Egunkari paperarekin Gabonetako arrosa leihoak egin daitezke; plastikozko botila berdeekin, egongelak apaintzeko pinuak; arrautza kaxekin, etxea dotoretzeko girlandak; kartoiekin, sabaian zintzilikatzeko izarrak. Gabonetako apaingarriak bota aurretik behin baino gehiagotan erabil daitezkeen materialekin egin daitezke. Beasainen hala egingo dute aurten: kaleak zein barrualdeak material berrerabiliekin egindako apaingarriekin dotoretuko dituzte.
Beasaingo Udalak material ugari berrerabili zuen iazko Gabonetan herriko kaleak apaintzeko. “Beasaindar askori arraroa egin zitzaien, baina apaingarriak eskoletako haurrek egindakoak zirela jakitean gehienek oniritzia eman zieten”, dio Marimar Zelaia Ingurumen zinegotziak.
Herriko kanpoaldea apaintzeko, iaz egindako apaingarriak biltegietatik aterako dituzte, eta berriz erabiliko dituzte betiko argiekin batera. “Argiak ere jarriko ditugu. Kontsumo baxukoak dira, eta, egon badaudenez, horiek erabiltzea ere egokia dela uste dugu”, gaineratu du Zelaiak.
Aurten beste urrats bat egiteko prest daude; izan ere, Beasaingo eraikin publikoak barrutik apainduko dituzte ikasleek egindako eskulanekin: eskolak, erretiratuen egoitza, eguneko zentroa, kiroldegia, geltokia, liburutegia eta udaletxea edertuko dituzte, besteak beste.
Zelaiak “ideia sinplea” dela dio, “egunero eskuetan erabiltzen ditugun objektuei, zakarrontzira bota aurretik, bestelako erabilpen bat ematea”. Esne kaxa batek, esate baterako, sei lamina izan ditzake; tartean, polietileno, aluminio eta kartoi geruzak. Lamina horiek guztiek halako ontzi moten birziklapena zailtzen dute.
Apaingarriak auzolanean
Beasaingo eskoletako Lehen Hezkuntzako ikasleek egingo dituzte apaingarriak, eta kalean jarriko dituzte abenduaren 13an.
Barrualdeak era horretara apaintzeari abantailak baino ez dizkio ikusten Zelaiak: “Auzolanean egingo ditugu gure herria Gabonetan dotoretzeko apaingarriak”.
Eskoletako haurrek egin, eta beasaindarrek gertu-gertutik ikusiko dituzte. “Beharbada, etxean egiteko grina sortuko zaie haurrei zein gurasoei, eta beren etxeak apaintzeko ideiak hartuko dituzte”.
Zelaiak dio ekintza horrek bestelako balioak elikatzeko ere balio duela, “familia giroan eskulanak egiteko aitzakia ere bihur daiteke, baita familia osoaren inplikazioa lortzeko bitartekari bat ere”.
Beasaingo Agenda 21ean sortu zen iaz objektu birziklatu eta berrerabiliekin Gabonetan herria apaintzeko ideia. Barrualdeak apaintzea bigarren urratsa izan da: “Ausardiaz jokatu dugu, eta emaitza ona izango dela uste dugu”.
Laia ingurumen zerbitzuetako enpresak Gabonetako apaingarri iraunkorrak egiteko proposamena egin dio Beasaingo Udalari, eta udalak oniritzia eman dio proposamenari. Laia enpresako Rosa Aurkiak birziklapena eta berrerabilpena bereizi ditu: “Birziklatzea hondakin bati desager dadin irteera bat ematea da. Berrerabilpena berriro erabiltzea da, hondakinen sorrerari aurre hartzea, alegia”. Proposamenaren ernamuina berrerabilpena da, Laiak eskaintzen dituen zerbitzuak “garapen iraunkorrarekin eta ingurumenarekin lotuta baitaude”. Hala, ideia berriak izan behar direla eta, berrerabilpena bultzatzeko Gabonetako apaingarriak material erabiliekin egitea proposatu zioten udalari.
Beste hainbat herritan ere bai
Birziklapena eta berrerabilpena ardatz duten Gabonetako apaingarriak gero eta gehiago ari dira zabaltzen Gipuzkoako herrietan. Ideia praktikan jarri dutenen artean daude, besteak beste, Oñati, Ibarra, Astigarraga eta Bergara. “Herri askotan egiten da jada, eta guri garrantzitsua iruditu zitzaigun eraikin publikoetako barrualdeak ere modu honetan apaintzea”.
Gabonak amaitutakoan, guztiak jaso eta datorren urterako gordeko dituzte. “Iaz egindako apaingarriak gordeta daude, eta aurten ere kalean jarriko dituzte. Urtero kaleko apaingarriak egingo bagenitu, proiektu honek bere izaera galduko luke”.
Eskoletan apaingarri iraunkorrak egin ditzaten, Laia ingurumen zerbitzuetako kideek sukaldeko errezeten moduan apaingarri zerrenda bat bidali diete eskolei. Errezeten antza dute apaingarri bakoitza egiteko materialak eta pausoak zerrendatzen dituztelako. Aldez aurretik zehazten dute, gainera, apaingarri iraunkor horiek egitearen helburua materialak berrerabiltzea bultzatzea dela, eta ez material berriak erostea. Helburu hori ziurtatzeko, etxe guztietan erraz aurki daitezkeen materialak aukeratu dituzte: plastikozko botilak, kartoia, papera, esne kaxak…
Plastikozko botila batek 500 urtetik gora beharko ditu guztiz desagertu arte. Asko eta asko birziklatzen diren arren, botila horiei bestelako erabilpenak ematea irtenbide bat izan daiteke. Aurkiaren enpresak botilekin egindako Gabonetako pinua egitea proposatu du; horrela, birziklatu aurretik hondakinari “bizi berri bat” emango diote.
Birziklatzen den beste material bat papera da. Tona bat paper birziklatzeak hamazazpi zuhaitz salbatzen ditu. Horrez gain, Laia enpresak emandako datuen arabera, 26.500 litro ur, orduko 4.200 kilowatt —familia bakarreko etxea sei hilabetez berotzeko behar den energia— eta ia 1.500 litro olio aurrezten da. Bide batez, paper tona beraren birziklapenak 27 kilo poluitzaile airera igortzea saihesten du.
Leave a Reply