Mende erdi betetzear, aitorpena boluntarioei

Sari bat esku artean duela helduko da odol emaileen elkartea mende erdira. Gipuzkoako Foru Aldundiak Boluntariotzaren XIX. Saria eman dio, eta, horrela, iaz saritu zuten Gipuzkoako Laringektomizatuen Elkartearen lekukoa hartu du. Astelehenean erabakiaren berri eman ondoren, asteazkenean jaso zuten garaikurra elkarteko ordezkariek, Donostian.

Hurrengo urtean beteko ditu 50 urte elkarteak; gaur egun, Gipuzkoan 77 ordezkaritza eta 400 boluntario ditu. Aldundiak horiek guztiek egiten duten lana aitortu nahi izan du sariarekin, eta, Martin Garitano ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, “pozteko modukoak” dira Gipuzkoako boluntariotza datuak, “bikainak”. Haren arabera, boluntarioekin lan egiten duten 4.500 elkartetik gora daude lurraldean: “Hori ez da kasualitatea”.

Eskerrak boluntarioei

Saritua hautatu duen epaimahaia ere boluntarioz osatutakoa izan da; hirugarren sektoreko hainbat talde eta eragileren ordezkariena izan da erabakia. Hautagaitza, berriz, Gipuzkoako Mediku Kolegioak aurkeztu zuen, odol emaileen elkartearen alde. Kolegioaren arabera, “oso garrantzitsua” da halako sare bat edukitzea kide “boluntario, altruista eta arduratsuekin”. Maria del Rio diputazioko Plangintzako zuzendariak ere ildo beretik jo du elkartearen lana aipatzean: “Trukean ezer eskatu gabe eta inolako interesik gabe jarduten dutenei egindako aitorpena da”. Horrela, “gizarte ehunaren partaidetzari” balioa eman nahi izan dio aldundiak: “Gure gizartearen altxor paregabea da”.

Sabin Urzelai odol emaileen elkarteko lehendakariak jaso zuen saria, eta eskerrak ematearekin batera, elkartearen parte diren eta izan diren guztiak izan zituen gogoan. “Odol transfusioak eskubidea eta ez eskakizuna izan daitezen lortzea, neurri handi batean, 50 urte hauetan ehunka pertsona boluntario eta ikusezinek egindako lanaren fruitua da. Horiek dira sari hau irabazi dutenak”.

Ia mende erdikoa den ibilbide horretan, hain justu, 90.000 lagunen inplikazioa izan du elkarteak. Egun, 19.000 odol emaile inguru ditu, eta hurrengo urtea amaitzerako 18 eta 65 arteko gipuzkoarren %3 emaile izatea lortu nahi dute. Helburu hori gogoan, Gotatanta kanpaina jarri zuen abian elkarteak iazko maiatzean. Kanpaina hasi aurretik, 17.500 odol emaile inguru zeuden Gipuzkoan.

Urzelaik azaldu duenez, 2013. urtea amaitu arteko erreserbak “ezin hobeak” dira, baina ohartarazi du beharrezkoa dela odola ematen jarraitzea, ezin baita denbora luzez gorde.

Elkarteko datuen arabera, mila biztanleko urtean 50 odol emate lortzea izan ohi da egoera onaren seinale, eta Gipuzkoa buelta horretan dabil. Inguruko hainbat lurralderekin alderatuz gero, Araban, urtean 72 dituzte; Bizkaian, 42 bueltan; eta Nafarroan, 50-51 inguruan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.