Errezeta elektronikoa Gipuzkoa osora iritsi da

Gipuzkoako 88 herrietako 288 farmazietara eta osasun etxe guztietara heldu da jada errezeta elektronikoa. Oñati izan zen ezartzen lehena, eta joan den astean Donostian falta ziren farmaziak sistema berrira batu ondoren, lurralde osoan martxan da jadanik. Gipuzkoako ospitaleetan ere abian da errezeta elektronikoa, Donostia ospitalean izan ezik. Azken horretan urtarrilerako espero dute.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba eta Bizkaiarekin alderatuta Gipuzkoa da errezeta elektronikoa gehien erabiltzen den lurraldea; orain arte 1,2 milioi errezeta elektroniko eman dira. Iñaki Betolaza Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariak nabarmendu du errezeta elektronikoak “harrera bikaina” izan duela osasun arloko profesionalen, farmazialarien eta herritarren artean. Sistema berri horren bitartez, erabiltzaileak nahikoa du osasun txartelarekin behar duena eskuratzeko, papereko errezetaren ordez.

Ezarpena, mailaka

Iazko irailaren 27an hasi zen errezeta elektronikoa lurraldean zabaltzen, Oñatin. Geroztik, mailakatua izan da ezarpena lurralde osoan, eskualde guztietara iritsi arte. Irun “mugarri” izan zen uztailean, hura izan baitzen ordura arteko ezarpenik garrantzitsuena, herritar kopuruari dagokionez —24 farmazia eta 60.000 biztanle—. Donostian, berriz, hiru egunetan joan dira ezartzen, eta joan den ostiralean jarri zuten erabilgarri Parte Zaharrean eta erdialdean falta ziren 25 farmazia eta bi osasun zentroek —orotara 85 farmazia eta hamar osasun etxe daude, eta 182.000 biztanleri ematen diete zerbitzua hiriburuan—. Martxan egon zen lehen bi egunetan, 2.037 errezeta elektroniko eman zituzten Donostian.

Gipuzkoaren aurretik, Arabak jada lurralde osoan abian zuen sistema berria. Bizkai osoan urte amaierarako izatea espero dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.