Hamabostaldia hamaseialdian

Hamabostaldia hamaseialdian

Eider Goenaga Lizaso

Kultur eskaintzaz betetako urtean, 2016ko abuztuko egitaraua osatzera dator aurten Donostiako Musika Hamabostaldia. Musika eskaintza zabalarekin, aurten ere aritu, aditu, zale eta abarren belarriak gozamenez betetzeko asmoz prestatu dute egitaraua, abuztuaren 4tik 31ra. Ohi bezala, musika Donostiako txoko guztietara helaraziko du Hamabostaldiak, eta baita Gipuzkoan barrena, Lapurdira, Nafarroara eta Arabara ere. Euskadiko eta Bilboko orkestra sinfonikoek aurrenekoz elkarrekin eskainiko duten emanaldia izango da egitarauko harribitxietako bat.

INAUGURAZIO EGUNA

Dantzak eta musikak emango diote aurten hasiera Hamabostaldiari. Hamahiru proposamen egin dituzte abuztuaren 4ko egitarauan, musikaz betetako hilabeteari merezitako hasiera emateko. 12:00etan, hiru toki ezberdinetan egingo dira lehen emanaldiak: udaletxeko batzar aretoan, Johannes Fleischmann biolin jotzaileak eta Anna Magdalena Kokits pianistak Beethoven, Stravinsky eta Xostakovitxen piezak joko dituzte; Jose Maria Sert plazan, Dana laukoteak Dvorak eta Mozarten lanak eskainiko ditu; eta, Intxaurrondoko Sagastieder plazan, Crespo’s Brass taldeak metalen kontzertua emango du.

Dantzak, ordea, protagonismo berezia izango du egun horretan. 19:00etan, Tio Teronen Semeak dantza taldeak FreshCool ikuskizuna eskainiko du, Kursaaleko terrazetan; eta, egunari amaiera jartzeko, 20:00etan, Kresala dantza taldearen Oteizaren kaxa beltza ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute ikusleek, hipodromoan.

KURSAAL AUDITORIUMA

Nazioarteko orkestra garrantzitsuak izango dira aurten Kursaal auditoriumean. Budapest Festival Orchestrak hiru emanaldi egingo ditu: abuztuaren 20an, bakarkako kontzertua izango da, Stravinsky, Bartok eta Dvoraken obrekin; abuztuaren 21ean, Gustav Mahlerren 3. Sinfonia interpretatuko dute, Orfeoi Txikiarekin eta Donostiako Orfeoiarekin; eta, abuztuaren 23an, Mozarten azken urtea emanaldia eskainiko dute, Belgikako Collegium Vocale Gent abesbatzarekin. Frankfurteko Irratiaren Orkestra Sinfonikoak beste bi kontzertu eskainiko ditu: abuztuaren 27an, Andra Mari abesbatzarekin, eta abuztuaren 28an, bakarka.

Aurten, baina, nazioarteko orkestrek baino pisu handiagoa izango dute hemengoek. Izan ere, aurreneko aldiz, elkarrekin joko dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Orkestra Sinfonikoak, abuztuaren 31n, eta haiekin batera ariko dira Donostiako eta Iruñeko orfeoiak, Easo Eskolania eta Araoz gazte abesbatza. Hector Berlioz, Francisco de Madina eta Pablo Sorozabalen obrak eskainiko dituzte.

Kursaaleko egitaraua, besteak beste, balletak eta operak osatuko dute aurten. Abuztuaren 7an, Genevako Antzoki Nagusiko Balletak Richard Wagner konpositorearen Tristan eta Isolda balleta taularatuko du; eta, abuztuaren 13an, Mozarten Don Giovanni opera eskainiko dute, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak lagunduta.

ORGANO ZIKLOA

Nazioarteko interprete entzutetsuenek osatutako egitarauan, hamabi kontzertu programatu ditu Hamabostaldiak Organo Zikloan. Emanaldiak, Donostian ez ezik, Ataunen, Tolosan, Usurbilen, Azpeitian, Azkoitian, Deban eta Orion izango dira, abuztuaren 7tik abuztuaren 12ra bitartean.

Ohi denez, organo jotzaile esanguratsuak gonbidatu dituzte aurten ere Hamabostaldira; tartean, besteak beste, Juan Paradell —abuztuaren 8an— Vatikanoko Sixtoren Kaperako organo jotzailea, Daniel Roth frantziarra, Burkhard Ascherl alemaniarra eta nazioarteko hainbat lehiaketa irabazi dituen Joonho Park hego-korear gaztea.

Zikloa amaitzeko, Organo Erromantikoaren Nazioarteko Ikastaroan jardun diren ikasleek eskainiko dute kontzertua. Abuztuaren 12an izango da, 20:00etan, Koruko Andre Mariaren elizan.

HAURRENTZAKO EGITARAUA

Haurrentzako eskaintza berezia landu du aurten ere Musika Hamabostaldiak. Abuztuko larunbat guztietan, Kursaalean, ipuin kontalariek gozatuko dituzte etxeko txikienen belarriak, musikari gazteen laguntzarekin. Abuztuaren 6an, Saioa Aizpurua ipuin kontalariak Ane Artetxe harpa jotzailearen laguntza izango du; 13an, Amaia Fernandez ipuin kontalaria eta Elena Setien biolin jotzailea izango dira; 20an, Fernandezek, ipuina kontatzeaz gain, gitarra eta eskusoinua ere joko ditu; eta, 27an, Gaizka Segi piano jotzailea izango du laguntzaile Fernandezek.

Haurrentzako egitarauan, ordea, Haurren Eguna izango da ekitaldirik garrantzitsuena, abuztuaren 30ean. Musika Bai musika udalekuetako umeek eta gazteek emanaldia eskainiko dute, 17:00etan, Okendo plazan. Eta, ordu berean, Kursaalean, Ur gaineko etxea ikuskizunerako sarrera duten umeek tailerra egingo dute, Maushaus taldearekin, eta Noeren Ontzia eraikiko dute, hainbat material erabilita. 19:00etan izango da Ur gaineko etxea ikuskizuna: Noeren Kutxari buruzko mitoaren moldaketa garaikidea da, eta kontaketak, txotxongiloek, keinu bidezko antzerkiak eta proiekzioek osatzen dute.

Abuztuaren 31n, Kursaalean, Elena Odriozolarekin egingo dute tailerra umeek, 11:30ean; eta, ordu berean, Joklabs elektronikarekin musika instrumentuak sortzeko tailerra egingo dute Tabakaleran.

DONOSTIATIK KANPO

Hainbat ikastarok, Antzinako Musika Zikloak, Interprete Gazteen Zikloak, Hamabostaldia Araban eta Musika Aitzaki zikloak osatzen dute Hamabostaldiko egitaraua. Musika Aitzakik Donostiatik kanpora eramaten du Hamabostaldiaren eskaintza, eta, aurten, Gipuzkoatik at ere bai: abuztuaren 19an eta 26an, Senperen (Lapurdi) izango dira kontzertuak, eta, 20an, Leireko monasterioan (Nafarroa). Abuztuaren 26koan, Senperen, aurretik Pasai San Pedron, Deban, Orion eta Getarian eskainitako emanaldi bera eskainiko dute Labradorreko (Kanada) Newman Sound abesbatzak eta Easo abesbatzak.

Hamabostaldiak urtero Arantzazun antolatzen duen kontzertua, berriz, abuztuaren 25ean izango da. Aurten, Ara Malikian biolin jotzaile armeniarraren eta haren taldearen emanaldia izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.