Frankismo garaian ia klandestinoki sortu eta bost hamarkada betetzera iritsi dira hainbat ikastola Gipuzkoan. Horietako bik, Andoaingo Aita Larramendi eta Errenteriako Orereta ikastolek, aurten bete dute mende erdia, eta ospakizunetan murgilduta edo murgiltzear dira egunotan. Seme-alabei euskarazko hezkuntza eman nahi zieten gurasoek sortuak dira biak, eta oraindik ere beste ikastetxeetatik bereizten dituzten ezaugarriak dituzte.
Andoaingo Aita Larramendi ikastolak datorren asteartean beteko ditu 50 urte. Gaur egun erretiratuta badago ere, urte luzeetan bertako irakasle izandako Alfredo Kamiok gogoan du ikastolaren hastapenetako giroa: “Gipuzkoako hainbat herritan baziren orduan elkarren artean bildu eta ikastolak sortzen hasi ziren herritarrak. Euskaraz irakastea debekatuta zegoelako eta irakaskuntza guztia gaztelaniaz zelako. Hasiera batean, gainera, euskarazko hezkuntza baino gehiago, euskara bera suspertzeko eta indartzeko helburua zuten ikastolek”. Frankismo garaiko urteak izaki, euskaraz ia etxean bakarrik hitz egiten zen, eta, Kamioren hitzetan, “hasierako urteak oso zailak izan ziren Aita Larramendi sortu zutenentzat”.
Juanita Alkain herritarrak bere etxea Elizari utzi zion herentzian, euskara eta euskal kultura suspertzeko baldintzarekin. Kamiok azaldu duenez, ikastolaren sortzaileak, “testamentu hura baliatu, eta etxe hartako solairu bateko logelak ikasgela modura erabiltzen hasi ziren”. Orduan, 4-5 urte bueltako haurrak hartzen zituzten, eta baliabide urriekin egiten zuten aurrera. “Gelak ia hutsik zeuden, egurrezko ohol batzuk baino ez zeuden bertan, haurrek lurrean eseri eta marrazteko mahai gisa erabiltzen zituztenak”, azaldu du Kamiok. Hainbat oztopo gainditu behar izan zituzten ikastolaren sortzaileek gela horietan eskolak emateko. “Nik neuk ikusi nituen gela horiek zigilatuta. Guardia Zibilak zigilatu zituen, bertan legezkoa ez zen jarduera bat egiten zela-eta”, gogora ekarri du irakasle ohiak. Hala ere, jarraitzeko aukera izan zuten: “Ikastola Elizaren babespean zegoen, eta parrokiako katekesia balitz bezala aurkezten zuten”. Estatuaren eta Elizaren arteko orduko hitzarmenak aukerak ematen zizkion Elizari bere eskumeneko zenbait arlotan estatuak parte ez hartzeko, eta hortaz baliatu ziren ikastolaren jardunarekin segitzeko.
Urte askoan ez zuen eraikin propiorik izan Aita Larramendik. “Herritarrek utzitako lekuak, alokatutako behe solairuak, nahiz Leizaur Akademia elkarte anonimoko bazkideek egindako diru ekarpenekin erosi ziren lokalak baliatu ziren”, dio Kamiok. Baina asmatzen zuten aurrera egiten: “Ni 1972an sartu nintzen. Urtetik urtera ikasle gehiago etortzen ziren, gela gehiago behar genituen, eta jendea non kokatu ez genekiela ibiltzen ginen. Baina guztiei erantzuten saiatzen ginen; ez genuen ikaslerik kanpoan uzten”.
Errenteriako Orereta ikastolako lehen urteak ere antzerakoak izan ziren. Oreretak aurtengo abuztuan bete du mende erdia. “Errenteriako guraso abertzale batzuek sortu zuten, euren seme alabak euskaraz hezteko aukera faltagatik. Apaiz bat ere izan zen iniziatiba hartu zuten guraso haien bidelagun, eta hainbat irakaslek ere jarri zuten beren alea”, egungo zuzendari Jose Migel Zabalaren hitzetan. Eraikin faltaren arazoa pairatu zuten Errenterian ere: “Lehen hamar urteetan, herriko hainbat lokaletan hasi ziren lanean. Lehen gela, esaterako, pentsuak saltzen zituzten etxe baten azpiko solairuan egon zen. Gero, Asuntzion parrokiako lokaletan, Iztieta auzoko elizaren lokaletan, Kaputxinoen etxean eta beste hainbat tokitan egon ziren”.
Behin eraikinak lortuta, irakaskuntza modu duinean eskaintzeko aukera izan zuten ikastolek. Aita Larramendiko lehen eraikina, trantsizio garaian eraikitako Bazkardokoa izan zen. “Udalaren lur sailetan egina eta ikastolak ordaindua. Hasiera hartan, zortzi gela genituen bertan”, azaldu du Kamiok. Hurrengo eraiki zena, 1985-86 buelta horretan, Txistokikoa izan zen, eta hori ere inflexio puntu garrantzitsutzat dute: “Bi eraikin horiekin, bagenuen non lan egin, bagenuen zerbait solidoa, eta ikasleei ordura arte eskaini gabeko zerbitzuak ematen hasteko aukera ere bagenuen. Hezkuntza beharrek eskatzen ziguten eraikinak izatea, eta horiei esker egonkortasuna lortu genuen”. Oreretako zuzendaria ere iritzi bertsukoa da, eta eraikinak egin ahal izateko ikastolaren bultzatzaileek erakutsitako ausardia nabarmendu du: “1972. urte bueltan, Añabitarte baserria eta bertako lur eremua erosi zituzten, 100.000 metro karratukoa hain justu. Kemen handia izan behar zuten orduko guraso haiek halako erosketa egiteko. Gerora, lur sail horiek baliatu ziren egun ditugun bi eraikinak egiteko”.
Egoera hobea gaur egun
Euskarazko irakaskuntza bermatu nahi zuten herritar haiek urratutako bideari esker, osasuntsu daude Andoaingo eta Errenteriako ikastolak gaur egun. Aita Larramendiko zuzendari Aitor Iriondoren hitzetan, “gaur egun askoz egoera hobean” daude: “Alfredok aipatu dituen urte haiekin alderatuta, euskara munduan ere geroz eta hobeto gaude. Ikasleen artean euskararen erabilera jaitsi dela esaten den arren, lehengo urteekin alderatuta egoera askoz hobea dela argi dago. Lehen gelak-eta alokatu edo eskatu egin behar baziren ere, orain eraikin bat baino gehiago ditugu”. Mende erdiko ibilbidearen balorazioa “erabat positiboa” egiten du Oreretako zuzendariak ere: “Hasieran 11 ikaslerekin martxan jarritakoa, gaur egun 1.500 ikasle dituen ikastola da, eta 50 urteotan ikasle mordoa igaro da bertatik. Horietako asko ikastolari esker euskaldundu dira gainera”.
Ikastolak gainerako ikastetxeengandik bereizten dituzten ezaugarriez harro daude Iriondo eta Zabala. Aita Larramendiren helburu nagusia “ikasleak euskaran eta euskal kulturan heztea” da, eta hori da euren “bereizgarri nagusia” Iriondoren ustez. Horrez gain, ikastolen federazioaren hezkuntza sistemaren barnean, konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza eskaintzen dute: “Hezkuntza berritzailearekin teknologia berrien ezarpenean sakontzen ari gara”. Zabalak, berriz, Orereta ikastolaren atzean dauden arduradunak gurasoak direla nabarmendu du: “Gu kooperatiba bat gara, 2008an igaro ginen kultur elkarte izatetik gurasoen kooperatiba izatera. Ikastola parte hartzailea da izaerari dagokionez, kudeaketa gurasoek eta profesionalek elkarlanean egiten dute. Gure kasuan, sorreratik bertatik, gurasoak dira ikastolaren arduradunak. Herriko gainerako ikastetxeen titulartasunean, aldiz, administrazio publikoa edo erakunde erlijiosoak daude”.
Aurrera begira betiko helburuei eutsi nahi diete batzuek zein besteek, eta erronka berriak ere badituzte buruan. Iriondoren hitzetan, orain arteko hezkuntza helburuak mantentzen jarraituko dute, eta “etorkizunean egingo duten lanerako ikasleak ondo prestatzea” nahi dute. Zabalak hezkuntzaren kalitatean sakontzeko egindako apustua nabarmendu du: “Ikastola ekonomikoki bideragarria izatea nahi dugu, eta pedagogia aldetik irakasleei beharrezko formazioa ematea. Informazio eta teknologia berrikuntzetan ere modernizatu beharra dugu, eta horretan ari gara, beharrezko inbertsioak egiten”.
Leave a Reply