Hobetzeko ekarpen bila

Autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua abiatu du foru aldundiak. Lau multzotan banatu dituzte prozesuan parte hartuko duten herriak: Goierrialdea, Urola Kosta-Debabarrena, Debagoiena eta Buruntzaldea-Tolosaldea. Guztira, 56 herritako biztanleak daude parte hartzera deituta. 2013-2014 urteetan eskualde horietako autobus zerbitzuen kontzesioak berritu behar ditu aldundiak, eta hori egin aurretik, zerbitzuak hobetzeko herritarren eskakizunak bildu nahi ditu, ondoren lehiaketara aterako den proiektuan txertatzeko.

2011n berritu zituen aldundiak Oarsoaldeko Ekialdebusen kontzesioak, hamar urterako, eta ateratzear da Tolosaldekoa ere. Beraz, falta diren herrietako biztanleekin egingo dute parte hartze prozesua: “Kontzesioak berritzeko betebehar legala daukagu, eta momentua aprobetxatu dugu herritarrekin hitz egiteko”, azaldu du Unai Erroitzeneak, aldundiko Mugikortasun diputatuak.

Proiektua martxan da jada, orotara izango dituen lau faseetatik lehenengoan. Azaroa bitartean, herritarrek zein hainbat eragilek euren iritzia emateko aukera izango dute: “Herritarrek autobus zerbitzuekiko dituzten beharrak lehenengo eskutik ezagutzeko modua da”. Eskariak eta iradokizunak jasotzeko hiru bide prestatu ditu aldundiak: bilera irekiak, autobus egunak eta horretarako propio prestatutako webgunea (http://www.garraioahobetzen.net).

56 herri horietan gutxienez bilera bat egingo dute, eta herri handienen kasuan, bi egingo dituzte. Izatez, hasi dira bileren txandak: lehena hilaren 9an egin zuten, Usurbilen, eta azkena azaroaren erdialdean izango da. Tokian tokiko autobus zerbitzuen berezitasunak tratatuko dituzte bileretan. “Proiektua definituko duten elementu garrantzitsuenak, azkenean, herrietako autobus lineak, horien geltokiak, maiztasunak eta ibilbideak izango dira”. Bileretara edonor joan daiteke, baina garraio publikoaren ohiko erabiltzaileengana iristeaz gain, erabiltzaile izan daitezkeenengana ere iristea dute helburu. “Kolektibo bereziengana hurbiltzeko ahalegin berezia egingo dugu: gazteak, etorkinak, ezinduak, erretiratuak…”, azaldu du Erroitzeneak.

Diptiko batzuk ere banatuko dituzte, herritarrek horiek bete eta autobusean bertan edo udalen egoitzetan jarriko diren postontzietan uzteko. Autobus egunak izango dira jendearen iritziak eta ekarpenak jasotzeko beste bide bat: “Erabiltzaileak autobusetan dauden momentu horiek aprobetxatuko ditugu beraien ekarpenak jasotzeko: geltokietan eta autobusetan aldundiaren teknikariak izango dira, herri eta egun jakinetan”. Interneten ere martxan da autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesua: Twitter eta Facebook sare sozialen bidez, eta horretarako propio sortutako webgunearen bidez. Azken horretan, proiektuari buruzko informazioaz gain —bileren egutegia, prozesu osoaren azalpena…—, bertatik parte hartzeko atala prestatu du aldundiak: izena ematea nahikoa da galdetegia betetzeko. Partaideen artean Mugi/Lurraldebus txartelak kargatzeko hogei euroko bonuak zozkatuko dituzte, jendearen parte hartzea saritzeko. Azaroaren 15ean amaituko da lehenengo fasean parte hartzeko epea.

Bitartekoak jartzea

Abendutik otsailera osatuko da proiektuaren bigarren fasea. Aldi horretan herritarrengandik jasotako ekarpenen idazketa teknikoa eta aurreproiektua egingo dute autobus zerbitzua hobetzeko prozesuan parte hartu duten teknikariek. “Kontzesio bakoitzerako aurreproiektuak egiten dira, eta horietan autobusen maiztasunak, geltokiak, ibilbideak eta beste zehazten dira. Beraz, herritarren ekarpenak garrantzitsuak dira horiek egiteko orduan”, dio Erroitzeneak.

Hirugarren fasean, herritarren parte hartzearen bigarren itzulia egingo dute. 2014ko martxoa eta apirila bitartean izango da hori. Talde teknikoak osatutako aurreproiektua aurkeztuko zaie herritarrei: zerbait erantsi nahiko balute, horretarako aukera izango lukete. “Aurreko ekarpenek zer isla izan duten azalduko diegu, eta momentua aprobetxatuz beste ekarpenen bat egin nahi badute, horretarako aukera izango dute, eta abar”. Hurrengo urratsa behin betiko proiektua idaztea litzateke, eta, behin onartuta, lizitaziora aterako dute, ekain aldera. 2014a bukatu baino lehen martxan egongo dira autobus zerbitzu berrituak.

Prozesua hasi besterik ez da egin, baina orain arte egindakoarekin gustura agertu da Erroitzenea: “Orain arte hiru herritan egin dira bilerak, eta Usurbilgoan, adibidez, nahiko ongi joan zela esan zidaten: 50 eta 60 pertsona artean izango ziren”. Datozen egunotan jarriko dira “buru-belarri” prozesuarekin: bilerak ia egunero egingo dituzte. Eskakizunei dagokienez, herri handienetan baino, —”oro har, zerbitzu onak izaten dituzte”—, herri txikienetan aurreikusten ditu Erroitzeneak eskari gehienak: “Zerbitzu gehiago jartzeko eskaria egon daiteke; beste batzuetan geltoki berriak jartzekoa… Herririk txikienetan eskaripeko garraio zerbitzuak —taxibus zerbitzuak— jartzeko eskariak egon daitezke… Batez ere, maiztasunari eta geltokiei dagozkienak izango direla uste dut”. Horiez gain, beste eskari batzuk eskualdeen arteko loturak, gaueko zerbitzuak eta hiriburuarekiko loturak hobetzea eskatuz izan daitezkeela aurreikusi du.

Prozesu guztiaren helburua erabilerak gora egitea da: “Badakigu zaila izango dela. Azkenean, horrek esfortzu eta inbertsio handia eskatzen du. Egungo egoerak ere ez du laguntzen, mugikortasuna jaitsi egin baita”. Erabiltzaileak irabaztea ez da erraza, baina ez galtzea “ez da gutxi”.

“Mugikortasun iraunkorra” bultzatu nahi bada, eta auto partikularrari “lekua kendu”, bitartekoak herritarren eskura jartzea beharrezkoa da Erroitzenearen iritziz: “Bizikletaren erabilpena bultzatzea izan daiteke bide bat, eta bestea garraio publikoa. Baliabide fosilak ahalik eta gutxien kontsumitzea da helburua: ingurumenak eta etorkizunak eskertuko dutela uste dut”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.