Gipuzkoa Solidarioa egitasmoak laugarren aldia du aurten. Urte osoan hainbat ekintza antolatu ondoren, bihar SOS Arrazakeria elkarteak etorkinen inguruan dauden estereotipo eta uste faltsuak jarri nahi ditu agerian. Horretarako, Donostian elkartuko dira hainbat talde eta eragiletako kideak, Viktoria Eugenia antzokian, 17:00etatik aurrera. Ekitaldi irekia izango denez, Silvana Luciani Gipuzkoako SOS Arrazakeriako presidenteak herritar guztiei festara batzeko deia egin die.
Gipuzkoa solidarioa: zenbateraino?
SOS Arrazakeriaren lana izan ohi da egon daitezkeen jarrera arrazista edo diskriminatzaileak agerian utzi eta salatzea, baina uste dugu gizarteak berak badituela baliabide propioak horri aurre egiteko. Guk, gure eguneroko lanean, ikusten genuen baliabide horiek badaudela, eta garrantzitsua zela ikusaraztea. Horri merezi duen aitorpena egiten diogu. Gipuzkoa ireki eta barneratzaile batez ere hitz egin dezakegu. Denok Gipuzkoa osoan bizi garen pertsonak gara, berdin dio jatorriak, kulturak edo azalaren koloreak.
Egunerokoan diskriminazio eta arrazakeriaren kontra lan egiten duzuen heinean, zer esango zenuke ingurura begiratuta?
Krisi egoera zail batean gaude, eta ondorioz, gogortzen eta indartzen ari dira diskurtso arrazistak, beti behar delako pagaburu ahul bat esateko: ‘Honek dauka errua, eta ez murrizketa politikek…’. Gainera, osasun arloko murrizketek gizarte talde ahulenei eragiten diete bereziki, eta tartean daude etorkinak. Mugetako kontrolen politikari begiratzen badiogu, ohartzen gara Espainiako Estatuaren zentzugabekeriaz; Ceuta eta Melillako hesietan, esaterako, punta zorrotzak jartzen ditu bizimodu hobe baten bila ari direnei sarbidea galarazteko.
Lau urte dira Gipuzkoa Solidarioa martxan jarri zenutenetik. Goiz al da aldaketarik sumatzeko?
Goiz da neurtzeko, baina uste dut askoz okerragoa litzatekeela egoera Gipuzkoa Solidarioa existituko ez balitz. Tresnak sortu eta elkartasuna zabaldu behar dugu, egoerari galga jartzeko. Galga jartzen ez badugu, arriskutsuagoa izango da, eta Europan gertatzen ari diren zenbat gertaera hel daitezke: eskuin muturreko taldeen agerpena, Egunsenti Urrekara bezalakoena. Hemen egoera korapilatsua izan arren, ez dugu halako esperientziarik, eta horregatik uste dut garrantzitsua dela baikortasun lerro batean jarraitzea, eta ikustea gizarteak elkartasunean eta integrazioan lagun dezakeela. Gizarteak dituen baliabide horien eta elkartasunaren erakusleetako bat da Bizilagunak jardueran izan dugun parte hartzaile kopurua.
Hainbat jatorritako lagunak mahai baten inguruan bildu ziren igandean lurraldeko zenbait txokotan.
Bai, eta aurten berrehun lagun izan dira. Iaz 120 familiak parte hartu zuten, ezerezetik. Europan halako esperientziak egon arren, lehen aldia zen Gipuzkoan. Eta aurten gehiago izan dira. Beraz, uste dugu aurre egin beharreko zurrumurruak, aurreiritziak eta estereotipoak dauden arren, badaudela gizarteak berak dituen elementu garrantzitsuak ere.
Zein eragin dute zurrumurruek gizartean?
Garrantzitsua da immigrazioaren aurka dauden zurrumurruak aipatzea; jarrera arrazista eta xenofoboak eragin ditzakete. Bide horretan kokatzen ditugu ia bi urtez hainbat herritan zurrumurruen aurka eragileei eman dizkiegun tailerrak. Biharko ekitaldian etorkinen aurka zabalduen dauden zurrumurruak aztertu, eta barre ere egingo dugu.
Jarrera arrazistak indartuz doazela ikusita, nola irudikatzen duzu etorkizuna?
SOS Arrazakeria osatzen dugunontzat albiste onena litzateke elkartea bera desagertzea, horrek esan nahiko lukeelako arrazakeria eta xenofobia desagertu direla. Hala ere, egungo egoera aintzat hartuta, are lan gehiago dugu.
Hogei urte bete ditu aurten, hain justu, Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak.
Hala da, [biharko] ekitaldian Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren hogeigarren urtemuga ere gogoratuko dugu. 1993. urtetik daramagu lurraldean bizi garen pertsona guztien eskubideen alde lanean. Horregatik, aurtengo Gipuzkoa Solidarioa egitasmoak hiru ardatz eduki arren, bakarra da honen guztiaren helburua: diskriminazio, xenofobia eta arrazakeria amaitzea.
Leave a Reply