Marta ispiluaren aurrean

Marta ispiluaren aurrean jarri da. Begi zorrotzekin begiratu du bere gorputzeko zentimetro karratu bakoitza, eta nazka eman dio ikusitakoak, “gizena nago, nazka emateraino…”. Atzo baino berrehun gramo gehiago pisatzen du, eta begiak gorrotoz bete zaizkio ispiluko islan izter motz horiek ikustean, gerri buelta ikaragarri hori, txitxi horiek eta grasaz betetako ipurmasailak. Noiz ikasi du hamasei urteko neskatila honek halako indarrarekin gorrotatzen?

Hiru metro atzerago, Martari begira dago bere ama. Malko artean, alabaren 32 kiloko gorputza dakusate bere begiek. Ospitalean ingresatu aurretik, azkenengo aldiz begiratu dio. Ez da gogoratzen noiz hasi zen kalbario hau; noiz utzi zion Martak jateari, nola sartu zitzaion obsesioa hezurretaraino, hezurretan gelditu arte. Amak ez daki noiz erabili zuen lehenengoz anorexia hitza. Baina orain ez du inongo garrantzirik horrek guztiak; oraindik ez badaki ere, laster dena bukatuko da. Bost aste barru Marta hil egingo da.

Marta ispiluaren aurrean; atzo egin genuen Teresa Caloren antzezlan horren irakurketa dramatizatu bat Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Naiara Arnedok eta biok Martaren azalean sartu behar izan dugu oraingo honetan. Ez da lan samurra izan, ondo kostata ulertu dut gaixotasun honen konplexutasuna. Oinaze hau jasaten duten horiek gogoan izan ditut uneoro, eta berriz ere gizarte higuingarri hau madarikatu dut, bere moda eta edertasun patroi horien traizioak suizidio motel honetara bultzatzen gaituelako.

Ez dakit noiz gertatu zen ikuspegi edo gustu aldaketa hau; nork erabaki zuen emakumea politagoa zegoela emakume gorputzaren borobiltasunik gabe? Ez da horretaz hitz egiten askotan, baina uste baino kasu gehiago daudela konturatu naiz. Munduak begiak zabaldu beharko lituzke berandu izan baino lehen; ispiluan benetako irudia ikusteko gaitasuna galdu baino lehen. Baina munduak begiak zabaltzeko zain gauden bitartean, Martak bereak itxi behar izan ditu. Antzezlan honekin jarraituko dugu, beraz, ahal den neurrian. Martaren azalean sartuko naiz behin eta berriro, Marta gehiago existitu ez daitezen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.