Musika ikusteko jaialdia

Ikus-entzunezkoak

Donostia

Askotariko ikus-entzunezkoak ematen ari dira Donostian aste osoan, Dock of The Bay musika dokumentalen nazioarteko jaialdian. Asteburuan ere izango da lan gehiago ikusteko aukera; jaialdiak Antzoki Zaharra eta Trueba aretoa hartuko ditu igandera bitarte.

Aurten hamalau dokumentalek osatzen dute Sail Ofiziala, horietatik lau Euskal Herrian ekoitzitakoak. Sail horren barruan, dokumental hauek emango dituzte gaur, 19:30etik aurrera, Trueban: Europe in 8 Bits; Last Shop Standing: The Rise, Fall and Rebirth of The Independent Record Shop; eta 160 metros: una historia del rock en Bizkaia.

Dokumentalak ez ezik, musika ere izango da gaur. Intxaurrondoko kultur etxean kontzertua emango dute Cooper eta Parrots taldeek, 21:30ean. Gauerdian, berriz, Dock of The Bay jaia egingo dute, Le Bukowskin.

Gaurkoaren ildo beretik, bihar arratsaldean ere Sail Ofizialeko hainbat lan aurkeztuko dituzte: Los Wild Ones; Good Ol’ Freda; eta Nitsa 94/96 el giro electrónico. Trueban izan ordez, Antzoki Zaharrean izango dira, 19:00etatik aurrera. Igandean, berriz, Erakusketarako Saileko dokumentalak ikusi ahal izango dira Antzoki Zaharrean. Lehena, 18:00etan, The Rolling Stones Charlie Is My Darling izango da. Taldeari buruzko lehen dokumentala da, 1965ekoa, gerora Mick Gochanour zuzendariak berritu eta osatua. 19:15ean emango dute Beware of Mr. Baker, eta 21:00etan The Stone Roses: Made of Stone.

Urrian hasitako finantzaketa kolektiboari esker antolatu dute Dock of The Bay. Guztira, 181 lagunek eman zuten dirua jaialdia aurrera ateratzeko.

DOCK OF THE BAY JAIALDIA

Zer. Dokumentalen emanaldiak eta kontzertuak.

Non. Donostian, Antzoki Zaharrean eta Trueba aretoan.

Noiz. Gaurtik igandera bitarte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.