Lehengo batean, gizon batek kolesterol altua zuela esan zidan. Harrituta geratu nintzen. Izan ere, gaur egungo merkatuan, farmazietakoez aparte, kolesterolaren aurkako mila eta bat produktu ditugu. Benetan pertsona utzia izan behar du gauden garaietan kolesterola altua edukitzeko.
Oso arraroa da supermerkatura joan eta zerbaitentzat onuragarria ez den produktu bat ikustea. Guztiek daukate zerbait ona. Batzuek kolesterola jaisten dute (funtziona!), besteek argaltzen laguntzen dute, eta badira sistema immunea aktibatzeko balio dutenak ere!
Eta ez pentsa onura horiek guztiak pilula moduan saltzen direnik. Baita zera ere! Onura horiek egunero kontsumitzen ditugun elikagaietan daude barneratuak: esnea, jogurtak, entsaladak…
Hori horrela badoa, hemendik urte batzuetara supermerkatura sartzen garenean, ea zein gaixotasun dugun galdetuko digute, diagnostiko bat egin, eta, horren arabera, igarobide batera edo bestera eramango gaituzte.
Eta nola bihurtzen da bezperan behi baten tititik jetzi berri den esne arrunta kolesterolaren aurkako esne? Marrazki txiki batekin. Asteriskoa izena du. Izar formakoa da, eta, broma dirudien arren, medikuaren analisietan zerbait gaizki dagoenean agertzen den izartxoaren berdina da. To mezu subliminala!
Janari miragarri hauek eragiten duten miraria oso erraz ikusteko moduan ipintzen dute etiketan, eta, alboan, asterisko ikustezin txiki bat. Asterisko horri inork ez diogu begiratzen. Kolesterola altua dugunean… kolesterola jaisten duela adierazten duen esaldiari begiratzen diogu, alferrik irakurtzea ez zaigu-eta gustatzen!
Asterisko txiki horrek, ordea, bere senide bikia dauka paketearen atzealdean. Biki horrek, alboan, letra mikroskopikozko esaldi luze eta aspergarri bat eramaten du. Eta hortxe dago tranpa. Esaldi ñimiño horretan, araudi bat aipatzen da: Europar Batasuneko 42/2012.
Araudi horren arabera, elikagai batek (jogurtak, esneak, entsaladak…) substantzia baten gutxieneko kantitate bat eramaten badu bere konposizioan, onura batzuk dituela ipini ahal zaio etiketan.Adibidez. Bada jogurt bat ziur zuetako %99,9k frogatu duzuena. Jogurta baino urtsuagoa da, edatekoa, eta oso poto eramangarri eta moñoño batean dago. Kanpoko etiketan, bakteria xelebre bat duela esaten du. Xelebrea, baina oso ona: gure defentsa sistema babesten laguntzen duen bakterio bat omen da. Telebistan, txuri-txuri eta hotza pasatzen ari den ume koittaduari ematen diote, eta umetxoa, Jesukristo piztu zenean bezala, argi batek estaltzen du, eta irribarrez jolastera joaten da. Zein amak esango dio ba ezetz horrelako onuragarria den produktuari? Jesukristok hirugarren egunean poto miragarri horretako likidoa edan ote zuen?
Zer tranpatxo dago horren atzean? Jogurt horren onura barnean daraman bakterio miragarriena delakoan bazaudete… ez da egia. Jogurt horren asteriskoa eta letra ñimiñoa irakurtzen baduzue, ondoko esaldi honekin topatuko zarete: “B6 bitaminak. Sistema immunearen funtzionamentu egokian laguntzen du. Betiere, dieta orekatu baten barruan eta bizimodu osasungarri bat eramanez”. Zer esan nahi du horrek? Jogurt miragarri horren miragarritasuna ez dagoela bakteria famatu horretan, B6 bitaminan baizik. Lehen aipaturiko Europar Batasuneko 42/2012 araudian, produktu batek egunero gomendatzen den B6 bitaminaren %15 baino gehiago eskaintzen badu, bere etiketan “sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria” dela ipini ahal du. Beraz, egin dezagun jogurt goxo bat, bakteria miragarri bat duela esanez, baina B6 bitaminez lepo dagoena. Modu horretara, bere etiketan, “sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria” dela ipini ahal zaio etiketan; hotzak dauden umeei katarroak eta bestelako gaixotasunak harrapatzea saihestuko diela esango dugu telebistako iragarki batean, eta guztia, egunero gomendatzen den B6 bitaminaren %15 baino gehiago eskaintzen duelako.
Kuriositate moduan: badaude egunero merkatu arruntean B6 bitamina %15 baino gehiago eskaintzen duten elikagai naturalak. Jakinda potetxo miragarri horretan 100 ml produktu dagoela, bertan 0,20 mg B6 bitamina dago. Jakin dezazuela platano eder batek, besteak beste, 0,60 mg B6 bitamina eskaintzen duela, potetxo miragarri horrek baino hiru aldiz gehiago eta hamar aldiz merkeago!
Gauzak horrela, platanoak ekoizten dituztenek, nahi izatekotan, eta araudi guztiak legalki beteta, platanoei ere etiketa hau ipini diezaieke: “Sistema immunearen funtzionamentu normalerako onuragarria”.
Beraz, utzi potetxo miragarriak (funtziona!) eta jan platanoak, gibela, oloa, oilaskoa… B6 bitaminez lepo daude eta! Argi ibili produktu miragarriekin! Mirariak hil bukaeran sosik ez eta umeei jaten eman ahal dieten gurasoek egiten dituzte eta!
Horrelako datu interesgarriak Scientiablog.com atarian aurkituko dituzue; eman begiradatxo bat, elikagaiei buruzko mito asko kenduko dizkizu gainetik eta.
Leave a Reply