Abuztuaren 19an eta 20an Bidasoa Askatasun Bideak elkarteak antolatuta egingo diren omenaldietan mugalariak eta iheslariak omenduko dituzte. Mugalari gisa eta iheslariei laguntzen aritu ziren guztien izenak aipatu eta oroitu ezinean, hainbat izen propio nabarmenduko dituzte, tokian-tokian.
San Migel (Irun)
Maritxu Anatol. Familiaren aduana postuan lan egiten zuen Anatolek, Irungo San Migel auzoan, eta hari esker dozenaka lagunek lortu zuten muga igarotzea. Orduko gizarteak eskandalutzat jo zuen Anatolek aduanan lan egitea, emakumezkoentzako lana ez zelakoan. Espainiar eta frantziar naziotasuna zuenez, Anatol mugaren alde bietan lasai ibiltzen zen, eta Comete sareari hainbat aldiz lagundu zion arren, modu independentean egiten zuen lan. Haren egiteko moduak, antza denez, ez zuen sareko arduradunen oniritzi osoa. 1943ko ekainaren 13an Gestapok Anatol eta haren hiru taldekide atxilotu zituen. Alemaniara deportatu zituzten beste hirurak, eta oso egoera txarrean itzuli ziren. Anatol Gestaporen Baionako polizia etxera eraman zuten, eta Miarritzeko kartzelan eduki zuten. Galdeketa gogorrei aurre egin, eta aske gelditu zen, ordea.
Ergoien (Oiartzun)
Sarobe Berri baserria. Ergoien auzora iristen ziren iheslariak Irundik Donostiarako bidean. Han aterpetxe bat zegoen, Sarobe Berri baserrian. Gauez egiten zuten bidea, eta Pako Iriarte baserriaren egungo jabeak oroitzen du nola iristen ziren iheslariak bertara, hankak eta oinetakoak txikituta, atsedena hartzeko beharrean. 8 urte zituen orduan Iriartek.
Altzibar (Oiartzun)
Maria Garaiar eta Pedro Arbide. Bideari jarraituta, Bastero Txiki baserrian hartzen zuten aterpe iheslariek. Sagardotegi bat zen, ostatu-taberna moduan egiten zuten lan, eta jende askoren topalekua izaten zen; iheslariek han egiten zuten Errenteriara joan aurreko azken geldialdia, eta batzuetan gaua ere ematen zuten han. Eguna argitzean, Oiartzundik Errenteriara lanera joaten ziren beharginekin batera bizikletaz egiten zuten bidea iheslariek, langileen artean kamuflatuta. Maria Garaiar zen, batik bat, Comete sarearekin harremana zuena; haren senarrak, jakitun zen arren, nahiago zuen bazterrera gelditu. Garaiar eta Arbide 1943ko azaroan atxilotu zituzten, eta sei hilabetez Ondarretako kartzelan egon ziren preso. Epaiketa gabe askatu zituzten.
Biteri (Errenteria)
Maria Arbide. Biteri kalean, Errenterian, janari denda bat zuen Maria Arbidek —Pedro Arbideren arrebak—, eta han zuten hurrengo aterpetxea Frantziatik ihesean zetozen hegazkinlariek. Bizikletaz heltzen ziren Errenteriara, handik Donostiara eramango zituen trena hartzeko; eta Arbiderenean egiten zuten geldialdia aurretik. Bastero Txiki baserrian hartutako bizikletak Biteri kalean uzten zituzten, eta Maria Garaiar eta Pedro Arbideren seme-alabak joaten ziren haien bila, berriro ere bizikletak Oiartzunera eraman eta hurrena helduko ziren iheslariei uzteko.
Gros (Donostia)
Bernardo Arakama. Donostia zen iheslarien jomuga nagusia Euskal Herrian. Handik Gibraltarrerako bidea Erresuma Batuko enbaxadaren edo kontsuletxearen babesarekin egiten zutelako. Bernardo Arakama zen Donostian haien kontaktua. Arakama gudari ohia zen, Iparraldean egon zen errefuxiatua eta itzuli berria zen Hegoaldera. Garaje bat zuen Grosen. Iheslariak iristen zirenean, Arakamarena zen Bilboko kontsuletxera edo Madrilgo enbaxadara deitzeko ardura. Madrildik autoa bidaltzen zieten hegazkinlariei, eta behin autoan zeudenean immunitate diplomatikoa zuten Gibraltarreraino heltzeko. Guardia Zibilak 1943ko azaroan atxilotu zuen Arakama; Ondarretan eduki zuten preso, eta handik Bilbora eraman zuten, 1944ko ekain arte.
Loidi (Hernani)
Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Juan Manuel Larburu eta Martin Errazkin. Hernanin, Loidiko zubian, Hernaniko lau mugalariren omenezko oroitarria dago jarrita. Goikoetxea, Anabitarte, Larburu eta Errazkin dira lau mugalariak, baina haien artean bat nabarmendu zen: Florentino Goikoetxea. Hura izan zen, Comete sarearen sortzaile Dedee de Jongh-ekin eskuz esku, Euskal Herritik barrena ihes egiten zuten hegazkinlarien ihesaldia antolatzeaz arduratu zena. Erresistentziarentzat mezulari lanak ere egin zituen. Misio horietako batean, gerra ia amaitzear zela, balaz zauritu eta atxilotu egin zuten, 1944ko uztailaren 26an. Erresistentziak, ordea, Goikoetxea erreskatatu eta Baionan espetxeratzea galarazi zuen.
Leave a Reply