Batzar Nagusiek atzera egiteko eskatu diote Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen bozeramaileari. Urkijok hamar udal auzibidean jarri ditu, kontratazio publikoak egiteko orduan euskara lehenesten duten irizpideak aplikatzeagatik.
Albiztur, Anoeta, Azkoitia, Errezil, Elgoibar, Getaria, Lezo, Zarautz, Zestoa eta Zumaia dira irizpide horiek aplikatzeagatik Urkijok auzibidean jarritako udalerriak. Batzar Nagusien arabera, administrazioen “eskubidea eta egiteakoa” da administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea. Horregatik, auzi-errekurtsoak erretiratzeko eskatu diote. Era berean, Gipuzkoan dinamika hori aplikatzen ari diren erakundeei, bai aldundiari, bai udalei ere, elkartasuna adierazi die Batzar Nagusiek.
Duela urtebete adostu zuten aldundiak, 36 udalek eta Urola Kostako mankomunitateak hizkuntza baldintzak modu bateratuan jartzea, Udal-ekin proiektuaren baitan. Gaur egun, Gipuzkoako 88 udaletatik 60k aplikatzen dituzte kontratazio publikoetan euskara lehenesten duten hizkuntza irizpideak.
Joan den larunbatean, hain zuzen ere, euskara lehenesten duten udalen eguna antolatu zuten, eta mosaiko handi bat osatu.
Leave a Reply