2014a urte gogorra izango dela uste du minbiziaren aurkako Gipuzkoako elkarteak. Ohar bidez azaldu duenez, instituzioen laguntzak %60 jaitsi dira, eta, horrez gain, osasun arloan Espainia egiten ari den politikarekin kezkatuta daude. Botiken berrordainketa aipatu dute, esaterako. Elkartearen arabera, minbiziari aurre egiteko medikamentu asko sartzen dira horretan. Bestetik, etorkinei osasun arreta gutxitzeak ere kezka eragiten die. “Espainiako osasun arloko araudi orokorra aplikatzen bada Euskal Autonomia Erkidegoan, gizarte arazoak sor daitezke immigranteei arreta gutxiago eskaintzearen ondorioz”. Arlo horiexek hartu ditu erronkatzat hurrengo urtera begira minbiziaren kontrako elkarteak.
Zailtasunak zailtasun, gaixotasunari aurka egiten lanean jarraitzen dute. Hala, 2014an ere bekak eskainiko dituzte minbiziaren inguruko ikerketak egiteko. Fernando Pesquera presidenteak eman zituen horri buruzko xehetasunak joan den astean, Boluntarioen XV. Topaketetan. 225.000 euroko bi beka emango dituzte —150.000 eurokoa da bat, eta 75.000 eurokoa bestea—. Aurrenekoa minbizia ikertzeko elkartearen Zientzia Fundazioaren barrukoa da, eta Espainiako ikerlarientzat izaten da. Bigarrena, Gipuzkoako zentroetan lanean ari diren ikertzaileentzat izango da; doktore tesia egiteko izango da, zehazki. Iaz, 25 urte bete zituen Gipuzkoako elkarteak, eta orduan hasi zen bekak ematen.
Omenaldia laguntzaileei
Urtero bezala, topaketetan elkarteko hainbat kide omendu zituzten egindako lanagatik: Isabel Iraundegi eta Mari Carmen Larramendi donostiarrak, Maria Jesus Ruiz irundarra eta Maritxu Hernandez zumarragarra, hain zuzen. Bestetik, Gipuzkoako elkartearekin “modu berezian lanean aritzeagatik”, oroitarri bat jaso zuten lau lagunek: Zumarragako alkate Mikel Serranok, Isabel de Paulak —Gizarte Segurantzan emandako laguntza administratiboagatik—, eta Tenis Ondarreta jatetxeko kudeatzaile Maite Sabadellek eta Tristan Montenegrok.
2013. urtean egindako lan azpimarragarrienak ere gogoratu zituzten ekitaldian. Esaterako, aurten egoitza berria zabaldu dute. Zumarragan daude jada, Goierri eskualdeari zerbitzua emateko. Horrez gain, sukaldaritza osasuntsuari buruzko liburu bat ere argitaratu dute, eta Basque Culinary Centerren laguntzarekin koloneko minbizia saihesteko jardunaldiak antolatu dituzte. Pesquerak azaldu zuenez, gainera, iaztik bikoiztu egin dituzte azaleko minbizia saihesteko hondartzetan eta igerilekuetan egindako ekitaldiak.
Leave a Reply