Azpeitia
Zortzigarren aldiz ospatuko dute bihar Ardo Dastatze Eguna Azpeitian. Aurten, gainera, ardo tragoa mokaduz lagunduta hartzeko aukera ere izango dute hara biltzen direnek, lehen aldiz egingo baitute Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa.
Espainiako upategietako ardoa dastatzeko aukera izaten da Azpeitiko Ardo Dastatze Egunean, eta euren produktua ezagutarazteko baliatzen dute upategietako ordezkariek ere. Ardoa zerbitzatzeko postuen bueltan plazan egin ohi den festak aurten izango duen berrikuntza nagusia, berriz, harakinen lehiaketa izango; iragan astearterako izena eman duten horien artekoa. Gipuzkoako Txorizo Lehiaketa izenez bataiatu badute ere, Azpeitiko Udalak plazaratutako lehiaketaren oinarrien arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, harakin izateko lizentzia fiskala duen edonork parte har dezake.
Txorizoak, aurrez egin eta bihar goizean aurkeztu beharko dituzte harakinek; herriko plazan egongo den lehiaketaren antolakuntza postuan, gutxienez, bi kilo entregatu beahrko dituzte. Eguerdian, epaimahaia osatuko duten sukaldaritza arloko kideek begiratu bat botako diete, txorizoen freskotasuna eta itxura baloratzeko. Gero, guztiak egosi egingo dituzte antolatzaileek; behin dastatuta, egosi osteko zaporea baloratu ahal izango dute epaileek.
Punturik gehien jaso- tzen duen txorizoaren egilea izango da irabazlea, eta lehen saria ezin izango da hutsik geratu. Hori dela eta, irabazleak garaikur ziurtagiria eta diploma eramango ditu etxera. Ondorengo lau postuetan sailkatutakoek, berriz, diploma bana jasoko dute.
LEHIAREN XEHETASUNAK
Hasiera. 12:00etan, Plaza Nagusian.
Sari ematea. 13:00etan.
Epaimahaia. Sukaldaritza arloko adituek osatuko dute.
Irizpideak. Txorizoen freskotasuna, itxura eta egosi osteko zaporea baloratuko dituzte epaileek.
Sariak. Lehen postuan geratzen denari, garaikur ziurtagiria eta diploma emango dizkiote; eta bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren geratzen direnei, berriz, diploma.
Leave a Reply