Jabetze Eskoletan parte har daiteke oraindik

“Orokorrean pozik gaude programak izan duen harrerarekin”. Halaxe adierazi du Arrasateko Emakume Txokoko Amets Beltran de Guevara dinamizatzaileak. Urtean “gutxienez” bi sasoitan antolatzen dituzte Jabetze Eskolak, eta urte amaierarakoa hasia dute jada. Urritik abendura arte iraungo du eskaintzak, eta hainbat ikastarotan parte hartu ahal izango dute Arrasateko emakumeek. Eskaintza zabala den arren, gutxienez zortzi pertsonak eman behar zuten izena ikastaro bakoitza abiatu ahal izateko, eta denek ez dute harrera bera izan.

Mikromatxismoak bistaratzen, Feminismoak ezagutzen eta Zapalduen antzerkia ikastaroetan taldeak osatzeko adina jendek eman du izena, eta horiek aurrera doaz”, azaldu du Beltran de Guevarak. Zortzi eta hamabost pertsona arteko taldeak osatu dituzte tailer horietan. Dena dela, azken bi ikastaroetan oraindik izena eman daitekeela nabarmendu du Emakume Txokoko dinamizatzaileak.

Ikastaro estrategikoak

Ikastaro batzuk besteak baino bereziagoak dira antolatzaileentzat. Hala, mikromatxismoen ingurukoa aipatu dute. Baina ez hura bakarrik. “Autodefentsa feminista ikastaroa estrategikoa da guretzat. Urtero antolatzen dugu gaia lantzeko tailer bat”. Musulmanek bizitzan behin behintzat Mekara joateko duten betebeharraren parekoa dela uste du dinamitzaileak autodefentsa ikastaro horretan parte hartzea.

Bestetik, Emakume Txokoak kalitateari “garrantzi berezia” ematen diola azaldu du, Jabetze Eskolen edukiari dagokionez. “Erabiltzaileek egiten dituzten proposamenak aztertzen ditugu. Badakigu jendearen aisiak urrea balio duela eta ezin dutela sentitu denbora galtzen ari direnik. Horregatik, oso zorrotzak gara ikastaroen edukiekin eta horiek dinamizatzen dituztenekin. Betiere, kalitateari dagokionez”, zehaztu du Beltran de Guevarak.

“Jende gazte berria” animatu da ikastaroetan parte hartzera, eta hori positiboa da Emakume Txokoko arduradunentzat. Beharbada, horregatik ez zuen inork eskatuko haurtzaindegi zerbitzurik. Izan ere, badago aukera hori. “Beti eskaini da zerbitzua. Zaintza lanak hein handi batean emakumezkoen gain gelditzen dira, eta zerbitzu hau eskaintzeko betebeharra dugula uste dugu”.

Pixkanaka, ibilbidea egiten ari dira Jabetze Eskolak. Tresna berriak dira, ordea. Gipuzkoako Jabetze Eskola, esaterako, orain zazpi urte sortu zen, Beltran de Guevarak gogoratu duenez. “Sare baten barruan sortu zen, hainbat herritako Emakume Txokoekin batera. Guk balorazio positiboa egiten dugu”, esan du.

“Jabetze prozesuak ez dira egun batetik bestera gauzatzen. Inork ezin du beste inor jabetu. Prozesua pertsonala da, nork berea egin behar du, nahiz eta taldeko lanak prozesua indartu eta bultzatu dezakeen”. Dinamizatzaileak argi du Jabetze Eskolak “feminismoaren zabalkundean egiten ari diren pedagogiak eta zabalkunde lanak” bere fruitua emango dutela. “Jende askok esaten digu bizitza aldatu diola Emakume Txokoak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.