Greba, lurralde mailako hitzarmena lortzeko

Urtebete igaro da jada Gipuzkoako zahar etxeetan lurralde mailako hitzarmen bat lortzeko mobilizazioak hasi zituztenetik. 2012ko urrian hasi zen gatazka, eta, urtebete igarota, arazoa erabat konpontzeko dago 2013aren amaieran.

Sindikatuek bi eskari egin dituzte denbora tarte horretan: sektoreko langileen soldatak igotzea eta lan erreforma ez ezartzeko konpromisoa lan itunean jasotzea. Adegi patronalak, ordea, “ezinezko” ikusi zuen azken eskari hori, eta hor sortu zen gatazka.

Arazoa konpontzeko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektorera diru ekarpena egiteko proposamena egin zuen otsailean, baina lan erreformaren inguruan sortu dira desadostasun handienak. Lan ituna berritzeko akordiorik ezin lortu, eta urte hasieran hasi ziren mobilizazioak egiten Gipuzkoako zentroetako langileak. Hala, otsailean hiru eguneko greba egin zuten, eta bost egunekoa maiatzeko lehen astean.

ELA sindikatuak du sektorearen ordezkaritzaren erdia baino gehiago (%55), eta LABekin batera deitu zuen lanuzteetara. Mobilizazio horien ondoren ere langileen helburuak bete gabe zeuden, eta, ELAk deituta, greba mugagabea hasi zuten adinekoen egoitzetan. LABek maiatzeko sei egunetan egin zuen greba. Donostiako Bulebarrean eta Gipuzkoako hainbat herritan kanpaldiak ere egin zituzten.

Hitzarmenak zentroz zentro

Hasiera batean, 2.900 langile zeuden grebara deituta, baina greba mugagabea hasi aurreko asteburuan, maiatzaren 10etik 12ra, akordiorako oinarriak lortu zituzten ELAk eta LABek Eulen eta Zu eta Biok enpresetako zazpi herritako egoitzetan. Ordutik aurrera, zentroz zentro joan dira hitzarmenak berritzen.

Hala, greba mugagabea hasi eta hilabetera, herrialdeko 118 zahar etxeetatik 71k utzia zuten greba, akordiorako oinarriak sinatuta. Hemeretzik itun propioa sinatu zuten, eta sindikatuek lan erreforma ez ezartzeko aurkeztutako akordiorako oinarriarekin bat egin zuten 52k. Ekainaren 21ean, enpresen %82k sinatua zuten akordiorako oinarria, eta bederatzi zahar etxetan jarraitzen zuten greban.

Aldundiaren ekarpena

ELA sindikatuak lan itunean “bermeak” eskatu ditu, neurri zehatzak, Espainiako lan erreformak hitzarmena guztiz ez itxuraldatzeko. Enpresak, baina, ez dira horretan amore emateko prest agertu. Hala, bi taldeen arteko tirabirak arintzeko eta langileen baldintzak hobetzeko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 8,2 milioi euroko diru saila sektoreari emateko konpromisoa hartu zuen otsailaren 8an. Izan ere, zerbitzu publikoa da adinekoen egoitzetakoa, eta aldundiaren dirua jasotzen dute enpresek.

ELA “ados” agertu zen aldundiaren neurriarekin —sindikatuaren aldarri nagusia lan hitzarmena izan baita—; ez, ordea, enpresak, hasiera batean. Neurriaren aurka agertu ziren, baina greba mugagabearen atarian, iritziz aldatu zuten Adegin bildutakoek.

Bi aldeen arteko gatazken aterabidea bultzatu nahian, beste milioi bat euro jarriko zituen diputazioak mahai gainean, akordioa greba mugagabea hasi baino lehen lortzen bazuten. Ez zuten akordiorik lortu, greba mugagabea hasi zuten, eta, beraz, diputazioak ez zuen diru kopuru hori gehitu.

Pixkanaka hitzarmenak sinatzen joan dira Gipuzkoako zentroetan, eta, urtea amaitzear denean, %3 inguruk jarraitzen dute greban. Zentro gehienetan, itun propioak edo aldundiaren proposamenean oinarritutako lan itunak sinatu dituzte.

Azaro hasieran, gainera, aldundiak 1,3 milioi euro baliatuko dituela jakinarazi zuen, langileei soldatak KPIaren arabera igotzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.