Gipuzkoako errepide sarea kudeatzeko moduek aurrez aurre jarri dituzte EAJ eta Bildu. Aurten ere, kritika asko izan dute elkarrentzat. Tartean, auzitarako bidea hartu zuen Bidegi sozietate publikoak Bidelan enpresarekin 2010ean egindako kontratuak. Gaur egun aldundian agintzen duen Bilduren ustez, erakunde publikoarentzat “kaltegarria” da kontratu hori. Azkenean, akordioa lortu dute Bidegik eta Bidelanek, eta aldundiak bertan behera utzi du auzitarako bidea. Akordio horrekin, hamazazpi milioi euro baino gehiago aurreztuko ditu diputazioak.
Azaro amaieran sinatu zuten hitzarmena Bidegik eta Bidelanek. Bidelanek kudeatzen eta mantentzen ditu AP1 eta AP8 errepideak, eta enpresa horren fakturazioa urtetik urtera jaitsi egingo da, bost urtez. Bidegiri emango dion zerbitzua, ordea, “egungo bera” izango da, Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak nola aritu diren adierazi du: “Tentuz jardun dugu, kalitatean inolako kalterik ez eragiteko. Lanpostuak bermatuko ditugu, eta Bidelanen zerbitzua ez da aldatuko”. Bidelani aurten amaituko zaio AP8 errepidea kudeatzeko ardura, eta 2015ean AP1 errepidearena.
Hasierako hitzarmenarekin, errepideetako zirkulazioaren arabera kobratzen zuen Bidelanek; zenbat ibilgailu igaro errepideetatik, horrenbeste diru ordainduko zion Bidegik. Baina uste baino ibilgailu gutxiago dabil bideetan. Horregatik, kontratuak aldatzea erabaki zuten Bidegik eta Bidelanek 2010. urtean. Aldundiaren arabera, aldatu egin zuten ordaindu beharrekoa zehazteko sistema. 2010etik, enpresak gastuen justifikazioa ematen zion sozietate publikoari, eta hark gastu horiek estaltzeko adina diru eta %7,7 gehiago ordaintzen zion. Aldundiaren kalkuluen arabera, aurreko sistemarekin, 129 milioi euro jasoko zituzkeen Bidelanek lau urtean, 2009tik 2012ra artean; era berriarekin, 144,6 milioi lortu zituen.
Azaroko akordioarekin ez ezik, martxoan ere etorri zen aldaketarik, ordea. Izan ere, Bidegiri eskumenak gutxitzea erabaki zuen aldundiak, hark 900 milioi euroko zorra zuela jakin ondoren. AP8 eta AP1 autobideetako bidesariak kobratu bai, baina aldundiak erabaki zuen errepide horien mantentze lanen ardura diputazioko Bide Azpiegituren departamentuak hartzea.
Kritika trukea
EAJk aurreko agintaldian Bidegin egindako lana gogor kritikatu izan du hainbatetan Bilduk. Aurtengo martxoan, esaterako, salatu zuen EAJk kudeaketa “ezin txarragoa” egin zuela Bidegin: EAJk 900 milioi euroko zorra utzi duela gogoratu zuen. Salatu zuen 2007-2011 arteko gastuen fakturak biltegi batean agertu zirela, eta gaineratu hiru zuzendariren eta administratzaile baten kontratuak babestu zituztela, milioi bat euroko gastuarekin. Hala, zer gertatu den ikertzeko eta argitu beharreko guztia argitzeko eskatu zuen koalizioak orduan. EAJk, berriz, babestu egin zuen egindako kudeaketa. Aldundiko aurreko Bide Azpiegituretako zuzendari Eneko Goia jeltzaleak esan zuen ez zuela kontratuen babesaren berririk. “Babestu baziren, azalpen bat izango dute; Bilduren xede bakarra susmoak eragitea da”.
Hilabete geroago, apirilean, Katty Nevado Bidegiko egungo zuzendari nagusia kritiko agertu zen Bidegin aurretik egindako kudeaketarekin. Haren arabera, kudeaketa planik ez zegoen, ezta hilabeteko balantzerik ere. “Urte amaierara arte, ez zegoen datu ekonomikorik”, haren esanetan. Kargua hartu zuenetik “informazioa eskuratzeko oztopoak” izan dituela ere salatu zuen. Baina horrek ere izan zuen erantzuna EAJren partetik. Aintzane Oiarbide eledunak gogorarazi zuen administrazio kontseiluak egiten zuela kontrol publikoa, eta han EH Bildun dauden alderdietako ordezkariak zeudela. Haren ustetan, Larraitz Ugartek “espioitza” egin du Bidegin, eta “gezurra” esan du fakturak desagertu egin zirela iradoki zuenean.
Ekainean egoerak okerrera egin zuen, Bilduk salatu baitzuen Bidegin “justifikatu gabeko fakturak” agertu zirela; 2007-2009 arteko 28.746 euroko fakturez ari zen. EAJk erantzun zion auzitara jotzeko, legez kanpoko zantzurik aurkitzen bazuen. “Bildu instituzioetako boterea erabiltzen ari da, bere arerio politikoa sistematikoki jotzeko”, esan zuten jeltzaleek.
Abuztuan ere ez zuten atsedenik hartu. Ugartek jakinarazi zuen eten egingo zutela Bidegik Bidelanekin 2010etik zuen kontratua. Markel Olano EAJko Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak kritikatu zuen kontratua eteteak “milioika euroko galera” ekarriko zuela, eta “gezurretan” aritzea leporatu zion Ugarteri. Kontratu hori “alderdi politiko guztien babesarekin” onartu zela gogoratu zuen Olanok, eta kontratua eteteak agerian uzten zuela Ugartek “kudeaketarekin dituen gabeziak” eta “ondo funtzionatzen duten lan eskemak suntsitzeko duen joera”.
Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aho batez onartu zuten iaz AP8 eta AP1 autobideetako ohiko erabiltzaileei hileko gastua gutxitzeko plana. Hala, iazko abenduaren 1etik T-Bidea dutenek asko jota 25 euro ordaintzen dituzte hilean. Horrek ere desadostasunak eragin ditu Bilduren eta EAJren artean. Horrez gain, aldundiak arkupe bidezko sistema jarri nahi du martxan, kamioiei bidesaria kobratzeko —urtean 26 milioi euro inguruko diru sarrerak lortzeko—. Batzar Nagusietan aurkeztu du proiektua, beste alderdien aldeko botoak lortzeko asmoz. Momentuz oposizioa kontra dago, baita garraiolariak ere. Azken horiek protestara deitu dute; bihar goizean, Donostian.
Leave a Reply