Arrasateko Txatxilipurdi Haur eta Gazte Ekintzak elkarteak euskarazko aisialdi hezitzailea sustatzen dihardu, eta udazkenean sartzearekin batera, negura begira jarri dira bertako kideak. “Gabonetan izaten den jostailuen bonbardaketaren inguruan nola jokatu argitzeko hainbat aholku eman nahian”, JolasTK egitasmoa jarri dute martxan, herriz herri, haur, guraso eta hezitzaileentzako zenbait saio eskaintzeko asmoz.
Haur eta gazteengan jolas eta jostailuek duten garrantziaz “gero eta kontzientzia handiagoa” dagoen arren, gaiari oraindik ez zaio eskaintzen “merezi duen denbora eta balioa”, Txatxilipurdi elkartekoen hitzetan. Horregatik, Eguberrien aurreko hilabeteok “garai aproposa” direlakoan daude “ideiak emateko, jostailuen inguruan hitz egiteko eta euskaraz dagoen jostailu sorta ugaria ezagutarazteko”. Txatxilipurdiko kideek azaldu dutenez, jostailu horiek “hizkuntza ikasteko eta lantzeko ere oso lagungarriak baitira” eta, bide batez, “kontsumismoa era arduratsuan lantzeko ere balio baitute”.
Egitasmoak herrietan eskaintzeko hainbat zerbitzu biltzen ditu. “Arrasaten martxan jarri arren, Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu eskaintza”, azaldu du Ainara Kortabarria Txatxilipurdiko kideak. “Egitasmoak biltzen dituen saioak azaroan eta abenduan eskainiko ditugu, eta, ahal dela, eskaerak urrian lotzea komeni zaigu”, nabarmendu du Kortabarriak. Hainbat herritako saioak baieztatuak dituzte, eta norbere herrian halakorik antolatu nahi duenak Txatxilipurdi elkartera deitu edo idatzi behar du.
Hartzaileen araberako saioak
Hiru saio mota bildu dituzte JolasTK egitasmoaren barnean. Lehenari Probatu eta gozatu izena jarri diote, eta guraso hezitzaile zein haurrentzat da. Bi edo hiru orduko saioa izan daiteke, eta bertaratzen direnak hiru adin taldetako haurrentzako txokoetan banatuko dituzte. Bakoitzean, adin talde zehatz bateko haurrentzako jostailu “berrienak eta erakargarrienak” aurkeztuko dituzte, eta bertaratzen direnei probatzeko aukera emango diete, “jostailuekin goza dezaten eta guraso eta hezitzaileek ideiak har ditzaten”. Saioa hainbat eratara egiteko aukera dago. Hiru txokoak landu daitezke, edo, adin tarte bakarra interesatuz gero, txoko bakarra landu daiteke. Hiru txokoak bi orduz lantzeak 600 euroko kostua du, eta hiru orduz lantzeak, 700 eurokoa. Txoko bakarra bi orduz lantzekotan, 400 euro ordaindu behar dira, eta hiru orduz lantzekotan, 450 euro.
Bigarren eskaintza Jolastegia deiturikoa litzateke. Hezitzaile eta irakasleentzat da; hezkidetza, ingurumen nahiz kultura aniztasunaren arloetan sakontzeko balio du, eta “hezkuntzara bideraturik dago”, Kortabarriaren hitzetan. Saio horrek ordubeteko edo bi orduko iraupena izan dezake; motzenak 350 euro balio du, eta luzeenak, berriz, 400 euro. Amaitzeko, Laborategia jarduera eskainiko du Txatxilipurdik, haurrentzat kasu honetan. Saio horretan, euskal kantu eta jolasetan, munduko jolasetan, antzinakoetan, jolas birtualetan, birziklatutakoetan zein jolas erraldoietan gozatzeko aukera izango dute haurrek. Saio horrek bi orduko iraupena du, eta 450 euro kostatzen da.
Herriz herri eskainiko dituzten saio horiez gain, hitzaldiak, tailer praktikoak eta truke merkatuak ere antolatuko ditu Txatxilipurdi elkarteak JolasTK egitasmoaren barnean. Hitzaldiek ordu eta erdiko iraupena dute, eta 450 euro kostatzen dira; tailer praktikoak bi ordukoak dira, eta 450 euro balio dute; eta truke merkatuak egun batekoak nahiz bikoak izan daitezke, eta 600 eta 900 euroko kostua dute, hurrenez hurren.
Leave a Reply