Datorkigunaz

Estu eta larri dabiltza Gipuzkoako herritarrak, familiak eta estamentu gehientsuenak. Eguna joan eta eguna etorri, gain behera doaz enpresa ezagun ugari, eta are gehiago txiki ezezagunak. Fagor Etxetresnak (FET) kooperatibaren ibilerak are gehiago astindu ditu bazterrak; izan ere, horrekin batera, 200 enpresa hornitzaile eta 4.000 lanpostu inguru auzitan gelditu dira. Tajo eta Grumal izan dira kaltetuen artean aipatuenak, baina asko dira oraintxe herio bidaian doazenak. Etsiak jo ditu euskal herritar asko eta asko, 80ko hamarkadan bizi izandakoak egin zuen bezala.

Enpresa guztiak ez dira, ordea, hilzorian. Bada aurrera begira gogotik lan eginez, baikortasun errealista batean bizi denik. Gipuzkoak, lurralde bezala, baditu, beraz, garapenerako egiturak, enpresa eta profesional eraginkorrak eta irtenbideari oinarria jarri nahi dioten instituzioak (Jaurlaritza eta aldundia, udalak eta garapen agentziak). Mondragon Korporazioak FETen auziari eman dion erantzuna aintzat hartzekoa da alde horretatik. Labur esanda: baditugu gaitasuna, ezagutza eta kapitala; enpresa berriak sustatuz, enplegua sortu eta aberastasuna eragiteko gai gara, eta egitera goaz.

Beraz, badirudi hurrengo urteetan oraindik enpresa asko ixten ikusiko ditugula, txikienak eta maila teknologiko apalenekoak gehienbat, baina berriak sortzen ere ikusiko ditugu. Lanik gabe geldituko dira eskarmentu handiko hainbat profesional, eta hasi berriak diren hainbat gazte aukerarik gabe. Eta zer esan formazio urrikoez, gutxitasun fisikoak dituztenez, umeak bere kargu dituzten guraso bakarrez…

Gaindegiak azaroan aurkeztu du Euskal Herriko enpresa demografiaren lehen azterketa. Hainbat emaitza utzi dizkigu, horien artean: lurralde batzuetan jarduera ekonomikoa ahulegia dela (dibertsifikazio txikia, enpresa ahulak…), edo enpresa txikiak proportzioan nagusi direla, agian txikiegi eta agian bezero bakar batentzat lan egiten ohituegi; horra hor FETek eragindako domino efektua. Industria arloko enpresa txikienak dira maila teknologiko apalenekoak eta etorkizun eskasenekoak. Enpresa industrialak ari dira galtzen eta zerbitzuen alorrekoak nagusitzen (enplegu eskasagoarekin).

Horrek guztiak Gipuzkoako lurraldean auzi garrantzitsuak plazaratzen ditu. Besteak beste, zer egin eta nola egin Gipuzkoak duen geografia produktiboari eusteko (bailara guztietan eta bertako jabegoaren kontrolpean), zer egin eta nola egin enpresa gehiago ez ixteko, zer egin eta nola egin enpresa txikiak elkarrekin aliatu eta egitasmo berritzaileak (produktu berriak, merkatu berriak) martxan jartzeko. Zer egin eta nola egin prozesu horretan behar duten laguntza teknikoa eta finantzaketa bermatzeko, jakintza berria dutenak eta zaharkitutakoak enplegatzeko. Galdera gehiegi, beharbada…

Gaurko munduak, halaber, hemendik oso urrun dauden plaza ekonomiko garrantzitsuak ditu. Beste lurraldeetako premiek eta erabakiek berebiziko eragina dute hemengo lan eta aberastasunean. Aurreko mendean Atlantikoaren itsas hegia jarduera ekonomikoaren gune izan bazen, gaur egun beste nonbait dago ardatz hori. Ez dirudi Euskal Herriari, dagoen lekuan dagoelako, atzerriko inbertsioa orain arte bezala etorriko zaionik. Zerbait sortzekotan, geuk egin beharko. Debagoienan, Goierrin… ikasi dugu horri buruz zerbait.

Hortaz, erronkak zein izan daitezkeen badakigu, eta erronka horiei erantzuteko azken ehun urteetan izan ez dugun bakardadea (gozatu? sufritu?) behar izango dugula ere bai. Beraz, badirudi geure indarrez eta geure kapitalaz sare produktiboa eraiki beste aukerarik ez dugula izango oraingoan. 1980ko hamarkadan gertatu bezalaxe, bere ezagutza eta gogoa beste kapitalik ez duten langileek elkar hartu eta egitasmo berriak martxan jarri beharko dituzte, eta sare instituzional handia beharko dute ondoan, enpresa horiek ongi antolatu, bideragarri egin eta kalitatezko enplegua sortu eta horri eusteko.

Ez da, ordea, enpresa mailako auzia; auzi soziala ere bada, lana izan dezaten lan mundura sartzeko egoerarik eskasenean daudenek, heldu zein gazte. Auzi instituzionala ere bada, tokian tokiko egitasmoek askoren arteko adostasunak eskatuko baitituzte, bailaraz bailara. Lurrari lotutako auzia ere bada, bertako nekazaritza eta arrantzak berriro jendea enplega dezan. Hamaika xede aipa liteke.

Errenteria 2025ko egitasmo estrategiko berria ezagutu dugu. Aurkezpen ekitaldian Caceresen sortu eta 17 urterekin Euskal Herrira etorritako neska gazte batek euskara jasoan adierazi zuena ekarri nahi nuke hona amaitzeko. Alegia, horrelako egitasmo estrategiko eta ilusionagarri bat martxan jartzeko, lan egin beharko dugu, nekatu arte lan egin, eta, nekatutakoan, lanean jarraitu. Lortu arte lan egin, eta lortu ondoren ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published.