Fagor, komunikazio inkomunikatiboa

Fagorreko bazkideak kalera atera dira euren egonezina eta haserrea adieraztera. Gutako askori deigarri egin zaigu, aldi berean, Fagorreko langile eta ugazaba direnak kalera atera izana, eurek orain arteko prozesuan zerikusirik izan ez balute moduan. Zaila zaigu hori ulertzea, kontuan hartzen badugu kooperatibetan bazkideek hartzen dituztela erabakiak (erabakirik garrantzitsuenak behintzat bai). Bazkide batzuen adierazpenek agerian utzi dute egungo kooperatibismoak duen ahultasun bat: bazkideen gehiengo batek ez du bizi kooperatiba norbere proiektu gisa. Fagorreko gertaerek komunikazio gardenaren (faltaren) inguruan hausnartzeko bide ematen dute.

Gardentasuna oso tresna indartsua da bizitzako esparru guztiak eraldatzeko. Esparru pertsonalean, laboralean edo politikoan, harremanak iraultzeko indarra daukan tresna da. Eta edozein proiektu (pertsonal, laboral edo politiko) solido eta sendo sortzeko beharrezkoa da konfiantza, eta konfiantza izateko lehen oinarria harremanak egiatik eraikitzea da.

Kooperatibek duten izaera demokratikoak eskatzen du gardentasunez jokatzea. Gardentasunak badu kolektibo batengan eragiteko indarra; konfiantzak eta inplikazioak gora egiten dute erakunde gardenetan, eta behera, berriz, erakunde opakoetan. Eta eragin hori sortzen du, ez soilik informazio gardena jasotzen dutenengan, baizik eta baita informazio hori ematen dutenengan ere. Irekiak diren pertsona eta erakundeak ere indartu eta hazi egiten dira. Kontrara jokatzen dutenean, berriz, txikitu eta beldurtu egiten dira.

Gardentasuna lotzen du Rawlins-ek (2009) sinesgarritasunarekin, konfiantzarekin, erantzukizun sozialarekin eta etikarekin; eta hori guztia dago estuki erlazionatuta kolektiboaren inplikazioarekin. Autoreak erlazio estuan jartzen ditu gardentasuna eta konfiantza. Zenbat eta irekiagoa eta gardenagoa izan erakundea, orduan eta kolektiboaren/herritarren konfiantza eta inplikazio handiagoa lortuko da. Konfiantza ereiten duenak konfiantza jasotzen du trukean.

Egun, bai kooperatibetan eta baita gizartean ere, bizi dugun hozte demokratikoak eskatzen du informazio osoa eta egiazkoa jasotzea. Soilik bide horretatik lortuko da herritarren konfiantza eta inplikazioa areagotzea; demokraziaren berreraikitzea. Erregenerazio demokratikoa etorriko da erakunde irekiago eta gardenagoak berregitetik.

Bai enpresa munduan eta baita politikan ere, informazioa sarritan ezkutatzen da; bai ona dela uste delako edo informazioa izateak boterea areagotzen duen ustearekin, eta, beraz, informazioa pilatzeak eta ez demokratizatzeak botere posizioa indartzen duela uste izaten delako. Nolabait, informazioa ezkutatzea boterea kontzentratzeko modua da. Baina kontrako efektua ere sortzen du: boterea edo informazioa ez bada demokratizatzen, nekez lortuko dugu jendearen inplikazioa.

Inplikatuta gauden auziei buruzko informazioa jasotzeko eskubidea daukagu. Eragiten diguten kontuei buruz jakitea eskubide bat da, eta baita eragindako pertsonak duen obligazio bat ere. Erabaki zuzenak egoki hartzeko bai herritarrek (maila politikoan) bai bazkideek (kooperatiban) informazio gardena jasotzeko eskubide/obligazioa dute.

Fagorrek urtetan bazkideei begira izan duen komunikazioa gardena izan bada, kosta egiten da bazkideen kale agerraldia ulertzea. Horrela izan ez bada, berriz, ulergarria da euren haserrea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.