Gipuzkoa menpekoa eta pobrea da energiari dagokionez

“Gipuzkoak energia mendekotasun handia du, kontsumitzen dugun energiaren %94 kanpoan sortutakoa baita”. Hala azaldu du Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak iragan astean Donostiako Koldo Mitxelena kultur gunean egindako III. Energia Jardunaldietan. Haren hitzetan, energia eredu hori urrun dago iraunkortasun irizpideetatik: “Tokian tokiko sorkuntza bultzatu, eta energia berriztagarrien alde egin beharko genuke. Gai horretan sakondu nahi dugu, eta, era berean, aukerak jarri nahi ditugu mahai gainean”. Helburu horrekin antolatu zituzten, beraz, Mendekoa izaten jarraitu nahi duzu? izenburupean aurtengo energia jardunaldiak.

Gipuzkoarrei galdezka ondorioztatu du aldundiak lurraldea energia aldetik pobrea dela. Urriaren 22an, Koldo Mitxelenan aurkeztu zuen Raquel Sanzek SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak egindako azterketa, Pobrezia energetikoa Gipuzkoan-2013 txostena, alegia. Sanzen arabera, “pobrezia orokorra bezalaxe, energetikoa ere zenbakitzeko zaila da”, eta hiru helbururekin egin dute ikerketa: “Pobrezia energetikoaren kontzeptuari berari presentzia ematea Gipuzkoan; pobrezia energetikoak bertan dituen ezaugarriak ezagutuz zein gunetan eragiten duen gehien jakitea; eta nazioartean pobrezia energetikoari aurre egiteko hartutako neurriak ezagutzea”. Ondorio nagusien artean, bi nabarmendu dituzte: batetik, Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %94 kanpoan sortutakoa dela eta, beraz, %94ko energia mendekotasuna duela. Bestetik, energia berriztagarrien presentzia oso txikia dela, %6koa zehazki.

Hilabete hotzenetan etxean tenperatura egokia —OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, egongelan 21 gradu eta etxeko gainerako geletan 18 gradu— mantentzeko dituzten zailtasunez; energiara dirua bideratzeko urtean fakturazio gasturik baduten edo ez, eta etxebizitzen azpiegitura arazoez galdetu diete gipuzkoarrei. Erantzunak kontuan hartuta, Gipuzkoako etxebizitzen %7,4k arazoak dituzte hilabete hotzenetan tenperatura egokia bermatzeko gastuei aurre egiteko, gutxi gorabehera 44.000 lagunek; energia fakturen atzerapenak etxebizitzen %4,1etan dituzte, 32.000 lagun inguruk, alegia; eta azpiegitura arazoak dituzten etxebizitzak %9,2 dira, ia 65.000 lagun. Hiru arazoak dituztenak, berriz, 1.600 herritar inguru dira.

Neurri erabakigarriak

“Ez gaude Europako egoerarik okerrenean”, Iraolaren arabera: “Egoera onean gaude, baina erlatiboki. Izan ere, testuinguru honetan har daitezkeen erabaki politikoek, menpekotasunaren gorakada edo beherakada eragin dezakete, eta ikuspegi estrategikoarekin jokatu behar dugu. Sei urtean kontsumoa mantenduta fakturazioa bikoiztu egin baita, eta, hala jarraituta, arazoa areagotuko da”. Etxe bateko diru sarreren %10 edo gehiago energia gastuetarako erabiltzea da energia pobreziaren zantzua. Gipuzkoan, “etxebizitzen erdiek diru sarreren %2 eta %5 artean erabiltzen dute energia gastuetarako”. Baina etxebizitzen %9,5 dira %10 edo gehiago bideratzen dutenak. Beraz, gipuzkoar asko dira pobreak energiari dagokionez, Iraolak azaldu duenez: “Etxebizitza horietan herritarrak bizi dira; beraz, esan daiteke 50.000 gipuzkoar daudela energia pobrezian, eta hori kontuan hartzeko moduko datua da”.

Energia pobreziaren eragina gehien jasaten duten etxebizitza motak ere nabarmendu ditu Iraolak III. Energia Jardunaldietan: “Diru sarrera gabekoak, familia guraso bakarrekoak, Euskal Herritik kanpo jaio eta Gipuzkoan bizi direnak, alokairuan daudenak, lagun bakarrekoak, gas naturalik gabekoak, 70 metro karratuz azpikoak, 65 urteko edo gehiagoko nagusiren bat dutenak…”. Gainera, energiara bideratu beharreko diru sarreren zatia horren handia izateak bestelako ondorioak ere izan ditu gipuzkoarrengan: “%8,5ek, esaterako, janaria erosteko orduan murrizketak egin dituzte, eta %20k, arropa erosteko. Gainera, egunerokotasunean arazoak ez dituzten herritarrek ere zaintzen dituzte euren gastuak; joera hori zabaltzen ari da”. Nabarmentzekoa da, hain justu, energia pobrezia jasaten duten etxebizitzen %80k ez dutela pobrezia larririk, eta, jardunaldietan azaldu dutenez, “ia jakin gabe pobre energetikoa izan daiteke edonor”.

Egoera hori eragiten duten hiru faktore nagusi nabarmendu ditu Sanzek: “Diru sarrera baxuak, eraikinen energia eraginkortasun baxua eta energiaren prezio altua”. Haren hitzetan, gaur egun, “elektrizitatea eta gasa oinarrizko beharrak dira, eta horiei diru gutxirekin aurre egin beharrak eragiten du pobrezia energetikoa Gipuzkoan”. Etxebizitzetako gastu orokorren mailak azken urteetan behera egin badu ere, energiara bideratutako dirua areagotu egin da, %49 zehazki.

Energia plana urte amaieran

Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketarako diputatuak ere parte hartu du jardunaldietan, eta nabarmendu du aldundiko zenbait sailek abian dituztela energia pobreziari aurre egiteko herritarrei eman beharreko laguntzak: “Pobrezia egoera larrietan daudenei, errenta laguntza zuzena ematen die gizarte politiketako sailak, kalitate termiko nahikoa bermatu ahal izateko. Kontua da krisiaren kolpeek geroz eta familia gehiagorengan dutela eragina, eta gizarte politiketatik bideratzen den errenta laguntzan ere gastu gehiago egiten ari garela”. Ondorioz, menpekotasun energetikoa jaisteko ere lan egin beharra dutela azaldu du: “Pobrezia energetikoan dauden familiek ahalmen gehiago izan dezaten, hau da, gutxiago gastatuta kalitate termiko bera lor dezaten”.

Horretarako, 2012-2015 energia plana egin dute hainbat neurri planteatuz, eta datozen bi urteetan “horiek martxan jartzen” ahaleginduko dira: “Energia eraginkortasuna handitu behar dugu, eta energia berriztagarrien apustuan sakondu”. Foru aldundiak urtea bukatu baino lehen aurkeztuko du energia plana, “Gipuzkoa energia iraunkortasunerantz eramateko asmoz”. Aurrez, hainbat sektoretako eragileei aurkezteko asmoa dute, Iraolak azaldu duenez: “Ez dugu plan itxi bat nahi, energia kooperatibetako jendeari, ingurumen arloetakoei aurkeztu eta ekarpenak jasotzea baizik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.