Esperotakoaren bikoitza bildu du elikagai bankuak

Aurreko urteetan ez bezala, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak aurten bat egin du bi eguneko ezohiko janari bilketaren kanpainarekin. Azaroaren 29 eta 30ean egin zen janari bilketa hori, eta Kanpaina handia izena jarri zioten; helburua “asmo handikoa” zen, baina aurreikuspen guztiak gainditu ditu gipuzkoarren elkartasunak. Iragan asteburuan, 23.000 gipuzkoarren beharrei erantzuteko 110 tona elikagai biltzeko asmoa zuten, eta 250 tona bildu dituzte guztira.

Azken deialdietan ez dute egitasmoan parte hartu, ez zituztelako halako kanpaina baterako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak. Aurten, ordea, ahalegin berezia egin dute, eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko lehendakariorde Jose Manuel Pineda pozik agertu da bilketarekin: “Ez geunden halako zerbaitetarako prestatuta; ia kaosa izan dela esan dezakegu”. Asteburuan lanean aritu ostean, astelehenean berriro ekin zioten furgonetek Gipuzkoako saltoki handietan bildutako elikagaiak garraiatzeari. “Zetorrenaren arabera inprobisatu behar izan genuen; hiru furgonetarekin nahikoa izango genuelakoan geunden, baina azkenean bosten beharra izan genuen”, azaldu du.

Gipuzkoako 64 gune egokitu zituzten janari bilketarako, eta ehun tona elikagai inguru biltzea espero zuten. Aurreikuspenik onenetan ere ez zuten espero 110 tona baino gehiago biltzerik. Baina gipuzkoarren elkartasunak gainditu egin ditu aurreikuspen horiek. Boluntario aldetik ere, deialdi berezia egin zuen Elikagaien Bankuak, supermerkatuetan egoteko ohi baino jende gehiago behar zelako. Beldur ziren 600 lagun bilduko ote ziren; milak baino gehiagok parte hartu zuten azkenean. Hala esan zuen kanpainen zuzendari Carlos Martinezek: “Azkenean ilusioz etorri den jende mordoak ez du kanpainan parte hartzerik izan”, baina hurrengo aldietarako “kontuan” izango dituztela ziurtatu zuen.

Supermerkatuen sarreretan zeuden kaxa handietan batzen zituzten boluntarioek bezeroek emandako janariak, eta azkar betetzen ziren. Debagoieneko zenbait saltokitan, gainera, elikagai batzuk gastatu egin ziren, eta eskaera gehiago egin behar izan zituzten. Bildutako guztia Hernaniko enpresa batek utzitako mila metro karratu inguruko pabiloi batean pilatuko dute. Ehun tona elikagai bilduta, lau edo bost hilabetetako beharrak aseak izatea espero zuten, baina lortu dutenarekin, urte erdiko beharrak asetzeko elikagaiak biltegiratuko dituzte.

Gertuko beharrak

Bergarako gunean boluntario lanetan zebilen Felipe Uriarteren arabera, “goseak eta beharrak” eragin zuten gipuzkoarrek halako erantzuna ematea: “Ez dut inor mindu nahi; biltzen ari garenaren zati handi bat etorkinentzat da, baina gipuzkoar asko daude honen beharrean, eta lotsagatik ez dira eskatzera ausartzen”. Uriarteren hitzetan, albisteetan egunero ageri dira ixten dituzten enpresei buruzko berriak, eta “horrek kaltetutako jendea ez da egun batetik bestera ezer gabe geratuko, baina langabezia saria ere ez da betiko”. Pineda ere ados dago iritzi horrekin, eta, haren ustez, “krisiaren egoerak okerrera egin ahala hobeto erantzuten du Gipuzkoako jendeak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.