Koldo Mitxelena Kulturuneak (KMK) komikien gune bat du Donostian, Errege Katolikoen kalean. Luis Gasca komiki funtsa dute han, baina komiki gunea handik KMKra pasatu nahi dute, eta egungo egoitzan aditu eta ikertzaileentzako dokumentazio zentro bat sortu nahi dute. “Komiki gunea ez da gure proiektu bakarra izango datorren urtera begira, baina bai oso garrantzitsua. Toki eredugarria izatea nahi dugu, eta leku bizi bat izatea. Guk dakigunez, ez dago besterik, eta batez ere euskal komikia bultzatu nahi dugu”. Hala azaldu du Susana Araiz KMK-ko liburutegiko arduradunak.
Komiki gunea lehenengo solairuko gela batean jarriko dute, eta 2.000 komiki baino gehiago jarriko dituzte erabiltzaileen eskura. Proiektua jadanik martxan dago. Arduradunek euskal komikiak erosi nahi dituzte, arlo hori bultzatzeko. “Euskal komikia eta oro har komikia hedatzeko gune berezi bat izan dadin nahi dugu. Horregatik, maileguez gain komiki zaharrak eta baliotsuak edukiko genituzke bertan, eta tailerrak ere egingo genituzke. Baina hori guztia planifikatzeko dago oraindik”.
Ikerne Badiola Kultura diputatuak ere hitz egin du proiektu horri buruz: “Euskal Herriko komikigintzan erreferentzia gune bilakatzea nahi dugu KMK-ko gune berria, eta alor horretan dagoen hutsunea betetzea, Gasca funtsak irekitako bideari esker; bilduma hori gizarteratzeko espazioa izango da KMK-ko liburutegiko gunea”.
Gazteak liburutegira erakartzea ere bada helburuetako bat. Izan ere, datorren urterako erronketako bat horixe dute: erabiltzaile berriak lortzea. Eta, horretarako, pentsatuak dituzte hainbat ekintza.
Gascaren bilduma
Dokumentu garrantzitsuenen artean, KMK-k badu komiki bat ere. “Agian Txistu da Argia albistarian argitaratutako lehen euskal komikia. Oso polita da. 1929koa da”, iritzi dio Araizek.
Hala ere, izen bat aipatzekotan, Luis Gasca da hori. “Komiki, zinema eta beste adierazpen artistikoenganako pasioak mota askotariko dokumentu bilduma osatzera bultzatu dute Gasca. Bizitza osoan bildutako material horrek guztiak osatzen du Gasca bilduma”. Hala azaldu zuten 2011n funtsa aurkeztu zutenean aldundiko arduradunek. Komikietatik harago doan bilduma da Gascarena, nolanahi ere: “Komikiez gain, egileen biografiak, gutunak, hiztegiak, aldizkariak, monografiak, filmak, diskoak, kartelak… hainbat euskarritako materialarekin dago osatuta, baita marrazki orijinalez eta egileek sinatutako edizioez ere”.
Bestalde, komikiak orain dituzten egoitzan ekitaldiak ere egin dituzte aurten. Esaterako, Tolosako komiki elkartearen eskutik, komiki lehiaketa baten deialdia egin zuten orain hilabete inguru. Horretaz gain, Zebra efektua izeneko liburua aurkeztu zuten. Iñaki Holgado eta Arkaitz Cano izan ziren ekitaldian. Araizek aurreratu duenez, hilaren 21ean beste ekitaldi bat egingo dute. Informazio gehiago Kmk.gipuzkoakultura.net webgunean aurki daiteke.
Leave a Reply