Kristala

Ohitu gara “beirazko edukiontziak” entzutera, baina oraindik kristalezko botilak botatzen ditut nik zakarrontzi berdera. Gertukoa bezain arrotza zait beira hitza. Beirazko edukiontziak hustu ahala nire ohiturazko biltegia bete beharra sentitzen dut. Hustu eta bete, bete eta hustu, horixe da gaurko lana. Kristalaren bestaldean zer dagoen, horrek modu bateko edo besteko ondorioa dakar. Nik ez dakit beiraren kanpotik itsasten den begirada, edo barrukoak erakartzen duen kanpokoaren soa. Zein da kristal bakoitzaren alde ona? Zein alde da hona eta hara bereizten dituena?

Gure familian ez gaude hari batetik zintzilik, ez eta hari bati lotuta ere. Kristaletik begira orduak eman ditugu gure etxean, baina ez beti kristal bera zeharkatuz. Bizitza eta heriotza bereizten zituzten kristalak dira.

Beilatokian hilkutxa zabalik. Gure osaba han. Azaleko zurbiltasun oro apaintzaileek ongi eta duin disimulatuta. Izeba, ordea, zuri. Duintasunez baina ongi izatetik urrun. Senarrarengandik gertu egon nahiak mantentzen zuen zutik, baina dagoeneko euren artean ez zen heriotza soilik gurutzatu. Kristalak ere bereizten zituen. Bizitzako bidaide izan zuenaren begi itxiei so gure izebaren malko lanbrotuak.

Nik ere gurutzatu nuen hatz markarik ez zuen kristal hura. Nire ahoko hatsa ere lehertu zen kristalaren aurka, eta bueltan etorri zitzaidan listua nekez irristatzen zitzaidan ahoko zulora.

Izeba besarkatzera joan nintzenean, halaxe xuxurlatu zidan belarrira: “Hauxe da, bizitza, Amaia, batzuk etorri eta beste batzuk joan”. Ufa! Ileak tente eta burua makur!

Bi hilabete daramatzat kristalezko bizitoki bat nire begien jomuga dudala. Egunero uzten ditut nire hatz markak kristal gogorrean. Barruan dagoena gogor ari delako biguntzen naiz ni. Barruko beroak lurrundu egiten du babesleku duen kristala, baina behar du. Arnasberritzen ari den seinale baita. Gure alaba dagoen inkubagailua da. Eskuak sartzeko bi leiho ditu. Gure arnasbide direla dirudite. Gurea dena gertuago sentiarazten laguntzen dute kristalezko kaxa horren bi birikek.

Kristal denak, beraz, ez dira berdinak. Gure osaba ez zen kristal garbi haren bestaldean ordu asko egon. Gure alaba eta gure arteko kristal hori ere ez da hiru hilabetez baino gehiagoz egongo. Nik bestelako kristal batzuk hautsi nahi ditut. Egunak, hilabeteak eta urteak gurutzatzen dituzten kristalak. Pixkanaka hiltzen duten eta minen inkubagailu baino ez diren kartzeletako muga gardenak pitzatu eta erautsi arte, segi jo ta ke!

Leave a Reply

Your email address will not be published.