Etxekoak izan dira Arkeologiaz blai jardunaldiez gozatzen lehenak Irungo Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan, Gordailuan. Haur eta gaztetxoentzat tailerrak eskaintzen hasi dira bertan, eta Irungo Belaskoenea ikastetxeko 11 eta 12 urteko gaztetxoek estreinatu dute egitasmoa, aste honetan. “Oso gustura ibili dira ikasleak. Esperientzia interesgarria iruditu zaigu, oso pozik gaude, eta errepikatzeko asmoa dugu”. Hala adierazi du Zuriñe Irazoki irakasleak. Hain zuzen ere, ikastetxe horretako ikasle gehiago joatekoak dira jardunaldietara datozen asteetan. Egitasmoa ez da Irunen bakarrik egingo, ordea; Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat ikastetxetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ere parte hartuko dute.
Jardunaldi horien helburua “lan arkeologikoaren ezaugarriak zabaltzea eta indusketetan jasotzen diren bildumak nola aztertzen diren erakustea da”, Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez. Aranzadi Zientzia Elkartea eta Arkeolan Fundazioa ari dira tailerrak ematen, eta, Belaskoenea ikastetxekoen ustetan, egoki hasi dira. “Gordailua zer den azaldu ziguten aurrena, zertarako balio duen, eta zer pieza gordetzen dituzten ikusi ahal izan genuen. Gero, tailerrak egin zituzten, eta han pasatu zuten hoberen ikasleek”.
Ikasleak hogei laguneko bi taldetan banatu, eta bi tailerretan parte hartu zuten, txandaka. “Tailerretako batean erreplika pila bat manipulatzeko aukera izan zuten, eta oso erakargarria egin zitzaien gure ikasleei”, azaldu du Irazokik.
Tailerrak doakoak izango dira, eta, oraingoz, Oiartzualdeko, Bidasoko eta Donostia aldeko ikastetxeei eskaini zaie jardunaldietan parte hartzeko aukera.
Haurrei pentsarazten
Jardunaldien helburuak zein diren argi du tailerrak gidatzen dituen Manu Zeberio arkeologoak: laborategiko lana nolakoa den ezagutaraztea, materiala nola ikertzen den azaltzea eta garai bakoitzean zer material mota aurkitzen den irakastea. “Inportantea da umeek ondo pasatzea tailerretan, baina helburua umeek hemen egiten den lanari buruz zerbait ikastea da”, azaldu du.
Arkeolan Fundaziok ere azaldu du zein den jardunaldien helburua: “Indusketa arkeologikoa bukatu ondoko lanak jarraitzen duen prozesua azaltzea ere bada tailerren asmoa”.
Helburu horiek lortzeko, bi tailer egingo dituzte haur guztiek: arkeologia historiako tailerra eta historiaurre tailerra. Arkeolaneko Pia Alkain arkeologoak gidatuko du lehenengoa, eta Aranzadiko Zeberio arkeologoak bigarrena.
Batetik, aurkitutako objektuak nola tratatzen diren azalduko dute: zeramika, suharria, beira, hezurra eta metala bezalako materialak bereizten erakutsiko dute. Bestetik, horietako bakoitzak atzean duen lana ikusaraziko dute. Hala, Alkainen tailerrean zeramika lantzeko aukera izango dute gaztetxoek, besteak beste. “Aztarnategi bat hartuko dugu adibide bezala, eta horren inguruan egingo dugu tailerra. Marrazteko, materialari etiketak jartzeko eta hainbat erreplika ikusteko aukera dute ikasleek”, azaldu du Alkainek. Irungo Bidasoa kaleko aztarnategia hartuko dute ardatz tailer horretan.
Zeberiorenean, berriz, arbasoek tresnak nola egiten zituzten ezagutuko dute. “Paleolito garaiko tresnak ikusiko ditugu tailerrean: harria, hezurra…”. Horrez gain, ikasleei pentsarazi ere egingo diete tailerretan: “Tresnak ikusteaz gain, haiek nola landu ote zituzten pentsaraziko diegu. Hori egitea ere bada gure lana”.
Azalpenei laguntzeko argazkiak eta bideoak erabiliko dituztela kontatu dute Zeberiok eta Alkainek. Haur eta gaztetxoei gai horiek gerturatzen badute esperientzia tailerren arduradunek. Orain arteko egitasmoak, ordea, “egurats zabalean izan dira nagusiki”, Zeberiok gaineratu duenez. “Historiaurrean gure arbasoek sua nola egiten zuten azaldu izan diegu haurrei, baina egurats zabalean. Gordailuan aritzen garen lehen aldia da”.
Lehenengo eguneko esperientzia “ona” izan dela iritzi dio Zeberiok, baina baita “arraroa” ere. Izan ere, Martin Garitano ahaldun nagusiak jardunaldien hasieran parte hartu zuen, eta baita tailerretan ere.
Garitano, Gordailuaren alde
Arkeologiaz blai egitasmoaren lehen egunean parte hartzeaz gain, hainbat adierazpen egin zuen Garitanok. “Gipuzkoako ondarea gordetzeko biltegi bat baino gehiago da Gordailua. Gipuzkoar guztion ondarea erakusteko, dinamizatzeko eta balioan jartzeko ezinbesteko tresna da”, azaldu zuen. Funtzio hori betetzeko, Gipuzkoak Foru Aldundia hainbat egitasmo martxan jartzen ari dela gaineratu zuen. Eta horren barruan kokatu zituen aste honetan hasitako jardunaldiak. Gipuzkoako ondare arkeologikoak Gordailuan egon behar duela ere aldarrikatu zuen, “arkeologiaren alorreko eragileekin bat eginez”.
2011n amaitu zituzten Gordailua eraikinaren lanak. 9.148 metro koadro ditu, eta horietatik 5.945 daude prestatuta bildumak biltegiratzeko. Egun, 36.000 pieza dituzte erregistratuak, eta San Telmo museoak beste 24.000 pieza eman berri dizkie.
Leave a Reply