Markagailuko emaitzatik haratago, ukaezina da zenbakiek futbolean duten garrantzia. Bi txartel horik goitik behera alda dezakete partida bat; milaka zaleren babesak 11 lagun hamabi bihurtu, eta 92. minutuan sartutako golak galdutako itxaropena piztu. Realak 2013an bildutako zenbakiak ere ez dira nolanahikoak, porrota, berdinketa edo garaipena seinalatzen dutenetatik aparte: 2012-2013ko sasoian lau hilabetez eutsi dio partidarik galdu gabe; Ligan azken hamar urteetako posturik onena lortu du —laugarren sailkatu da—; eta 104 urteko historian laugarren aldiz sailkatu da Txapeldunen Ligara.
Liga hasierak bestelakoa zirudien: hamargarren jardunaldian 17. postuan zeuden txuri-urdinak. Hamaikagarrenean Malagaren aurka etxetik kanpo lortutako garaipenak, ordea, beheraldia gorakada bilakatzeko balio izan zuen. 2013a hasteko, Real Madril izan zuen Realak parez pare, eta galdu arren, erdiko postuetatik gora mantentzea lortu zuen Philippe Montanierrek zuzentzen zuen taldeak. Azken partidetara arte.
Galizian izan zen hil edo biziko partida, Europako onenen artean aritu ahal izateko aukera: sasoiko azken partida, eta Deportivo aurkari. Txapeldunen Ligan aritzea zegoen jokoan; hori ez lortzeak, ordea, eskura uzten zien Europako Ligara sailkatzeko aukera ere. Baina garaipena, Valentziaren Sevillako porrotari lotuta, amaiera ezin hobea izan zen denboraldia borobiltzeko. Horrela, sei urteko tartean Bigarren Mailara jaistetik Txapeldunen Ligako atarikoraino igotzeko moduko jauzia egin zuen Realak ekainaren 1ean. Izarrez jositako baloia biraka jartzeko parada heldu zen.
Montanierrek, bi urtez entrenatzaile izan ostean, taldea uztea erabaki zuen sasoi amaieran, Stade Roazhonera joateko. Reala Txapeldunen Ligan zuzendu ez arren bere “zati bat” jokalariekin egongo zela esanez agurtu zen, lortutakoarekin “oso pozik”. Frantziarra ordezkatzeko, Jagoba Arrasate berriatuarra izan zen aukeratua. “Harro” hartu zuen Realeko lehen taldeko entrenatzaile izateko ardura, “konfiantza osoz”, eta “lana eta ilusioa” mahai gainean.
Europako talderik onenak hartu aurretik, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatu behar. Aurkaria ikusita, handia zen iragana iraultzeko gogoa. Olympique Lyonek 2004an final zortzirenetatik kanpo utzi zuen talde txuri-urdina. Eta lortu zuten orduko hari buelta ematea: 0-2 gailendu zen Reala etxetik kanpo, eta 2-0ekoarekin Anoetan.
Behin Txapeldunen Ligako multzoen fasean, multzo “zail” bezain “erakargarria” utzi zion zozketak: Manchester United, Xakhtar Donetsk eta Bayer Leverkusen. Atarikoa aise gaindituta, multzoko fasea ere ildo beretik joango zelakoan ziren zale asko, baina ez zen horren erraza izan. Irailaren 17an hasitako lehia abenduaren 10ean amaitu zen. Puntu bakarrarekin, gol bakarra sartuta eta azken postuan esan zion agur txapelketari. Bidean, dena den, gozatzeko uneak izan dituzte, bai jokalariek, baita zaleek ere. Une gogoangarrienen artean dago Manchesterren jokatutako partida; Old Trafford zelaian, 6.000 realzaleren babesean.
Agurrak eta etorrerak
Jokalariei dagokienez, taldea ez da aurten asko aldatu. Asier Illarramendi mutrikuarra Real Madrilera joateak, milioi mordoa ez ezik, zelai erdia berregituratu beharra ere ekarri zuen 2013-2014ko sasoiari begira. Asmo horrekin heldu zen Esteban Granero erdilaria Queen’s Park Rangersek utzita, baina ez du luzerako errefortzurik ekarri: multzoen faseko lehen norgehiagokan min hartu, eta ia sasoi osoan geldirik egon beharra tokatu zaio. Graneroz gain, fitxaketa bakarra egin du Realak 2013-2014ko denboraldirako: Haris Seferovic aurrelari suitzarra aurkeztu zuen Realak uztailean.
Egun, seigarren postuan da Reala. Aurreko sasoiko markak hobetzea zaila izan arren, iazko abenduari begira dena da posible, abenduaren 20ko jardunaldian 7. postuan baitzegoen. Espainiako Kopan ere bizirik jarraitzen du, Algeciras garaitu ondoren.
Leave a Reply