Azken hilabeteetan ezagun egin dira droneak, eskifaiarik gabeko hegazkin edo helikopteroak. Erabilera militarrarekin lotu da orain arte horien erabilera, baina jarduera zibilean erabiltzen hasi dira. Eta horretan dabil lanean Irungo Bidasoa Lanbide Heziketa Eskola: drone baten bitartez hainbat funtzio garatzeko ikerketa egin dute bertako ikasle eta irakasleek, eta 2012ko urrian aurkeztu zuten proiektua hobetzen ari dira ordutik. 2010ean abiatu zuten egitasmoa, eta egun, lau irakasle eta dozenaka ikasle ari dira hori garatzen.
Ibilgailua bera, edo Irungo institutuko kasuan lau helizeko helikoptero txikia (mikrodronea), Alemaniako enpresa bati erosi zioten. Hau da, dronea ez dute egin. Institutuak esan duenez, hori garatzeko gaitasuna duten arren nahiago zuten jada eginda eta funtzionamenduan zegoen dronea eskuratzea euren oinarri izango zen lana garatzeko: altueratik topografia lanak, eraikuntzarako laguntza egitasmoak, nekazaritza eremu handietarako aholkularitza eta informazio banaketa, intsektuen izurrien jarraipena…
Beraz, Bidasoko hezkuntza zentroan egin dutena da, batetik, helikoptero txikia modu zehatzean erabiltzen ikasi, eta bestetik, lan horiek guztiak egiteko beharrezkoa den teknologiaren gaineko ikerketa egin eta garatu, helikopteroaren ezaugarriak kontuan hartuz. Aireko ibilgailuari kamera eta sentsore bereziak jarri dizkiote, eta horien bitartez lur azalaren termografia datuak, gasen kontzentrazioenak, edo argazki multiespektralak ateratzeko aukera du, ohiko argazkiez gain. Ordenagailuan, softwarearen bitartez, helikopteroak jasotako guztiak sailkatu eta interpretatzen dituzte.
Eskifaiarik ez izanda, lurretik maneiatzen da dronea. Horretarako ere eskola bereziak jaso dituzte Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolako ikasle eta irakasleek. Bertako irakaslea da Alberto Arranz. 2010ean mikrodronearen egitasmoa garatzen hasi zirenetik buru-belarri dabil horrekin jardunean, ikasleekin batera. Arranzek zehaztu du Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak berrikuntzarako abian jarri zuen egitasmoari esker eraman dutela aurrera euren asmoa; Europako Batasuneko Gizarte Funtsaren finantzazioa zuen horrek. Gainera, Galiziako nahiz Balearretako (Herrialde Katalanak) hainbat hezkuntza zentrorekin elkarlanean ibili dira proiektua garatzeko. Irungo Goibegi enpresak ere parte hartu du, aireko nabigazioan eskarmentua duen enpresa delako. Ameriketako Estatu Batuetan ere izan zen institutuko irakasle bat gaiaren gaineko informazioa lortzen.
Arranzek nabarmendu duenez, erabilera zibilerako droneen gaia “berria” da, eta irakasleek, eta ondorioz ikasleek, horren gaineko informazioa lortzea “zaila” izan da: “Mundutik zehar ibili behar da ganorazko datuak nahiz informazioa lortzeko”. Informazioa, eta ondorioz, hezkuntza zentroan ematen diren eskolak garatzeko beharrezko den materia prestatzea ikasleentzako ona izan daitekeela uste du Arranzek, lan merkatuan ez dagoelako gai horietan ezagutza zehatzik duenik. “Gure zentroko ikasleek lan merkatuan lana bilatzeko aukera gehiago izan ditzaketela suposa dezake horrek. Gaur egun, ez dago airetik lurraren informazioa lortzeko modurik, ez hori interpretatzeko formazioa duen langilerik. Gero eta beharrezkoagoak izango dira”, baieztatu du.
Zentzu horretan, duen baliagarritasunagatik, Eusko Jaurlaritzaren Lanbide Hezkuntzarako sailburuordetzaren babesa eta laguntza jaso du Bidasoko mikrodronearen egitasmoak.
Roland Garrosen lurreratzea
Teorikoki, hainbat erabilera izan ditzake mikrodroneak, “ia nahi adina”. Baina dagoeneko hainbat zereginetarako erabiltzen ari dira, kameraz eta sentsorez hornitutako helikopteroa. Esaterako, azken asteetan Donostiako Ondarreta hondartzako harrien gaineko ikerketa egiten ari dira hegazkinarekin. Harri horien mugimendua zein den jakin nahi dute mikrodronea jasotzen ari den datuen bitartez, arazoa konpontzeko informazio bila.
Horrez gain, Hondarribiko Hiruzta txakolin upategiarentzako ere lan egin du Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolak eskifaiarik gabeko hegazkinarekin. Inmov Mugabe egitasmoaren barruan, upategi horretako mahastiak zehaztasunez airetik ikertu dituzte. Arranzen arabera, “kalitate hobeko mahatsa lortzeko, eta pestizida nahiz ongarri gero eta gutxiago erabiltzeko helburuarekin”. Irakasleak baieztatu duenez, eraikuntza enpresek hainbatetan eskatu dute zentroaren laguntza, kartografia nahiz topografia lanak egiteko. Arranzek zehaztu du mikrodronearen laguntzarekin lan horiek egitea, orain arteko metodoekin alderatuta, “askoz merkeagoa” dela, ez dituztelako ohiko topografia lanabes eta gailuak erabiltzen, ez GPSrik, ezta antzeko azpiegiturarik ere.
Aisiarako erabilera ere izangodu droneak. Bihar goizean Jaizkibel mendiko Justiz eremuan hegaldia egingo du droneak. Erakustaldi antzekoa izango da, izan ere, aurten 102 urte bete dira Roland Garros frantziarrak bertan emergentziazko lurreratzea egin zuenetik, hegazkin lasterketa batean parte hartzen ari zela —hegazkin zalea eta abenturazalea zen Garros; gerora egin zen ezagun tenisagatik—. Dronearekin horren birsortze historikoa egingo dute, eta ondoren, hitzaldia emango dute Irungo udaletxean.
Gertutik gertura bakarrik ez, Euskal Herritik harago ere erabili dute Irunen diseinatutako gailua. Balearretako palmondoei eragiten dien gaitz bat ikertzen ibili dira mikrodronearen laguntzarekin. Intsektu batek sortzen die zuhaitzei eritasun hori, eta dagoeneko, Iberiar penintsulara heldu dela jakinarazi dute. “Egin ditugun gauza asko probarako izan dira, baina Balearretako kasuan, espektro anitzeko kamera erabili dugu droneari itsatsita, eta oso baliagarria izan da gaitzaren zabalkundearen berri izateko”, zehaztu du Arranzek.
Horrela, gai horren gainean ikerketa sakonagoak egiteko laguntza eskatu die berriz ere Balearretako Gobernuak Bidasoa Lanbide Heziketa Eskolako kideei.
Leave a Reply