“Iruditzen zaigu ez dugula zer eskaini, eta ez da egia”

Enara Iruretagoiena (Irun, 1984) Bidasoa Trukeados plataformako dinamizatzaileetako bat da. Gauzak “beste era batera” egin daitezkeela sinetsita jo zuen oraindik sortzeko zegoen denbora bankura, eta bitan pentsatu gabe heldu zion plataforma eratzeko lanari, han topatu zuen ekintzaile taldeak bidelagun izateko eskaintza egin zionean.

Zer da Trukeados?

Berez, denbora banku bat da, dirurik gabe zerbitzuak eskaintzeko eta eskatzeko toki bat. Txanpon gisa denbora erabiltzen da. Guk, zehazki, ordubete erabiltzen dugu. Eskaintzen dira zerbitzuak, eta eskatzen dira zerbitzuak. Zerbitzu horiek ordaintzeko, ordua erabiltzen da. Hori da denbora bankuaren funtsa.

Nola sortu zen Trukeados Bidasoa Irunen?

Bidasoa Bizirik-en barruan elkartu zen ekintzaile talde baten eskutik sortu zen, baina gerora ekintzaile talde horrek autogestionatutako bidea hartu zuen, Bidasoa Bizirik-etik eta udaletik aparte. Ekintzaile talde horrek proiektu bat zuen, eta ni izena ematera joan nintzen, baina erabiltzaile gisa. Nire harridurarako, denbora bankua sortzeko zegoen oraindik. Handik abiatu, eta 2012ko urtarrilean sortu genuen Trukeados, ofizialki lehenbiziko aurkezpena iazko urriaren 19an egin genuen arren.

Bankua sortzeko batu den ekintzaile taldeak zein beharrei erantzun nahi die?

Ikusten zen jendeak gero eta diru gutxiago zeukala, krisia, beharrak… Hor mugimendu berri bat zegoen, eta zerbait berria sortzeko asmoa.

Eta nola ekin zenioten bideari?

Gure kideetako batzuk beste denbora banku batzuk bisitatzen hasi ziren, eta horiek aztertzen, besteen esperientzietatik ikasteko —Iruñean, Tolosan…—. Denbora banku gehienak elkarteak zirela ikusi genuen orduan. Baina guk pentsatu genuen, Irunen, beste toki gehienetan bezala, elkarte asko zeudela, eta beste elkarte bat sortu ordez, elkarteen zerbitzura jartzeko tresna bat sortzea erabaki genuen. Zertarako sortu beste elkarte bat horrenbeste egonda? Hausnarketa horretatik abiatuta, hasierako proiektua zena bota, eta berriro hasi ginen.

Proiektu berriak zein ezaugarri ditu?

Guretzat komunitate hitza oso garrantzitsua da. Gurean batzen diren elkarte guztiei komunitate deitzen diegu. Hala ere, garrantzitsua da zehaztea batzen direnek ez dutela zertan elkarte ofizialak izan. Lagun kuadrillek, auzo elkarteek… Guztiek dute tokia.

Eta komunitate horiek zein funtzio dituzte?

Komunitate hitza, guretzat, antolatzeko modu bat da. Komunitateek zerbitzuen trukerako darabilten plataforma da. Komunitatea ireki ahal izateko baldintza bakarra komunitate horren dinamizatzailea izango dena izendatzea da. Ni, esaterako, nire komunitatearen dinamizatzailea naiz.

Eta dinamizatzaile gisa zein betebehar dituzu?

Nire komunitatean astean behin elkartzen gara bi orduz, zalantzak argitzeko, ekintzak dinamizatzeko, izen-emate berriak bideratzeko, unean unekoei erantzuteko. Horrez gain, hilean behin batzar bat egiten dugu dinamizatzaile guztiek gauzak nola doazen ikusteko.

Une honetan zenbat komunitate batzen ditu Bidasoa Trukeadosek?

Oraintxe irekita eta martxan hiru daude.

Irungoa izatea beharrezkoa al da?

Guk muga politikoak gainditu nahi izan ditugu, muga geografikoak erabiltzeko. Horregatik gara Trukeados Bidasoa.

Denbora eskaintzen da, baina zer nolako zerbitzuak trukatzeko?

Gehien eskatzen direnak etxerako zerbitzuak dira, elektrizitatea dela, eta antzekoak. Hori da orain arte gehien egin dena. Baita hizkuntzarekin zerikusia duten gauzak ere; itzulpenak, zuzenketak…

Zer eskaintzen du Trukeados Bidasoak gainontzeko denbora bankuek eskaintzen ez dutena?

Guk tailer kolektiboak egiten ditugu. Tailer kolektiboak trukaketak dira, baina bi lagunen artekoak izan beharrean, pertsona baten eta talde baten arteko trukeak dira. Halako asko egin ditugu: astrologia tailerra, larrugintza, ubuntu… Eta orain ilargi diagramei buruzkoa eta dietetika eta nutrizioaren inguruko tailerrak egingo ditugu.

Jendeak nola hartu du egitasmoa?

Denok behar dugu bultzada bat, hasiera batean denoi iruditzen zaigulako ez dugula zer eskaini, eta ez da egia. Igarri egiten da indibidualismoak jota bizi garela. Alde horretatik, konfiantzazko ariketa da Trukeados, zalantzarik gabe.

Zuk, pertsonalki, zergatik jo zenuen denbora bankura?

Niri iruditzen zait gauzak beste era batera egiteko tresna dela Trukeados. Beti gaude diruaren menpe, eta ematen du edozer egiteko behar dugula, baina ez da egia. Gu, poliki bada ere, gauzak egiten ari gara dirurik gabe. Dirurik gabe egin daiteke, eta egiten ari gara.

Zuk zeuk aipatu duzu parte hartzeko denok behar dugula bultzadatxoa. Zein mezu zabalduko zenuke bultzada hori emateko ?

Gauza piloa egin daitezkeela dirurik gabe, eta garrantzitsua dela historiaren une honetan berriz ere elkartzea eta konfiantza berreskuratzea. Guk komunitate hitzarekin horretara jo nahi genuen, auzoetako lehengo giro hura berreskuratzera, garai batean egiten ziren truke horiek-eta indartzera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.