Gabonetako oporraldia bukatu eta eskolara bueltan, 8 urtetik gorako ikasle askok eskola kiroleko sasoi berria hasiko dute. 2012-2013ko ikasturtean 125.000 ikasletik gora aritu ziren Gipuzkoan, hainbat kiroletan. Taldeka jokatzen direnetan, gehien-gehienak neskez edo mutilez osatutako taldeetan ariko dira aurten ere. Baina badira salbuespenak, herri txiki askotan adin desberdineko neskak eta mutilak elkarrekin aritzen baitira eskola kirolean, talde berean.
Aiako Lardizabal herri eskolako ikasleek urteak daramatzate kimuen mailan neska-mutilen taldean jokatzen. Era horretan “taldea osatzearren” jokatzen dutela dio Jose Mari Aiertzak. Aiako Kirol Elkarteko kidea da, eta baita eskolako gurasoa ere. Lardizabal eskolako soinketako irakaslearekin batera, herriko eskola kiroleko jardunaldiak antolatzen aritzen da Aiertza.
Kimuen mailan neska eta mutilekin taldea osatzea “ezinbestekoa” dutela dio. “Guretzat, jada nahiko arrunta da maila horretan neska-mutilen taldea izatea”. Baina, Aiertzak azaldu duenez, hurrengo mailan, benjaminetan, ez dago onartuta talde berean aritzea. Kasu horretan, Orioko Zaraguetako eskolakoekin batera osatzen dute taldea aiarrek.
Neskak eta mutilak elkarrekin jokatu ezean, ez lukete aukerarik kimuetan aritzeko. “Behartuta gaudelako egiten dugu; ez da ez dakit zeri aurrea hartu nahian gabiltzalako. Bestela, eskola kiroleko lehiak sexuaren arabera daude antolatuta”. Bailarako eskola kiroleko kimuen mailako saskibaloi lehian, Aiakoak ez dira talde bakarra, Aiertzaren esanetan: “Getariakoek ere neska-mutilez osatutako taldea dute”. Aiako taldean neskak eta mutilak elkarrekin aritzeaz gainera, 8 eta 9 urtekoak ere batera aritzen dira. Gainontzeko herrietakoek, berriz, adin bereko ikasleekin osatzen dituzte taldeak.
Oro har, Aiakoak Orio, Zarautz eta Getariako ikastetxeetako haurrekin aritzen dira lehiaketetan. Saskibaloia, eskubaloia eta hondartzako futbola lantzen dituzte. “Beste herrietakoek atletismoa ere egiten dute, baina Aiakoek ez. Guk, ordea, pala lantzen dugu eskolako ikasleekin. Gainera, nesketan talde gazte ederra daukagu, talde polita benetan”, dio Aiertzak. Nabarmendu du kimu eta benjaminetan neska asko ibiltzen dela eskola kirolean.
Lehiakideekiko oreka bila
Nesken edo mutilen taldeen aurka jokatzea erabakitzeko orduan “oreka” bilatzen dutela dio Aiertzak. “Normalean, neska-mutilen taldeak 8 urteko mutilen taldeen aurka jokatzen du, baina probatzen ibiltzen gara, ahalik eta neurri berdinena bilatuz; oreka bila, alegia”. Lehiakide dituzten gainontzeko eskoletako kirol arduradunekin aurretik hitz eginda antolatzen dute kirol jardunaldia. “Haiekin adostua izaten dugu neska-mutilak nahastuta jokatuko dugula guk”.
Gabonetako oporraldiaren aurretik, kimuen taldea saskibaloian aritu da; hamar neskak eta bi mutilek osatu dute. “Neska-mutilek normal jokatzen dute elkarrekin, batere arazorik gabe”. Beste taldeetakoekin ere ez dute inoiz arazorik izan. “Noiz edo noiz beste talde bateko gurasoren batek galdetu izan digu nolatan jokatzen duten neskek eta mutilek batera. Orduan, azalpenak ematen hasi ordez, haien eskolako kirol arduradunarekin hitz egiteko esaten diegu. Guk beste arduradunekin adostua izaten dugu, baina askotan gurasoek ez dute horren berri”.
Gainontzean, Aiertzak uste du eskola kirolak ez duela lehia sustatu behar: “Lehia puntu bat eduki behar da, baina eskola kirolean garrantzitsuena ez da hori. Garrantzitsuena da denok denon beharra dugula ikustea, eta lagunartean aritzea. Gainera, orain eskola kirolean aurkari izan duguna hurrengo batean taldekide izan dezakegu”.
Aian ez bezala, Errezilen esperientzia berria dute eskola kirolean neska-mutilen taldearekin aritzea. San Martin herri eskolakoek elkarrekin jokatzen dute saskibaloian eta futbolean. Saskibaloian bigarren ikasturtea egin dute; futbolean, berriz, iazko ikasturtean hasi ziren. Esperientzia berria da errezildarrentzat, baina jasotzen ari diren emaitzekin eta aukerekin “oso-oso gustura” daude. Hala dio Jon Ziarsolo taldeko entrenatzaileak eta gurasoak.
Azkoitiko eta Azpeitiko eskolako umeekin aritzen dira lehian. Oporretatik bueltan, asteartean hasi zituzten futboleko entrenamenduak: bost mutil eta zortzi neska ariko dira Errezilgo taldean, eta mutilen kontra jokatuko dute. “Kasualitatez hasi ginen, ez genuelako aukerarik ez nesken ez mutilen taldea osatzeko. Horrez gain, adin desberdinekoekin osatutako taldea dugu”. Aurreneko ikasturte horretan, taldean mutil bakarra zuten Errezilen, eta nesken kontra jokatu zuten. Ikasturte honetan, ordea, mutil gehiago animatzen ari dela dio Ziarsolok. Saskibaloian, berriz, hiru mutil ibili dira.
Aurreko ikasturtean partida asko galdu zituzten, eta, Ziarsolok dioenez, inork ez zien ezer esan. Baina, oraingoan, norgehiagoka bat baino gehiago irabazi dute, eta talde bakarren bateko gurasoek azalpenak eskatu izan dizkiete. “Gainera, haurren aurrean esaten jardun zuten ea mutilek neskekin zertan jokatzen duten”. Hala ere guraso askoren aldetik animoak eta zorionak jaso dituztela gaineratu du.
Errezilgo haurren erantzuna “bikaina” izaten ari dela dio Ziarsolok: “Naturaltasunez jokatzen dute neskek eta mutilek elkarrekin; elkar laguntzeko prest daude, eta antolatzeko gaitasuna erakusten ari dira. Gurasook harrituta gaude erakutsi duten jarrerarekin”. Kirolean, lagunartean-eta, gustura ari direla dio Errezilgo taldeko entrenatzaileak. “Ez dute elkar ikusten neska eta mutil gisa; Leire eta Joseba dira, eta kirolean elkar osatzera eta elkar laguntzera jotzen dute, elkarrekin taldean jardutera. Talde gisa, gogo biziz ari dira jokatzen”. Gurasoak ere buru-belarri dabiltza egitasmoan; “partida guztiak ikustera joaten dira: Azkoitira joan behar bada, hara, edota, bestela, Azpeitira”.
Parte hartzea handituz
Haurrak gustura dabiltzala erakusteko adibidea ipini du Ziarsolok: “Lehen, futbolerako talde bat osatu ezinda ginen Errezilen, eta, orain, hamahiruk izena eman dute”. Ziarsoloren ustez, eskola kirolaren “oinarria” hori da: “Talde guztiak neska-mutilenak izango balira eta txikitatik elkarrekin ariko balira, desberdintasun gutxiago leudeke, eta onura gehiago ekarriko lituzke”.
Adin desberdineko neska-mutilekin osatua da Errezilgo eskola kiroleko saskibaloiko taldea ere: 8 urtetik 11 urtera artekoak dira. Futbolean, ordea, bi talde osatzeko aukera izango dute, taldekideen adin tarte txikiagoarekin.
Aiakoek bezalaxe, Errezilgoek ere beste eskoletako eskola kiroleko arduradunekin eta koordinatzailearekin erabakitzen dute noren aurka jokatu. “Aurreko ikasturtean 11 urteko nesken kontra jokatu genuen. Oraingoan erdibidekoak izan ditugu aurkari saskibaloian, eta hobeto moldatu gara”. Orain, futbolean 8 urteko mutilen kontra ariko da Errezilgo neska-mutilen taldea.
Saskibaloiaz eta futbolaz gain, pilotan ere aritzen dira Errezilgo eskola umeak, denak mutilak. “Herri kirola ere egin izan dugu, baina ikasturte honetan talderik ez da osatu”.
Leave a Reply