Akordioz errefusatu dute errauste planta

Euskal Herria Bilduko kideek urtarrilean zioten “Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabalak” ez duela nahi errauste planta eraikitzerik, ingurumenari eta pertsonen osasunari kalte egiten dielako eta, gainera, “errentagarria ere ez delako”.

Otsailaren hasieran, “gehiegizkoak” zirela-eta, Zubietako errauste plantaren zorraren interesik ez ordaintzea erabaki zuen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa elkarteak. Juan Karlos Alduntzin presidentearen arabera, aurreko agintaldikoek swap produktu espekulatzaileak sartu zituzten errauste planta eraikitzeko La Caixa eta Banesto bankuei mailegua eskatuta egindako akordioan. Horiei esker, maileguko dirua eraikuntzarako erabiltzen ez bazen ere, zorra estaltzeko hartutako produktuaren interesak pagatzera behartua zegoen GHK. Zehazki, 94 milioi euro guztira, hau da, 300.000 euro hilean.

Poliki-poliki, areagotu egin dira errauste plantaren inguruko susmo txarrak. Otsailaren 6an jakinarazi zuten erraustegiaren eraikuntza datu okerrekin baimendu zuela Jaurlaritzak, energia eraginkortasunerako 0,65eko muga ez zuelako betetzen plantak. Maribi Joaristi abokatuak salatu zuen plantan hondakinen balioztatze energetikoa egin ordez ezabatu egingo liratekeela. Otsailaren amaieran, berriz, aldundiak jakinarazi zuen errauste planta ez egiteagatik kalte-ordainak emateko prest zegoela, eta apirilaren amaieran GHK-k eten egin zituen errauste plantaren proiektuan aritutako bi enpresarekin zituen kontratuak, “irregulartasunengatik”.

Uztailaren 13an, berriz, plantaren egitasmoak Jaurlaritzak jarritako ingurumen arauak betetzen ez zituelako bertan behera utzi zuen eraikuntza GHK-k. Urriaren 3an, GHK-k eta planta eraikitzekoak ziren enpresek bi hilabeteko epea eman zioten elkarri bi aldeak lotzen zituen kontratuari “amaiera adostua” emateko. Azaroaren 13an jakinarazi zutenez, baztertuta geratu zen Zubietako errauste planta, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak enpresei zortzi milioi euro kalte-ordainetan emanda. Enpresek obra eginda lortuko zuketen irabaziaren %3 eta plantaren bost urteko ustiapenetik lortuko zituzketen irabazien portzentaje bera ematea adostu zuten. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatua argi mintzatu zen errauste plantaren amaieraz: “Mamua amaitu da. Ez da egingo. Ez orain, ez gero”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.