“Talde kirola da, eta ia ez dago indibidualismorako tarterik”

Hasiberria da errugbian Zara Rodriguez Cuesta (Irun, 1988). Zortzi urterekin ezagutu zuen kirola eskolan, eta ordutik izan du errugbian jarduteko gogoa. Irunen taldea sortzeko ahaleginean ari zirela esan ziotenean, ez zuen zalantzarik izan.

Irungo taldea aurten sortu da. Noiz eta nola erabaki zenuen errugbian hastea?

Nik 8 urte nituenean, eskolan, hainbat hilabetetan errugbia egitea egokitu zitzaigun, eta nahiko gustatu zitzaidan. Urtebete eman dut kanpoan bizitzen, eta itzulitakoan, kirola egiten hasi nahi nuen. Galdetu nuen ea kasualitatez nesken talderen bat ote zegoen, eta taldea sortzeko ahaleginean ari zirela erantzun zidaten. Animatu nintzen, eta urte hasieratik nabil jokatzen.

Zer du errugbiak zuretzako erakargarri?

Nire ustez, oso dibertigarria da. Talde kirola da, eta ia ez dago indibidualismorako tarterik.

Errugbiaren gaineko topiko asko ez al daude, bada?

Bai, kirol oso basatia dela, erraz lesionatzen zarela… Baina ez dute errealitatearekin zerikusirik.

Irungo taldea Eibarko taldearekin batu da ligan lehiatu ahal izateko. Zer moduz ari zarete?

Egia esan guretzat oso aukera ona da, bestela gu ezin ginelako ligan sartu. Haiekin batera aritzea oso ondo datorkigu, beraiekin pixkanaka ikasten goazelako. Esperientzia handiagoa duen jendearekin aritzea oso ondo datorkigu.

Eta zer moduz liga? Partida batzuk jokatu dituzue jada.

Bueno, nahiko pattal hasi ginen, baina partidatik partidara hobetzen goaz. Hala ere, badira jokatzen urteak daramatzaten taldeak, eta oso zaila dago kontua.

Zuen helburua datorren urtean talde propioa sortzea da. Bideragarria iruditzen zaizu?

Nik uste dut baietz. Neska dezente gara, eta batzuk oso gazteak dira. Daudenei eustea lortuko bagenu, nik uste dut taldea ateratzeko moduan izan gaitezkeela. Akaso, jokalari helduagoren bat beharko genuke, zaharrena ni naizelako, 25 urterekin. Beteranoren bat ez litzateke gaizki etorriko.

Kirol gehienetan bezala, jokalarien kopurua izaten da arazoetako bat emakumeen artean. Zer esango zenieke zalantzan egon daitezkeen horiei anima daitezen? Nola zirikatuko zenituzke?

Nik nire lagun guztiei esan diet berez errugbia ez dela beraiek pentsatzen duten bezain kirol basatia. Egia esateko oso ondo pasatzen duzu jokatzen, eta partidetan ez dago hainbeste kontakturik. Berdin du argala izatea. Ez da beharrekoa sekulako gorputza izatea errugbian jokatzeko. Entrenamenduetan oso ongi pasatzen dugu denok elkarrekin. Beste taldeetako jokalariak ere ezagutzen dituzu, Euskal Ligan sei talde baino ez garelako: bi Gipuzkoan, bi Bizkaian, Araban bat eta beste bat Nafarroan. Azkenean, denekin duzu harremana. Udako lehiaketak egiten ditugu, baita bestelako topaketak ere. Errugbia ez da jende askok praktikatzen duen kirol bat, hori egia da, baina egiten dutenek asko maite dute, eta pasio handiarekin bizi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.