekin —bakea, memoria historikoa, elkarbizitza…—, eta proposamena egin genienean berehala ikusi zuten uztargarriak direla. Hala, haien egitarauan sartzea erabaki zuten.
Leave a Reply