Garraio publikoaren erabilera handitu nahi dute eskola kirolean, Oiartzualdean

Autobusek autoak ordezkatuko balituzte; oinak motorrengatik aldatu; bakarka doazenak batu. Horiek guztiak errealitate balira, helburuen poltsa beteta lukete Oiartzualdeko lau udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean abiatu berri duten egitasmoarekin. Asteburuetan eskola kiroleko jardueretan parte hartzen duten gaztetxoen artean garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dute, eta, horretarako, probako proiektu bat jarri dute martxan Oiartzun, Pasaia, Errenteria eta Lezon.

Udalek iaz egindako diagnosi batetik abiatu zen proiektua. Azterketa horren bitartez, jakin nahi zuten eskola kirolaren barruan zer-nolako mugikortasun ohiturak zeuden asteburuetan jarduera horietara joateko, eta ohartu ziren bat eta bakarra zela nagusi: autoa. “Gehienetan, gainera, auto batean ume bakar bat zihoan”, Unai Erroitzenea diputazioko Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko zuzendariak azaldu duenez. Hori ikusita, bizikletaren erabileraren aldeko egitasmoak bultzatu zituzten batetik; eta, bestetik, garraio publikoa txertatzea beharrezkotzat jo zuten, “ikuspegi integralago bat emateko asmoz”. Lau udalen egitasmoa aprobetxatu eta amu horri helduta, aldundiak ere bat egin zuen.

Oraingoz, eskualdeko hamabi ikastetxek eman dute izena; 73 kirol taldek, guztira. Talde horien artean, 146 txartel anonimo banatuko dituzte, bi talde bakoitzeko —txartel bakoitzarekin bederatzi lagunek egin dezakete joan-etorria Lurraldebuseko zerbitzuetan—. “Kontuan izan behar da Oarsoaldeko ikastetxeetan 1.400 ikasle daudela eta %50 inguru eskola kiroleko jardueretan aritzen direla. Pentsa asteburuetan zer-nolako mugimenduak egon daitezkeen”.

Lehenengo proba azaroaren 30ean egin zuten; hurrengoa, berriz, bihar izango da. Lehenengo esperientzia horretan 58 taldek parte hartu zuten, 116 txartel banatu ziren, eta, haurrekin batera, gurasoak ere batu ziren programara. Urtarriletik aurrera, berriz, beste hamabost talde izango dituzte, txartelen eskaera egina baitute. Hori horrela, aurrerantzean espero dute “gauzak ondo joatea, talde gehiago atxikitzea eta ohitura hori sortzen joatea haurren artean”.

Aldundiak 12.000 euroko inbertsioa egingo du proba horretan, eta, ateratzen dituzten ondorioen arabera, Gipuzkoako beste eskualdeetara zabaltzeko aukera aztertuko dute. Erroitzenearen arabera, “praktika onak” bultzatzeko bidean garrantzitsua da horiek kolektiboki sustatzea, haurren artean, kasurako. Garraio publikoarekin batera, bizikletaren erabilera bultzatzeko pausoak ere eman dituzte iaztik. Eta ugaritzea lortu dute, Jokin Sukuntza Oiartzungo Udaleko Kiroletako teknikariak jakinarazi duenez. “Eskola kirolera joateko, lehen garraio naturala bizikleta izan beharko litzateke haurrentzat”.

Beste hainbat proiektu

Gisa horretako lehen proiektua izan arren, antzerako esperientziak badaude martxan Gipuzkoan. Asier Sarriegi diputazioko Kirol zuzendariak ohartarazi du Oiartzualdeko proiektua abiatuta ere ez dutela gainerakoak bertan behera uzteko asmorik, “ondo funtzionatzen baitute”. Adibide gisa aipatu du Deba Behean larunbatetan eskola kirolerako autobus bat dutela —Elgoibar, Mutriku, Deba eta Mendaron—, baita Goierri garaian dutena ere —Zumarraga, Urretxu eta Legazpin—. Horrez gain, Kirola Busean programa ere martxan izan dute. Horretan, hainbat taldek autobusa elkarbanatu dute, eta, bide batez, “autobusen prezioak jaisteko” balio izan du. “Leku batera joan eta gero autobusa han geldirik egon beharrean, autobus hori talde batek baino gehiagok erabil dezake”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.