Familia bila hasi dira udarako Txernobylgo haurrak hartzeko

Beste urte batez, Txernobylgo (Ukraina) hainbat haurrek Gipuzkoan igaroko dute uda. Hori posible izan dadin, Chernobilen Lagunak Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundea hasi da familia bila, 2014ko udari begira. “Gogoa” besterik ez da behar egitasmoan parte hartu eta haur bat etxean hartzeko. Hala azaldu du Nerea Zubia erakundeko idazkariak.

6 eta 18 urte bitarteko haurrak hartu ohi dituzte familiek, ekain amaieratik abuztu bukaerara arte. Erakundean umeen zerrenda bat osatzen dute, eta “ahalik eta ume gehien” ekartzen ahalegintzen dira; gehienez, 50 haurren muga dute jarria. Zubiak azaldu duenez, aurten ez dute aurreikuspenik egin, baina kopurua azken urtekoen paretsua izatea espero dute: “Iaz 35 bat haur izan genituen, eta aurreko urteetan ere antzeko”. Txernobyldik 50 kilometrora baino gutxiagora dagoen inguruko haurrak ekartzen dituzte; gehienak Ivankiv herritik datoz.

Osasunak kezkatzen ditu gehienbat Chernobilen Lagunak-eko kideak. “Begiratu batean ematen du ez dutela ezer, baina sistema immunologikoa ukituta daukate”. Zubiak dioenez, udan tenperatura igotzen denean erradioaktibitate maila ere igo egiten da, eta horregatik komeni da umeak handik ateratzea. “Neguak ere oso gogorrak izaten dira; zero azpitik 20-25 gradura iristen da tenperatura, eta uda hemen igarota negua hobeto pasa dezakete”.

Nonahi gertatzen den bezala, Txernobyl inguruan ere ezberdintasunak daude bizilekuaren arabera: “Herrian bertan hobeto daude, baina aldameneko herrixketan bizimodua gogorragoa da”. Leihorik gabeko etxeak dituzte, esaterako.

Haiei laguntzeko, “edonor izan daiteke hartzaile”. Izan norbanako gisa, bikote moduan, familian… Osasun azterketak egitera edo dentistarenera eramatea da eskatzen zaiena; “azken finean, haien seme-alabak balira bezala tratatzea”. Aurretik, notario baten aurrean agiri bat sinatu behar dute hartzaileek, itzultzeko data iristen denean umea jatorrira bueltatuko dela ziurtatuz.

Behin harrera herrira iritsita, bakoitza bere kasa ibiltzen da; “bizimodu normala” egiten du hartzen duen familiarekin. Dena den, guztiak egun batean elkartzeko ahalegina egiten dute; iaz, adibidez, Zestoan batu ziren.

Chernobilen Lagunak elkartea 1996tik dabil egitasmoarekin, hamar urte lehenago gertatu zen hondamendiaren ondorioak jasan dituzten umeen osasuna hobetzeko asmoz. Gipuzkoako zenbait familia batzen ditu erakundeak; guztira, berrogei bat boluntario. Eurekin harremanetan jar daiteke chernobilenlagunak@yahoo.es helbidean, edo 689-58 62 77 eta 690-05 76 72 zenbakietan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.