Gipuzkoako ikastetxeak kerik gabeko gune bihurtzeko programa, martxan

Gipuzkoako ikastetxeak kerik gabeko gune bihurtu nahi ditu Agipad elkarteak, Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkarteak, eta, horretarako, Kerik gabeko gelak programa jarriko du martxan urtea amaitu aurretik. Gipuzkoan berria bada ere, Araban eta Bizkaian bi urte bete ditu jada programak: Tabako kerik gabeko Euskadi proiektuaren barruan kokatzen da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Menpekotasunen Zuzendaritzak sustatzen du. Iaz Donostiako, Pasaiako, Lezoko eta Errenteriako zortzi ikastetxetan egindako programa aitzindariaren balorazio baikorra egin ostean, Gipuzkoa osoko DBHko lehen zikloko geletara eramango dute kanpaina orain.

Gazte gipuzkoarrak 13 urterekin hasi ohi dira tabakoa kontsumitzen, batez beste. Horregatik erabaki dute, hain zuzen, kanpaina DBHko lehen zikloan egitea, Amaia Barcenilla Agipad elkarteko teknikariak azaldu duenez: “Tabakoak menpekotasun handia sortzen du, eta droga guztiekin bezala, zenbat eta lehenago hasi kontsumitzen, orduan eta aukera handiagoa dago menpekotasuna sortzeko. Horregatik, garrantzitsua da ahalik eta azkarren esku hartzea”.

Drogomenpekotasunen Deustuko Institutuak egindako azken ikerketaren arabera, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako 12 eta 18 urte arteko lau gaztetik batek kontsumitzen du tabakoa. Ikerketaren arabera, neskek mutilek baino gehiago kontsumitzen dute, eta aldea nabarmena da 15 eta 16 urteko gazteen artean. Azken kasu horretan, nesken %34,7 dira erretzaileak, eta mutilen %26,3.

Gizartean zabalduta dagoen ustea ez dela errealitatearekin bat etortzen esan du Agipadeko teknikariak: “Orokorrean zabalduta dago gizartean geroz eta lehenago eta geroz eta gehiago kontsumitzen dela. Ez da horrela, azken urteetan kontsumoa jaitsi egin delako tabakoari dagokionez. 1996. urtean, %37 ziren erretzaileak; 2006. urtean, %28; eta 2011. urtean, %25,6”.

Tabako kontsumoaren jaitsieraren atzean askotariko arrazoiak daudela zehaztu du Barcenillak, baina Tabakoaren Legeak “eragin handia” izan duela esan du. “Tabakoaren Legeak kontsumorako lekuak mugatu ditu, eta prezioa igo egin du. Horren ondorioz, jende askok erabaki du erretzeari uztea. Helduen kasuan hala izan da, eta gure nerabeek ikusten dute hori: gizartearen isla dira”.

Emakume gazte zein helduen artean erretzaile gehiago egotearen arrazoia, berriz, “berdintasunaren bilaketan” kokatu du Barcenillak: “Garai batean gizonek bakarrik erretzen zuten, eta berdintasuna bilatu nahian, emakume asko hasi zen erretzen. Gaur egun gainera oso lotuta jarraitzen du irudiarekin. Tabakoaren gaineko mito asko dago: erretzeak argaltzen duela gosea kentzen duelako, uzteak loditzen duela… Dotoreziarekin ere lotu izan da, eta gaur egun, neurri batean, askok jarraitzen du pentsatzen erretzen duen emakumea dotorea dela”. Mutilen kasuan, erretzearen atzean “heldutasun itxura lortzea” eta “transgresio nahia” daudela baieztatu du.

Kerik gabeko gelak programaren ardura tutoreek izango dute. Agipadeko teknikariek formazio saioa egingo dute proiektuarekin bat egin nahi duten ikastetxeetan, eta ondoren ikastetxe bakoitzak erabakiko du zein epetan burutuko duen. Programan parte hartzeak gela osoa inplikatzen duela esan du elkarteko kideak. Horrela, ikasturteko denboraldi jakin batean ikasgelako kide guztiek ez erretzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Jarrera kritikoa landu

Zenbait jarduera hezitzaile landuko dituzte gelan, eta horietako bat jarrera kritikoa garatzea izango da: “Tabako industriaren interesei erantzuten dieten estrategia komertzialen aurrean jarrera kritikoa hartzeko eskatuko diegu programan parte hartzen duten ikasleei”. Iragarkiak aukeratu eta taldean aztertuko dituzte horretarako: “Zein irudi azaltzen diren, zer saldu nahi duten eta errealitatearekin bat datozen edo ez. Askotan lagunartea azaltzen da erretzen, oporretan, leku lasaietan… Hori da tabakoarekin saldu nahi digutena: une onak pasatzeko eta erlaxatzeko balio duela”. Barcenillak, ordea, galdera bat planteatu du: “Erretzen dugunean horrela sentitzen gara benetan? Gogoeta hori eragitea da asmoa: behar-beharrezkoa da”.

Prebentzioa lantzeko garaian, irakasleenarekin batera, gurasoen inplikazioa ere “ezinbestekoa” da, Barcenillaren iritziz: “Azken batean, gure adibidearekin hezten ditugu seme-alabak; horrenbestez, guk egiten dugunak garrantzi izugarria du. Ikerketek azaltzen dutenez, guraso erretzaileen seme-alabek erretzaile izateko aukera gehiago dituzte”.

Horren harira, erretzaileak izanda ere eragiterik badagoela gaineratu du: “Garrantzitsuena etxean jarrera osasuntsuak izatea da. Gurasoak erretzaileak diren kasuetan, baina, seme-alabek ikusten badute tabakoa uzten behin baino gehiagotan saiatu direla eta ez dutela lortu, gaizki pasatzen dutela, menpekotasuna dutela… Eragin positiboa izan dezake gazteengan”.

Kerik gabeko gelak programaran izena emateko epea azaroaren amaieran zabalduko du Agipad elkarteak, eta lanketarekin urtea amaitu aurretik hasiko direla aurreikusi dute. Programa amaitzeko, berriz, logo lehiaketa antolatu dute, “mezu prebentiboa lantzeko”. Tabakoa kontsumitzea txarra dela azaltzea baino gehiago, ez kontsumitzeak dituen onurak nabarmentzeko eskatuko diete ikasleei lehiaketaren bidez. Datorren urteko Aste Santuko oporrak baino lehen aurkeztu beharko du ikastetxe bakoitzak bere logoa; maiatz aldera, irabazleak aukeratu eta sari banaketa egingo du Agipadek.

Agipad elkartearekin harremanetan jarri nahi duten ikastetxe eta norbanakoek prevencion@agipad.org helbidera mezu bat bidali edo 943-47 38 64 telefono zenbakira deitu dezakete.

Leave a Reply

Your email address will not be published.