Leire Narbaiza
Konfirmatu da: azkenean Txillida Leku ez da publiko bihurtuko, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako museoa erosten parte hartuko; ezinezkoa omen zaiolako bere gain hartzea jarri behar zituen 50 milioi euroak.
50 milioi euro. Kontxo! Zifra handia bat-batean pentsatuta. Baina, patxada hartuta, hotzean, ez da hainbeste. Esate baterako, futbol zelaiak eraiki eta erreformatzeko ematen diren diru laguntzekin konparatzen badugu. Ez naiz gai Txillida Lekurenak dituen ertz guztiak ikusteko ez baloratzeko. Niri neuri pena eman dit, uste dudalako itxita egotea tamalgarria dela, ez digula mesederik egiten. Are gehiago, halakoak publikoak izan beharko liratekeela pentsatzen dudalako. Bestalde, eman dituzten arrazoiak ez dira oso argiak izan, ekonomiko hutsak, gizarte ongizatetik kendu beharko luketela diru hori, eta abar. Tira, ez naiz jausiko demagogian, baina euren ahotik halakoak entzuteak aho-ahoan jartzen dit konparazio maltzurra: AHTan eta erraustegian askoz gehiago gastatuko dute eta ez dute arazorik ikusten.
Horregatik diot ea nola egin liezaiokeen muzin halako museo bati probintziako gobernuak. Gure komunitate autonomo honetan kultura, hezkuntza eta formazioa ez ziren, bada, ikur? Ez ote du kulturak salbatu eta eraldatu Bilbo?
Hara, azalutsa da guztia. Faltsua. Eskaparatismoa. Itxurakeria. Egia da Guggenheimek aldatu ziola aurpegia Bizkaiko hiriburuari. Baina turismoa, eraikuntza eta espekulazioaz gain, zer eman dio Bilboko kultura eta sorkuntzari titaniozko eraikinak? Ekonomikoki itzela izan da, baina kultura aurrekontuen lepotik egin zen, ez turismo edota industriatik. Estu eta larri ibili ziren hainbat elkarte txiki orduan, murrizketa ikaragarriak izan zirelako diru laguntzetan.
Zer etorri zaie bueltan? Tabernari lanak? Bai. Eta kultura arloko lan txarto ordainduak, ia esplotazio baldintzetan. Izan ere, greban daude Guggenheimeko behargin batzuk, eta amaitu berri dute huelga Arte Ederren Museoko langileek berrogei egunetan borrokan ibili ondoren.
Horrela jakin dugu prekaritatean dagoela oinarrituta kulturaren hiria. Arte Ederren Museo publikoan subkontratazioak, miseriak ordaintzen. Guggenheimek sortutako dirdira eta glamourra, batzuendako baino ez da izan aberastasuna. Lata handiegia zainzuri gutxirako.
Agian horretan datza kontua, edukiontzi hutsak eraiki edota egitean. Balentziaga museoa bezala: eder askoa, erakusgai onarekin, baina erraldoiegia duen funtserako. Edo Tabakalera bera, espazio hutsa, gauza gutxirekin. Oteizaren hustasuna aldarrikatu nahi ote dute?
Zertarako kutxa erraldoiak, ez badaukagu zer sartu? Edo sartzeko daukaguna agintarien gustukoa ez bada? Kultura hitzarekin betetzen zaie ahoa, baina herrietan aspaldian egiten diren hainbat jaialdi diru laguntzarik gabe laga dituzte. Ezinbestekoak dira diru pizar horiek bizi irauteko, aurre egiteko egindako egitarauari. Gainera, zer esan lezake kulturaz bere herriaren folkloreaz lotsatzen den gobernuak? Diasporako dantzariak bidaltzen dituenean dantza tradizionalen jaialdira diru ezaren aitzakian, baina agintari ia guztiak hemendik Washingtonera bidaian joan direnean? Kultura, ja!
Hemen kulturak axola du eraikuntza tartean dagoenean. Eta guri ardura digu soilik pintxoak eta edatekoa zerbitzatzen denean. Gure kulturaren adierazlerik gorena baita!
Leave a Reply