Gipuzkoako 56 herritara eta 400.000 herritarrengana iristeko asmoarekin hasi zuen bidaia Gipuzkoako Aldundiak urrian, eta 3.300 proposamen bilduta egin du itzuliko bidaia. “Oso pozik” eta “helburuak beteta”, amaitu du autobus zerbitzua hobetzeko prozesuaren lehen fasea.
Eskualdeka egindako bileretan, 1.050 lagunek parte hartu dute euren iritzia plazaratzeko, eta beste hainbat bidetatik, 2.255 galdetegi jaso dituzte oraingoz. Larraitz Ugarte aldundiko bozeramaileak argitu du datuok ez direla behin betikoak, oraindik posta bidez ekarpen batzuk iristen ari zaizkielako. Egitasmoak izan duen harrerarekin gustura agertu da aldundia; Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetza zuzendariaren hitzetan, “Gipuzkoan herritarrekin inoiz egin den parte hartze prozesurik handiena da”. Debagoieneko bileretan 233 lagun izan dira, eta 456 galdetegi jaso dituzte; Debabarrenean eta Urola Kostan, 299 lagun eta 616 galdetegi; Buruntzaldean eta Tolosaldean, 275 parte hartzaile eta 902 galdetegi; eta Goierrin eta Urola Garaian, 243 herritar eta 281 galdetegi.
Loturak hobetzea
Lehen fase horretan, askotariko proposamenak jaso ditu diputazioak; tartean daude ordutegien gaineko informazioa hobetzea, autobusen arteko loturak eta asteburuetako gaueko zerbitzua hobetzea, hezkuntza zentroetara eta ospitaleetara joateko loturak berrikustea, eta hainbat geltokiren segurtasuna indartzea. Gipuzkoako mugan dauden herrietan bereziki, txartel bakarraren ezarpena Euskal Herri osora zabaltzea ere proposatu dute.
Zerbitzu osoari dagozkion arloez gain, eskualdeka herritarrak gehien arduratzen dituzten gaiez ere mintzatu dira bileretan. Buruntzaldean eta Tolosaldean, esaterako, eskaera nagusi bat izan da: jende gehien mugitzen den orduetan zerbitzuak areagotzea, autobusak gainezka doazelako.
Behin iritziak bilduta, diputazioaren txanda da orain. “Ikusi dugu ekarpen asko eta asko oso zentzuzkoak direla, eta orain guri dagokigu gogor lan egitea, proposamen horiek guztiak sakon aztertuz eta egokiak diren guztiak aurreproiektuetan integratzeko”, azaldu du Ugartek. Parte hartze prozesu osoak urte eta erdi iraungo duela aurreikusi du aldundiak, eta, beraz, autobus zerbitzu hobetua 2015eko urtarrilean da martxan jartzekoa.
Leave a Reply