Igandean egingo dute Gabirian errezil sagar eta baserriko produktuen azoka, hango Erbie elkarteak antolatuta. Aurtengoa hamaseigarrena izango da, eta helburu guztien artean, Gabiriako errezil sagarra sustatzea da nagusia. Gabino Murua (Gabiria, 1956) Erbie elkarteko kidea eta sagar ekoizlea da. Izan ere, Gabiria sagar herria da, belaunaldiz belaunaldi eskutik eskura pasatuz joan den ohiturari esker. Gaur egun, hamazazpi bat sagar ekoizle daude han, eta Gabiriako errezil sagarra inoiz baino biziago dago.
Irakaslea zara lanbidez. Nondik datorkizu sagarrarekiko zaletasuna?
Gabiriako Izar-Haundi baserrian jaio nintzen, eta umetatik ezagutu ditut sagastiak bertan. Sagarra ekoizten zuten jada gurasoek, baina baserrian esne behiak ziren nagusi garai hartan. Zumarragara saltzen zuten esnea gurasoek, eta bost anaiek ahal genuenean laguntzen genien. Sagardoa ere egin izan da gure etxean.
Gurasoengandik datorkizun zaletasuna da orduan.
Gazte garaian, 17 urtetik 27 urtera arte Donostian bizi izan nintzen. Gero, 27 urterekin gurasoen baserriaren ondoan etxe bat eraiki nuen, eta hara joan nintzen bizitzera. Ordurako behirik ez genuen, eta gurasoak ere erretiroa hartuta zeuden. Lursail dezente genituen baserri inguruan. Bada Gabirian, Santiago Redondo izeneko gizon bat, Santanderrekoa. Hura ibiltzen zen orduan sagarrondoak inausten, txertatzen… eta gustatu egin zitzaidan.
Horrela hasi zinen orduan?
Izar-Haundin errezil sagarrondoak genituen. Onenetatik hainbat metu hartu eta Naiarako [Errioxa] mintegi batera eraman nituen. Horrela, berrehun bat sagarrondo aldatu nituen. Orain 25 bat urteko kontuak dira horiek. Ordutik sagarrondo gehiago aldatu ditut; gaur egun sagasti handia daukat, 500 bat landare ingururekin.
Zein zuhaitz mota dauzkazu landatuta?
Zuhaitz mota bat baino gehiago dago. Badira landatu eta fruituak segituan ematen dituztenak, baita landatu eta fruituak oso berandu ematen hasten direnak ere. Lehenengo multzoan daude M-9 eta M-106 deituak, nanoak bezala ere ezagutzen direnak. Espezie horiek hiru eta zazpi urtera hasten dira fruituak ematen. Frankoak deitutako beste batzuek hamalau bat urte behar izaten dituzte lehenengo fruituak ematen hasteko; ondorioz, azken urte hauetan ez dugu Franko bakar bat ere aldatu.
Zein sagar mota ekoizten duzu?
Batez ere errezil sagarra, baina gaur egun merkaturatzen diren mota ia denetatik pixka bat ere badaukat: Bella Boscop, Elstar, Fuji, Golden, Royal Gala, Granny Smith, Reina de Reinetas… Mota guztiak ditut, batez ere polinizazioagatik. Lore baten hautsak beste lore baten hautsa behar du hazteko, eta polinizazioa haizearen bitartez edo intsektuen bitartez gerta daiteke. Errezila polinizatzeko, garai berean loratzen diren beste mota batzuk behar dira inguruan.
Zergatik da berezia errezil sagarra?
Errezil sagarra bertako barietatea da; ondorioz, hemengo klimara ongi egokitzen da. Bestalde, estimatua da iraupenagatik ere. Kamerarik gabe martxora arte iraun dezake errezil sagarrak leku fresko batean gordetzen bada. Sukaldaritzan eta elikaduran daukan arrakasta ere azpimarratzekoa da, konpotan, sagar tartan, marmeladan… jan daiteke. Beste sagar batzuk ez bezala, gordinik jateko edo sagardotarako ere baliagarria da.
Goierrin sagasti asko al dago?
Gabirian gutxi gorabehera ia etxe guztietan dago sagarra, eta hamazazpi bat baserritan ekoizle ere badira. Baina Goierri aldean sagastiak galtzen, ahultzen ari dira. Urteetan eman den familien arteko lotura horrek haustura nabarmena izan du.
Zergatik gertatu da haustura hori?
Batetik, orain urte batzuk industriak gogor jo zuen Goierrin. Dirua, berehalako etekina baserrietatik baino gehiago, fabriketan lortzen zela konturatu ziren langileak. Bestetik, orain hainbat urte pinuak izugarrizko mina egin zien tokiko espezieei. Pinua asko kotizatzen zen garai batean, eta baserritar gehienek pinuak aldatu zituzten, haritza edo pagoa ahaztuz, adibidez. Hori ere joan da, urrezko urteak atzean utzita.
Sagastiak zaintzeak lan asko eskatzen al du?
Bai. Batez ere, nanoak ondo zaindu behar dira, frankoak ez horrenbeste. Ongarria behar dute, ura, eta inaustea ere derrigorrezkoa da. Inausketa garrantzitsua da; lehenengo 3-4 urteetan forma emateko egiten da, eta, ondoren, zuhaitzak ahalik eta fruitu gehien emateko.
Zergatik dira garrantzitsuak nanoak?
Sagarrondoek bi urtez behin ematen dute sagarra. Urte batean asko ematen dute, baina zuhaitza nekatu egiten da, eta hurrengo urtean ale gutxiago ematen ditu. Urtero uzta edukitzea nahi dugunok nanoak landatzea beharrezkoa dugu, beti ematen dutelako.
Sagarra udazkenean biltzen da.
Bai, dagoeneko mila bat kilo jaso ditut, baina beste bostehun jasotzeko dauzkat oraindik. Dena den, normalean gehiago izaten dut, baina aurten sagar urtea ez izateaz gain, eguraldiak ere ez digu lagundu. Udaberria oso euritsua izan da, eta abuztutik aurrera oso giro lehorra izan dugu. Baserri batzuetan ez dute ia alerik lortu. Bereziki urte txarra izan da.
Gabiriak badu errezil sagarrarekin harreman estu bat. Asko egoteaz gain, kalitate onekoak dira.
Gabirian beti egon izan da sagastiak edukitzeko ohitura. Horrez gain, herriko Erbie elkartea orain hamasei urte Gabiriako errezil sagar eta baserriko produktuen azoka antolatzen hasi zenetik herritarrek sagastigintzari gogotsu heldu diotela uste dut. Lehiaketa askotan Gabiriako errezil sagarrek sari asko irabazi dituzte. Bultzada handia izan dira azoka bera eta lehiaketetan irabazitako sariak, noski.
Igandean urteroko azoka egingo duzue.
Sagar eta baserriko produktuen azoka da. Goizean errezil sagarren lehiaketa eta hainbat sagar motaren erakusketa ere egongo dira. Goierri beheko eztien lehiaketa ere egingo dugu, azken urteetan bezala.
Leave a Reply