“Niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da”

Betidanik gustatu izan zaio marrazketaren mundua Felix Plano Ezeiza tatuatzaileari (Donostia, 1966). Jaioterrian bertan egin zituen oinarrizko ikasketak. Artea eta Dekorazioa ikasi zuen, eta, gero, marrazketa eskolak hartu zituen, lanean ziharduen bitartean. Dagoeneko 22 urte pasatu dira tatuatzaile ofizioan hasi zenetik, eta, gaur egun, Donostiako Egia auzoko Ametzagaina kalean dauka estudioa.

“Tatuajeen mundua gai artistikoa da, nik arte moduan sailkatzen dut; niretzat, tatuajea artea egiteko beste modu bat da, artea azalaren gainean egiteko modua, alegia, nahiz eta gero bakoitzak nahi duen bezala har dezakeen”, azaldu du Planok.

Aerografia gogoko zuenez, Hernaniko motozikleta tailer batean hasi zen lanean; aerografoz margotzen zituen han motorrak. Aerografo lanetan aritzetik tatuajeak egitera igaro zen, 1992an: “Horretarako, Parisera joan nintzen lau lagunekin, eta han tatuajeak egiteko makina eta materialak erosi nituen”, azaldu du tatuatzaileak. Horrelaxe, bere kabuz ikasiz hasi zen ofizioan, eta horretan dihardu oraindik.

Donostiarrak egindako lehen tatuajea bere lagun Kikeri egin zion. Oraindik ere barrezka gogoratzen du lagunari egindako tatuajea: “Alberjinia kolorekoa utzi nion besoa; morea geratu zitzaion, bai kanpotik eta baita barrutik ere”, azaldu du. Orduan ez zegoen ez tatuajeak egiteko ikastarorik, ez antzekorik. Baina, gaur egun, modu profesionalean egiten du lan; tatuajeak egiteko beharrezkoak diren titulu eta lizentziak dauzka ofizioan aritzeko. Horrez gain, osasun baldintzak betetzen dituen kabina esterilizatua ere badauka tatuajeak egiten dituen estudioan. Gipuzkoako Tatuatzaileen eta Piercing Elkartean ere sartuta dago —guztira hemezortzi estudio daude elkarte horretan sartuta—.

Tatuatzaile bakoitzak, artista bakoitzak bezala, artea egiteko estilo eta gustu desberdinak izan ohi ditu: “Neuri, gris eta beltz koloreekin lantzea gustatzen zait, baina koloretan egin behar bada, kolorea erabiltzen dut”. Mota guztietako marrazkiak egitea gustatzen zaiola aipatu du tatuatzaileak: “Denetarik egitea gustatzen zait, ez zait monotonia gustatzen nire lanean”. Gorputzean dauzkan tatuaje guztiak berak diseinatutakoak direla azaldu du Planok.

Aholkuak eta eskaera bitxiak

Tatuajea egitera doazen hainbat bezerok aholkua eskatzen diote. Planok azaldu duenez, berak aholkuak ematen ditu, baina, hala ere, jendeak nahi duenaren estilora hurbiltzen ahalegintzen da: “Aholkularitza lanak egiteaz gain, bezeroak nire diseinuekin pozik gera daitezen ahalegintzen naiz; haien gustuen arabera egiten dut betiere”.

Gustu guztietarako koloreak dauden moduan, tatuajeak ere gustu guztietarako daude. Bezero bakoitza modu batekoa da, eta bakoitzak bere gogoko gauzak eskatzen ditu.

Hainbatetan gauza bitxiak eskatu izan dizkiotela azaldu du tatuatzaileak. Adibidez, hozkailu amerikar bat tatuatu zion behin bati, eta hozkailu barrutik hainbat gauza ateratzen ziren tatuaje hartan: kalabazin berde bat, zero azpitik markatzen zuen termometro bat, zorri bat, bizikleta kaskoa zeraman dortoka bat eta abar.

Horretaz gain, beste hainbat bitxikeria ere eskatu dizkiote donostiarrari: famatuen aurpegiak, Epi eta Blas, “tamaina errealeko deabru isatsa” eta lepoan hasi eta ipurdirainoko marra beltz bat, beste zenbaiten artean. “Aukera askotarikoa daukagu; azken finean, bakoitzak bere harrikada dauka buruan, eta gustu desberdinak dauzkagu guztiok”, azaldu du tatuatzaileak.

Normalean, gazteak joaten dira tatuajeak egitera. Nolanahi ere, adingabeen kasuan, beharrezkoa da gurasoa edo tutore bat seme-alabekin batera joatea tatuaje estudiora.

Ofizio guztietan bezala, tatuatzaileak ere batzuetan gustura egiten ditu bere lanak; ez, ordea, beste hainbatetan. Bezeroa gustura uztea izaten du helburu, eta, Planok azaldu duenez, lana ongi betetzea da tatuatzaile guztien eginbeharra: “Batzuetan, jendeak izugarrizko astakeriak egin nahi izaten ditu, eta nik aholkuak ematen dizkiet bezeroei, eta egiten dutena bizi guztirako dela azpimarratu”.

Tatuajea egiteari uko

Tatuaje bat egiteari noizbait uko egin izanaren gainean, hau azaldu du Planok: “Egun batean, emakume bat etorri zen kopetan koroa bat tatuatu nahi zuela esanez. Erabat aztoratuta sartu zitzaidan atetik, esanez goiz hartan senarrarekin epaiketa bat eduki zuela eta umearen zaintza aitari eman ziotela. Bere onetik aterata esan zidan bera zela bere alabaren erregina, alaba bere printzesa zela, eta horregatik nahi zuela koroa tatuatu kopetan. Ni ez naiz isilik geratzen diren horietakoa; laguntza behar zuela esan nion, eta ez niola koroaren tatuajerik egingo”.

Tatuajea egiten dutenen helburua diseinuarekin asmatzea da, Planoren arabera: “Azken finean, egindako tatuajea polita eta kalitatezkoa izatea da garrantzitsuena”. Gaineratu duenez, gaur egun, hainbat tatuatzaile euren etxebizitzetan hasi dira lan egiten: “Horietako askok marrazketa ikasi dute, eta tatuajeak egiten hasi dira, baina teknika guztiz ezberdina da, tatuajeak egiteko makinak nola erabiltzen diren jakin behar baita”, azaldu du. Hori horrela, tatuatzaileak adierazi du tatuajea egitera doanak ongi jakin behar duela nora joaten den: “Jendeak leku profesionaletara joan beharko luke; artea deitzen den ofizio honetan, seriotasun pixka batez lan egiten duten lekuetara”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.