Maite Alustiza
2017ko aurrekontu zirriborroa prestatzen hasi da Gipuzkoako Foru Aldundia. 812 milioi euro izango ditu, eta “2016an hasitako lanari” jarraipena eman nahi dio —diru kopuru osoaren %46 gizarte politiketara bideratu du aurten, iaz baino 1,2 puntu gutxiago—. Aurrekontu “errealaren” gainean proposamen bat osatu du, eta orain “proiektu garrantzitsuenei buruz” galdetuko die herritarrei, Aurrekontu Irekiak egitasmoaren bidez. Imanol Lasa aldundiko Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak jakinarazi duenez, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta hiru bide dituzte horretarako: etxeetan banatu diren esku orriak beteta, herriz herri ibiliko den karpara joanda edo Gipuzkoa. eus/irekia/partaidetza webgunearen bidez. Irailaren 26tik urriaren 13ra arte hamasei herritatik pasatuko dira; gainontzeko bi bideetatik jada eman daiteke iritzia. Ekarpenak baliozkotzat jotzeko, beharrezkoa izango da norbere datuak ematea, parte hartzeko bide bat aukeratu edo beste.
Bi ariketa egin ahalko ditu erabiltzaileak. Batetik, 1etik 10era zerrendatu beharko ditu bere “lehentasunak”, garrantzitsuena denetik gutxienera. Zerrendan, 2019ra arteko Kudeaketa Plan Estrategikoan dauden lan lerroak agertzen dira: gizarte zerbitzuak, lurralde oreka, ingurumena, enpresen lehiakortasuna, kultura… Bestetik, proiektu zehatzen inguruko iritzia eman ahal izango da. Diputazioak hamasei aukeratu ditu, eta herritarrak horietatik zortzi lehenetsi beharko ditu. Proiektu horien artean daude, adibidez, Antzuola-Bergara zatiaren obra —55,5 milioi euroko aurrekontua dauka—; langileen parte hartzea enpresetan —bi milioi—; iruzur fiskalaren aurkako programa —1,3 milioi—; eta mendekotasunari aurre egiteko zentroak —1,1 milioi—.
Lasak azaldu duenez, “erabakiak hartu baino lehen, agenda publikoan dauden gai garrantzitsuenak kontrastatu” nahi dituzte. Dena den, zehaztu du bildutako proposamenak egingarriak diren ala ez ikusi beharko dutela: “Batzuetan agian ez dira gure eskumenekoak, edo gerta daiteke proiektu bat lizitatuta edo adjudikatuta egotea, eta ziur asko aldaketa gutxi egin daiteke”. Azken horien artean obrak aipatu ditu.
Epeak
Egitasmoarekin, parte hartzerako “ate berri bat” ireki nahi du diputazioak, eta “berme osoa” duen prozesu bat eskaini. Dagoeneko hasi da lehen erantzunak jasotzen. Urriaren 14an bukatuko da iritzia emateko epea, eta, ordura arte, etxean jasotako esku orriak foru aldundiaren erregistroan edo tokian tokiko erregistro publikoetan aurkeztu ahal izango dira.
Gero, memoria bat osatuko du aldundiak, eta horretan zehaztuko ditu aintzat hartu dituen proposamenak eta arrazoiak. Aurreikusi dutenez, urri bukaeran onartuko dute aurrekontu proiektua, eta azaro-abenduan izango da eztabaida Batzar Nagusietan. Lasak uste du ez dela egokia diputazioaren egitasmoa hauteskunde kanpainarekin lotzea: “Epeak horiek izanda, ezin genuen atzeratu. Orain da momentua”.
Leave a Reply