Galtzontziloak aldatu behar zituzten esklabo erromatarren txistean bezala, albiste onarekin abiatuko naiz. Estatistikak loteria erosiz inbertsio negargarria egin duzula uste badu ere, probabilitatearen teoriak dio akaso igandean esnatzen zarenerako bi milioiren jabe izango zarela. Aurten kolore guztietako belarrondokoak jaso dituzunez, ondo merezitako opor amaigabeei ekin ahal izango diezu, beraz. A, ezetz. Zu sari handiena poltsikoratuta ere “betiko martxan, baina zertxobait lasaiago” jarraituko lukeen gehiengo isil horren partaide zarela. Ba ez zaituztet ulertzen, zer nahi duzu esatea, ez zu eta ez hain menpekotasun bitxia duten zure kideak.
Aurreko belaunaldiek utzitako oinordetza pozoitu guztien artean, urdurien jartzen nauena lana sakratutzat jotzea da. Etxean modu gordinean ikusi izan ohi dut beti. Aitari neskaren bat nirekin irteteko engainatu dudala aditzera eman izan diodan bakoitzean, aurreneko galdera berbera errepikatu dit beti. Ezer baino lehen, ez du izenik, adinik, jatorririk jakin nahi izan. Ezta zoritxarrekoak nik zer dakit ba, titi tenteak dituen edo lentzeriarekin ausarta ote den. Zertan diharduen entzundakoan eta bere enpleguaren mila xehetasunak argitutakoan bakarrik lasaitu izan da gizona.
Hizkuntzak ere badu berea. Behar hitzaren polisemia susmagarriak kasik mindu egiten nau; adibidez, euskara bera sermolari moduan ikusten baitut, norberaren jarduerari osagarri morala erantsita.
Opus Deik aspaldi kontatu zigun lanak santu bihurtuko gaituela. Nazien kontzentrazio eremuetan “lanak libre egingo zaituzte” esaldiarekin agurtzen zituzten esklabo judu, ijito edo homosexualak. Edozein baldintzatan, edonorentzat, edozein helbururekin, edozer ekoizteko: bizitzan zerbait probetxuzkorik egiten ez duena bizkarroia da, eta, ezer egin gabe biziz gero, azkar zinateke galbidean.
Eror nadin galbide horretan, ba, niri dagokidanez. Ekidingo ditut dolce far niente-aren arriskuak, pairatuko dut pazientziaz jaiegun eternoen sufrikarioa. Kolpe zorririk jo gabe lehen baino askeago sentitzen banaiz, abisatuko dut Hitza-ra bidalitako eskutitz batekin.
Baina galtzontziloak aldatu behar zituzten esklabo erromatarren txistean bezala, albiste txarrarekin bukatuko dut. Ez zuri eta ez niri ez zaigu loteriarik tokatuko igandean, eta bat-bateko aberastasunaren dilema hau plano teoriko hutsalean geratuko da.
Urteko enegarren zutabe ezdeusa duzu hau, beraz. Besterik ez bada, idatzita dagoen papera probetxuzkoa gerta dadin, tximiniarako erabil dezakezu. Aproposa da su goxoa pizteko; nire aitak orri bakarra nahikoa izaten du egur egokia daukanean. Ez daukazula tximiniarik? Ez naiz inoren bizitzan sartu zale, baina urtetan loterian hainbeste diru xahutu ez bazenu…
Leave a Reply