“Injustizia ikusarazteko borroka esparru berri bat sortu da”

Aske Gunea, herri harresia… Eleak mugimenduari lotuta aurten sortu eta errotu diren kontzeptu berriak dira. Borroka moldeetan bilakaera izan dela argi du Txerra Bolinagak, Eleak mugimenduko bozeramaileak (Arrasate, 1968). Demokrazia eta normalizazio politikoa helburu, eskubide zibilen eta politikoen alde lanean ari da mugimendua.

Eleak mugimenduak lan asko izan du aurten. Ez dirudi “aire berriak” Espainiako Auzitegi Nazionaleraino iritsi direnik.

Aire berriak, zoritxarrez, ez dira iritsi Auzitegi Nazionalera, eta ez hori bakarrik, egoerak okerrera egin du. Hor dugu beste adibide bat, Herrira-ren aurkako operazioa. Uste genuen salbuespen neurriak izango zirela, baina betiko istorio bera ikusi dugu. Oraindik jarraitzen dute legez kanpo uzten eta atxilotzen eskubideak praktikatzeagatik.

Zertan aldatu dira gauzak urtarrilean Errenteriako hiru gazte independentista Donostiako manifestazioan atxilotu zituztenetik?

Nik uste dut bilakaera bat egon dela. Bagoaz bide bat egiten, batez ere atxiloketen uneari lotuta. Injustizia ikusarazteko borroka esparru berri bat sortu da. Eskubideak praktikatzeagatik eta beren aktibitate politikoarengatik nola atxilotzen dituzten ikusarazi dugu. Alde horretatik bilakaera eman da Errenteriako Xabier [Lujanbio], Maitane [Linazasoro] eta Arkaitz [Anza] urtarrilaren 19an egin zen manifestazioaren ondoren kateatu zirenetik. Hor ikusi genuen jendea prest zegoela atxiloketei bere gorputzarekin aurre egiteko, eta hor hasi zen bilakaera. Jendeari beste modu batera borroka egiteko tresnak eman, eta horiek bere egiteko prestasuna bazegoela ikusi genuen. Hortik abiatuta, Donostiako Aske Gunera jauzia eman genuen.

Donostiako Aske Gunea mugarritzat jo izan da. Zuentzat ere hala izan al da?

Nik uste dut baietz. Askotan elkartzen naiz Donostiako jendearekin, eta denek esaten dugu gauza bera: ez dugu inoiz ahaztuko Donostiako Aske Gunearen esperientzia. Bizipenak, sentipenak kristorenak izan ziren, eta horrek taldea indartu egiten du. Hor ikusi zen argi eta garbi jendeak ez duela onartzen betiko eskema. Orduan ez genekien ondorioak zeintzuk izan zitezkeen, eta, hala eta guztiz ere, jendearen erantzuna oso positiboa izan zen. Erantzun hori, gerora, kutsatuta, beste leku batzuetan ikusi ahal izan dugu. Urtza Alkortak berak aitortu zuen berak ez zuela aurretik ezer egiterik pentsatu, baina Donostiakoa ikusita ezkutatzea erabaki zuen, gero Zubi Harresian agertzeko.

Donostia, Ondarroa, Iruñea… Aipatu duzun bilakaera erakusten duten irudiak dira.

Bai, eta egon dira gauza gehiago. Gogoratzen dut Incoesa lantegikoek herri harresi bat egin zutela bere fabrikatik makinak ez ateratzeko. Donostiakoaren ondoren ere, Lander Fernandez ez atxilotzeko herri harresi bat egin zuten Italian. Orduz geroztik, beste borroka molde batzuk hasi dira erabiltzen. Erresistentzia pasiboa indartu da, eta nik uste dut hor jorratzeko bide bat badagoela, horrek argi erakusten duelako zeinek erabiltzen duen bortizkeria, betiere, Poliziak, estatuak edo instituzioek. Horren haritik, badago zertan sakondu. Desobedientziaren inguruan badago lan gehiago egiteko, jendeak tresna barneratu egin duelako.

Izan ere, epai politikoek ez dute etenik izan. Aurrera begira zein helburu dituzue?

Gure azken helburua da epaiketa hauek bertan behera uztea eta inor gehiago ez atxilotzea. Bide horretan, auzipetuekin elkarlanean ari gara aspalditik, aurrera begira jarri eta gure plan estrategikoa izango dena lantzen. Azken epaiketa ere aurten bukatuko da, baina datorren urtean zigorrak etorriko dira, eta hor beste erronka bat izango dugu. Horrez gain, herrietako dinamikei begira, Erreminta Kutxa sortu dugu, orain arteko esperientziak eta dinamikak biltzeko. Dinamika horiek, tokiaren arabera, ezberdinak izan dira, herrietan sortu direlako. Dena sortu da behe-behetik, eta potentzialtasun horri garrantzi handia ematen diogu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.