Olaia Iraola
Bihar hasi eta abuztuaren 6ra arte, Leitzatik (Nafarroa) Urduñara (Bizkaia) mendi ibilaldia antolatu dute, Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko asmoarekin. Hamaseigarren urtea da aurtengoa, eta, Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna! lelopean egingo dute 183 kilometroko ibilaldia.
14 urtez jarraian, ESAITen barruan antolatu izan zen mendi martxa, baina, duela bi urte, desagertu egin zen taldea. Mendi martxaren antolatzaileek ofizialtasunean ekarpena egin zezaketela pentsatu, eta aurrera jarraitu zuten. ESAIT desagertu zenetik antolaketan aldaketarik ez dela egon azaldu du Txumai Iturriak (Zarautz, 1960): “Antolatu berdin egiten gara; aldatu direnak pertsonak dira. Izan ere, batzuek utzi egiten dute, eta besteak sartu egiten dira. Hala ere, egitura berdin mantendu da”.
Behar batekin sortu zen, eta koordinatzaileak azpimarratu du oraindik hor dagoela: “Ofizialtasuna lortzen dugunean bukatuko dira gure zereginak. Bitartean, lan asko daukagu egiteko. Modu ezberdinak daude ofizialtasunaren alde egiteko. Mendiz egitea erabaki genuen, herriak nahiz paisaiak aintzat hartuz eta selekzioaren lana txoko guztietara zabalduz”.
Iturriak azaldu du ibilaldiko etapak luzeagoak izaten zirela garai batean, eta beste prestaketa maila bat eskatzen zutela; “orain etapak eramangarriagoak dira”, adierazi du. 25 kilometro egiten dituzte egunean batez beste, eta egun osoa edukitzen dute horretarako. “Kilometrajea baino gehiago da erritmoa”, dio mendizaleak.
Egitasmo hau aurrera ateratzearen helburu nagusia pasatzen diren herrietan euskal selekzioaren gaia plazaratzea da, Iturriaren arabera: “Klase politikoak bigarren mailan uzten du selekzioaren gaia. Hauteskundeetan ederki gogoratzen dira ofizialtasunaz. Agenda politikoan bigarren mailan dago, eta jendeak akuilu lana egin dezan nahiko genuke. Horretarako, ordea, jendea kontzientziatu egin behar da”.
Mendi martxaren dinamika elkarlanetik abiatzen dela azaldu du koordinatzaileak: “Ez da mendi martxa soil bat non etapa bat hasi, bukatu eta ahaztu egiten duzun. Elkarlana dago horren atzean. Mendi martxa honetan garbiketa lanak, gosaria egitea… lan asko daude tartean, eta oinez ibiltzea baino gehiago da”.
Urtero ibilbide desberdin bat egiten dute: “Iaz, kostatik egin genuen ibilbidea, Algortatik [Bizkaia] Ziburura [Lapurdi] joan ginen. Hori oso erakargarria izan zen. Jende asko animatu zen. 2014an, berriz, Gasteiz eta Urepele [Nafarroa Beherea] elkartu genituen. Urtez urte aldatuz joaten da ibilbidea. Aurten, Leitza eta Urduña batzea erabaki dugu”.
Gipuzkoatik bigarren etapan pasatuko dira; Betelutik Zaldibiarako bidean, hain zuzen. Uztailaren 31n, Aralarko Balerdi azpitik pasatu, eta Gipuzkoan sartuko dira. Lehenengo herria Amezketa izango da. Seigarren etapara arte bertan ibiliko dira. Leintz Gatzagatik Otxandiorako ibilbidean, irten eta handik gutxira sartuko dira Araban.
Astebete iraungo du ibilaldiak. Zortzi etapatan banatuta dago. Ez dira, ordea, bederatzi herritatik soilik pasatuko, mendizalearen arabera: “Betelutik Zaldibiara goazenean, adibidez, Amezketatik pasatuko gara. Etapa bukaera diren herriez gain, hainbat herritatik pasatu eta horietan ekitaldiak antolatuko dizkigute. Menditik jaisten garen herrietan selekzioaren ofizialtasuna zabaltzen eta kontzientzia areagotzen saiatuko gara”.
Koordinatzaileak dio ibiltari batzuen helburua ondo pasatzea eta mendiaz gozatzea dela; beste batzuena, berriz, selekzioaren alde egitea: “Behin mendi martxan sartuta, dinamikak eramaten zaitu ibilbidean barrena”.
Egunero zazpi-zortzi orduko txangoa egingo dute. 08:00 aldean abiatu, eta 17:00 aldera iritsiko dira hurrengo herrira. Gaua frontoietan, kiroldegietan edo eskoletan emango dute, lurrera zakuak botata. Norberak etxetik eramaten ditu ibilbide osorako gauzak. Aldatzeko arropa, lotarakoa, garbitzekoa eta abar maletetan sartu, eta furgonetan eramaten dituzte. Hori hasierako herritik azkenera arte joaten da, etapaz etapa. Egunez motxila bat erabiltzen dute, txangorako beharrezkoak dituzten gauza oinarrizkoenekin.
Garraioari dagokionez, hasiera puntura joateko autobusa antolatu dute Bilbotik Donostiara, tartean Durangon, Eibarren eta Zarautzen geldialdia eginez. Donostian gainontzeko ibiltariak jaso, eta Leitzara joango dira. Azken egunean, alderantzizko bidea egingo dute. Mendizaleak azaldu du normalean ez dela arazorik egoten. Arazo jakin bat egonez gero, furgonetak dituzte, norbaitek min hartuz gero edo erretiratu nahi badu ere.
Badira zeharkaldi osoa egiten dutenak, baita erdia egiten dutenak ere. Iturriak dio modu askotako etapak egiten dituen jendea dagoela: “Erdia egiten dutenak, laurdena, bi etapa… Batzuk bi etapa egitera etorri, eta dinamika gustatuta dena egitera animatzen dira”. Horiek ez daukate profesionalak izan beharrik, Iturriaren arabera. Gainera, adin guztietako jendea animatzen da mendi martxara: “Garbi dagoena da zerbait ibilia izan behar duzula. Baina egia da adin ezberdinetako jendea topatuko duzula: gaztetxoak, 70 urte inguruko helduak… Prestakuntza aldetik ezberdin prestatutako jendea animatzen da, eta denetara moldatzen gara. Geldiuneak egiten ditugu ibilaldian, denek erritmo bera edo antzekoa har dezaten”.
Mendi martxara animatzen den jendearen gehiengoa gipuzkoarra eta bizkaitarra dela azaldu du: “Ibilbidearen araberako lekuko jendea animatzen da. Duela lau urte, esaterako, Iparraldetik pasatzen zen ibilbidea, eta bertako jende asko animatu zen. Bertakotasunak asko eragiten du. Hala ere, Euskal Herri osoko jendea animatzen da”.
Iturriak dio astebeteko ibilbide horretan muga bat jartzen dutela partaideen kopuruan, ehun pertsonakoa: “Jarri beharra dago muga bat. Horrela izan ezean, arazoak etor daitezke. Izan ere, herriak ez daude prest ehun laguni baino gehiagori gaua pasatzeko estalpea eskaintzeko”.
Jende gehiengoarengana ahoz ahoko komunikazioaren bidez iristen direla adierazi du Iturriak; izan ere, aurreko urteetan parte hartu dutenen kontaktuak jasotzen dituzte eta mezu elektronikoak bidaltzen dizkiete. Hala ere, webgunearen bidez eman daiteke izena —mendimartxa.eus—. Zeharkaldi osoko bonua edo erdikoa eros daiteke.
Zeharkaldi osoa egin nahi duenak 200 euro ordainduko ditu, eta, eguneroko afariak nahiz azken bazkaria barne izatea nahi izanez gero, 300. Zeharkaldi erdia hautatzen dutenek ere afariarekin edo afaririk gabeko hautaketa egin dezakete: 100 euro izango da afaririk gabe eta, bestela, 150. Lehen erdia edo bigarrena egiteko aukera izango dute horiek, eta bigarrengoa afariarekin hartzen duenak azken eguneko bazkaria ere ordaindua izango du. Denek ala denek izango dute gosaria, etaparako ogia eta fruta barne.
Bihar itxiko dute izen ematea. Astebeteren faltan, 60 lagun zeuden izena emanda, eta, ehun partaidera iritsi ez badira dagoeneko, mendizaleak azpimarratu du gaur edo bihar izena emateko garaiz dela.
Leave a Reply