Inguruan dauzkadan hainbat gauza zertarako erabil daitezkeen ez nuke jakingo asmatzen. Haien artean daude alkoholik gabeko garagardoa, txikoria, bidetak eta Lokarri, esaterako. Baina seguru nago horiek guztiak ezin baliagarriagoak direla, ezertarako ez zirela uste nuen bat baino gehiagoz gozatzen hasi bainaiz oraintsu. Igandeez, adibidez.
Azken hogei urteetan mila domeka baino gehiago kabitu dira, baina haietaz ezer gutxi gogoratzen dut. Seiehun bat ohetik sofarako eta sofatik oherako bidaiak egiten xahutuko nituen, kaskezurreko min galantarekin, Espidifenari entxufatuta. Beste laurehunetan tona bat Risketos eta BocaBits irentsitakoa naiz, telebistako kirol emanaldiren batek lagunduta —golfa, ahal izanez gero, baina berdin zuen zein—. Eta kito, hori izan da guztia, ez da besterik egon.
Susmoa daukat ez naizela Jaunaren eguna nora ezean pasa izan duen bakarra. Antzina, meza, txikiteoa eta erromeria izaten zituzten herrietan, hobetu ezinezko pack-a. Hernanira zuritoak hartzera joateko plana modan jarri zen gero —batzuek bagenekien benetako mobida Oialumen zegoela, hori bai—. Orduan Goretex-a asmatu zuten, eta, horrekin batera, pipa zorro bat eskuan hartuta inon hasten eta inon amaitzen ez ziren paseo mantsoak. Eta hor hil zuten igandea —kontakizun historikoa oso zehatza ez bada, barkaidazu, kontakizun historikoak beti izaten dira delikatuak eta—.
Baina bada urte erdia edo, izaera matxino sutsuak bultzatuta, asteko azken egunari zukua ateratzen ari naizena. Desorduko txupitoek ez dute alde egin nire bizitzatik, eta haien sasiko semeak diren ajeek ere ez. Baina barruan daramadan Homer Simpson arrastoan sartuta daukat, eta asteko une gorenerako saiatzen naiz plan onenak gordetzen: gauerdian amaitzen diren bazkariak, garagardo sorta ederrarekin bultzatako Monopoly partidak, rock kontzertuak. Domekan ere egin daitezke horiek, egiaztatuta daukat, eta ez da astelehen produktiboen polizia azaltzen inor atxilotzera.
Iraultza erabatekoa izan dadin, halere, azken urratsa falta zait, sinbolikoena: astelehenetik larunbatera erabiliko ez ditudan janzki dotore batzuk apartatu, eta igandeetako uniformea osatzea, hain zuzen ere. Gorbata, txaleko eta guzti, nola ez. Dozenaka bururatzen zaizkidan pitokeria horietako bat izango da hauxe. Baina kirtenkeria horrexek ohetik jaikitzen lagunduko dit orain dela hogei urte galdutako ilusioarekin, egundoko bestondoa izanda ere.
Leave a Reply