Azpeitiko Emakume Taldeak ekin zion feminismoaren aldeko lanari Azpeitian. 1970eko hamarkada amaiera zen. Izarraizpeko Sorginak mugimenduak hartu zion lekukoa hari, 1990eko hamarkadan. Eta, gaur egun, Bilgune Feministak jarraitzen du lanean, 2002tik. Ia berrogei urte pasatu dira, eta, aurrera jarraitzeko asmoz, begirada ibilbide osora zabaldu nahi dute. Horrela jaio da Azpeitiko Emakumeon Topaketak egitasmoa. Gaur arratsaldean hasi eta bihar gauera bitartean, emakume feminista azpeitiarren hiru belaunaldi elkartuko dira. Emakume Txokoa izango dute elkartzeko gune nagusia. “Orain ia berrogei urte berehala pentsatuko genukeen Emakume Txokoa bezalako toki propio bat izango genuenik Azpeitian. Ezta udalak Berdintasun teknikari bat izango zuenik ere, soilik gai horiek lantzeko”, azaldu du Mila Landak. “Biltzeko toki eske aritzen ginen gu, berriz”, gaineratu du Susana Garatek. Azpeitiko lehen mugimendu hartako kideetako bi dira Landa eta Garate.
Azpeitiko Bilgune Feministak deituta, gustura ari dira topaketak antolatzen gazteagoekin elkarlanean. Maite Segurola ere pozik da elkarlanarekin. Izarraizpeko Sorginak taldean ibilia da, eta, gaur egun, Bilgune Feministako kidea da. “Emagin dokumentazio zentrokoekin elkarlanean aritzean ohartu ginen 1970 eta 1980ko hamarkadetan talde feminista bat izan zela herrian, eta argi genuen denok elkartu eta horri buruz hitz egin behar genuela. Harremanetan jarri ginen, eta oso interesgarria izan da emaitza”.
Topaketetan gainbegiratu zabala egiteko asmoa dute: “Batetik, herriko mugimendu feministaren historiaren errepasoa egingo dugu ikus-entzunezko baten bitartez; herriko hainbat sektoretako emakumeek beren egunerokoaz hitz egingo digute; eta denon artean balorazio bat egingo dugu”, azaldu du Segurolak. Hala, aurrera begira zer lan egin zehazteko “argazki zabala” izango du Bilgune Feministak.
Donostian hasitako bidea
Azpeitiko Emakume Taldea sortzeko lehen hondar alea Donostiako batzar batean jarri zutela gogoratu du Landak. “Francoren diktadura amaitu berritan, herrian zerbait egin nahi genuen, eta bizpahiru joan ginen batzarrera. Handik elkartzen eta jendeari deitzen hasi ginen. Jende mordoa biltzen ginen hasiera hartan”. Lehentasun argiak zituzten orduko feministek: dibortzioa, abortua, antisorgailuak, tratu txarrak eta halako gaiak, hain zuzen. Ez zuten “beste munduko ezer eskatzen”, Garateren ustez.
Hala ere, aldarrikapenen eta ekintzen aurrean herritarrak oro har kontra izan zituztela azaldu dute. “Arazoek hor jarraitzen zuten arren, feminismoari etiketa txarra jarri zioten, eta horrek ere izan zuen eragina”, iritzi dio Garatek. “Hasiera batean ondo hartu gintuzten. Frankismoa amaituta, gizarteko sektore guztiak hasi ziren biltzen eta aldarrikapenak egiten, eta gu bat gehiago ginen”, azaldu du. Hasierako euforia haren ondotik, ordea, kritikak eta aurkariak iritsi ziren.
Tratu txarren aurka borrokatzen saiatu ziren lehen talde hartakoak, baina garai hartan “etxe barruko arazotzat” hartzen ziren, eta oztopo ugari izan zuten. “Guk argi genuen kalera atera beharreko kontua zela hori”. Ondo gogoan du Garatek kasu haietako bat: “Azkoitian hilketa bat egon zen, eta gizon hura hiltzailea zenik ere ezin zen esan. Jendeari ez zitzaion ondo iruditzen”. Landak arrazoia eman dio: “Kartelak jartzeko ere gaizki ibili ginen, jendea gaizki esaka aritzen zen”. Garaterentzat, kasua argi baino argiago zegoen: “Ez al zuen hil? Hortaz, zergatik ez deitu hiltzailea? Halako gertaera baten aurrean ere ezin baziren gauzak argi salatu, pentsa tratu txar soilen kasuan. Etxe barruan gelditzen ziren”.
Beste kasu bat ere gogoan du Landak: “Gizon ezkondu batek neska bat bortxatu zuen Azpeitian. Guk izena atera genuen, baina orduan ere jende askok ez zuen ondo ikusi, geure kuadrillakoengandik hasita beharbada”.
Alde horretatik, aurrerapauso handiak eman direla uste dute Landak eta Garatek. Belaunaldi berriek ez dute hain argi. Segurolarekin batera dabil Bilgune Feministan Ilazki Lili. Hura da lauretan gazteena. Amaia Azkueren hilketa gogoratu du, hiltzailetzat jotakoa gaztea eta azpeitiarra izateak sortu zituen jarrerak. “Guretzat gogorra izan da. Trikitilaria zela, ez dakit non ibiltzen zela… bere gauza on guztiak aipatu ziren. Gertatzen zena onartzea baino errazagoa egiten zitzaion jendeari gauzak ez ulertzea”.
Danborrada parekiderantz
Dena ez da zaila eta iluna izan, ordea. Mugimendu feministak garaipen gozoak ere izan ditu urteen poderioz. Azpeitiko sansebastianetan emakumeek ere danborradan danborra jotzen parte hartzea, esaterako. “Azpeitiko Udaleko udalbatzar batean egin genuen eskaera. Azkenean elkarte gastronomiko guztietakoekin bozketa egin zen, eta baiezkoa irten zen”, gogoratu du Landak. Hura izan zen lehen aldi hartan danborrarekin atera zenetariko bat, Arrantzaletan. Talde gehiegi zeudela argudiatuta, Gestorek hurrengo egunean parte hartu omen zuten danborradan, eta han ere emakumeak atera ziren gizonekin parez pare. Eta han ere parte hartu zuen Landak. “Gogoan dut jendea gaizki esaka aritu zitzaigula. Pasatzean esaten zuten: ‘Hemen ditun hauek; hauek zer joko dinate bada!’ Eta gu entseatzen arituak ginen, eta intentzio osoarekin jardun genuen. Handik urtebetera, eta hurrengo urteetan, berriz, denak amorratzen irteteko”.
Lilirentzat, urte askotako borroka izan da hori: “Ni Bilgune Feministan hasi nintzenean, artean talde guztietan ez ziren ateratzen emakumeak. Prozesu luzea izan da”.
“Orain urte batzuk astakeria zen pentsatzea herriko talde guztietan emakumeek danborra joz parte hartuko zutela. Gaur egun, berriz, talde bakoitzean bi bada ere atera egiten dira”, azaldu du Segurolak. “Asteburuko gogoeta hauek balioko dute orain 20 edo 30 urte hasitako bideari jarraitu eta pixkanaka gauzak lortzen direla ikusteko ere. Gaur egun emakumeak talde guztietan ateratzen dira. Beste gauza bat da parekideak diren ala ez, baina ikusgarritasunean behintzat sekulako aurrerapausoa egon da”. Ikastetxeetako hezkidetza proiektuak ere aipatu ditu Segurolak adibide gisara. “Urte asko daramatza proiektu horrek martxan. Bilguneak berak hasieratik esandako zerbait da: hemen parekidetasuna lortzeko txiki-txikitatik eta eskolatik hasi beharra dago”.
Kontuak kontu, emakumeen eskubideen aldeko lana beste urte askoan egin beharrekoa dela iritzi diote guztiek. “Jardun egin behar da hemen, ez dago besterik. Etxetik hasi, eta arlo guztietan”, diote Azpeitiko mugimendu feministan aitzindari izan diren biek. “Asko egin da, eta asko dago egiteko”, iritzi dio Landak. Militanteen inguruko aurreiritziak ere bizi-bizi daude oraindik kasu askotan. “Sukaldea oso gustuko dut, beti gustatu izan zait sukaldean aritzea, eta orain ez asko kontatu nizkion lagun bati egindako jaki baten ingurukoak. Harrituta begiratu zidan: ‘Mila, harrituta utzi nauzu. Ez nekien sukaldean bazenekienik!’. Feminista naizenez, ez nuela kozinatzen pentsatzen zuen”. Barrez hasi dira laurak.
Emakume Txokoan aritu dira hizketan, herriko emakume guztientzat irekita dagoen gunean. Topaketetan ere, denei egin nahi diete tokia. Bereziki, pentsiodun eta etorkinengan jarri dute arreta. “Ez dugu nahi Azpeitiko errealitatearen argazkia emakume gazte zuriena bakarrik izaterik”, nabarmendu du Segurolak.
Leave a Reply