Langileen alde eginez aurre egin nahi dio aldundiak Madrili

Sindikatuen eta aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuaren artean egindako foru araua garrantzitsutzat jotzen duten arren, ez da aldundiak langileen baldintzen inguruan hartu duen erabaki bakarra, edo eman duen pauso bakarra. Izan ere, diputazioarekin lotura duten langileen lan hitzarmenetan jasotzen dena defenditzearen alde agertu da aldundia. “Adibide gisa, zaharren egoitzetako langileen baldintzei eusteko bitartekaritza egiteko prestutasuna eta langile publikoei ordainsari osagarria emateko erabakia” aipatu ditu Ugartek.

“Krisi garaian gaude, eta inoiz baino beharrezkoagoa da langileen baldintzak errespetatzeko lan egitea; baita langileen egoera duintzeko neurriak hartzea ere”, adierazi du aldundiko bozeramaileak. Krisitik ateratzeko langileen baldintzak mantendu egin behar direla iritzi dio aldundiak: “Enpleguaren kalitatea bermatu egin behar dugu. Argi da ezkerrak eta eskuinak ez ditugula planteamendu berberak egoerari aurre egiteko. Ikuspuntu desberdina dugu faktoreen azterketan eta irtenbideetan”.

Horregatik ari dira “langileen baldintzetan atzerapausorik ez emateko borrokan”, Ugarteren hitzetan. “Nahiz eta gure ahalmenetik kanpo geratu, ahalegina egiten ari gara neurriak hartzeko eta baldintza horiei eusteko, edo bitartekoak jartzeko, orain arteko urraketak errepika ez daitezen”. Horrela, Madrildik inposatu nahi diren lan erreformei aurre egin nahi die aldundiak: “Izan ere, Mariano Rajoyren azken lan erreformen ondorioz, ez da beharrezkoa lurraldeko hitzarmena betetzea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, ordea, oso garrantzitsua da langileen lan baldintzak bermatzea”. Kalitatezko enplegua behar dela argi du Ugartek, eta negoziazio kolektiboaren bitartez lortutako baldintzak betetzea bermatu behar dela, “Madrildik datozen murrizketen gainetik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.