Bi gizonkotek (goierritar parea, demagun) elkarri erreparatu diote kalean: aspaldi topo egin gabekoak dira. Okindegitik datorrena emaztearekin Donostiara mugitu eta gutxi pasatzen da herritik, adibidez. Eliza paretik jaisten ari denak faltan sumatzen ditu lagunaren ateraldiak elkarteko afarietan. Irribarretsu, bat egitera doaz, hondartzan korrika biltzen ziren maitaleen iragarkian bezala. Besarkadak, laztanak, musuak izango al dira? Ezta alerik ere. Biek hombreeeeee! ozena jaurti dute, eta sendoenak lau bizkarreko bortitzekin agurtu du aspaldiko kidea, ia bizkarrezurreko lesio sendaezinak eraginda.
Zu ere izan zara horrelako gertakari patetikoen lekuko —edo konplize, ez naiz zutaz batere fidatzen eta—. Euskal gizonezko tradizionalaren gabezien artean ilearen kalitate eskasarena ez, hauxe baita ziur asko larriena. Hoztasun fisikoa, sentimenduak aske uzteko ezintasun etsigarria. Eta, are okerragoa dena, halakorik behar den bezala egiten duena susmagarri bihurtzeko ohitura, marikoi eta antzeko abizen sofistikatuak erabiliz.
Neska lirain bat ikusten duen bakoitzeko “hil arteko txortaldia egingo nioke” esan gabe geratu ezin den aker andana dago gurean. Ahobero horiek guztiek bere bizitzako emakumeari, bere amari, ez diote sekula musu goxorik eman. Urrutirago joan gabe, nire anaiek eta nik ere lapurtu dizkiogu gureari milaka pa. Babo konpletoak garelako.
Larrua jotzeko baino, hurkoa ulertzeko, laztantzeko eta haren sentsibilitatearen partaide izateko askoz premia handiagoa daukagu euskal gizonok. Psikoanalista argentinar batek esango luke analfabeto emozionalak garela. Nik hain arrotza zaidan barneko matxoa laster erailko dudala pentsatu nahi dut, eta bizitza sanoago bat zain daukadala. Hementxe idatzita gelditzen da: askoz eztiagoa eta sentiberagoa izatea da nire xedea.
Lehengoan Ijurkorekin Schokoladenera bertaratu nintzen, Pinoreksekin dantza egiteko asmoz. Jendea zebilen, eta estu geunden agertokitik hurbil, gustura. Nire alboan neskato ilehori garai bat neukan, kopa bat ardo zuri eskuan zeukala ari zen rock azkarrarekin saltaka. Elegantea eta adimentsua izatearen itxura hartu nion. “Pasako nuke biharko arratsaldea berarekin Monopolyra jokatzen”, xuxurlatu nion Ijurkori. “Jo baietz, nik ere salduko nioke Cea Bermudez”, haren erantzun ezin hobea. Hernaniko lagunarekin batzen naizen oro, beti agurtzen dut besarkada estu batekin. Horrelako tipo handiei begi bistako maitasuna eman beharra dagoelako, derrigor.
Eta ama, zurekin ere kitatuko ditut zorrak, halako batean.
Leave a Reply