Hondarribiko aireportua “epe laburrean eraikin fantasma” bilaka ez dadin, neurriak hartzeko eskatu die langile batzordeak erakundeei. Aireportua sustatu eta hegaldi berriak erakartzeko, lanari “berehala” ekiteko deia egin die, “behingoz” aireportuaren alde egin dezatela, “Gipuzkoarentzat eta haren ekonomiarentzat oso garrantzitsua delako”. Hala mintzatu zen, joan den ostiralean, Emilio Garcia langile batzordeko bozeramailea.
Langileen ordezkariek bilerak egin dituzte azken hilabeteetan zenbait erakunderekin; Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Gipuzkoako Bazkundean izan dira, eta Irun, Hondarribi eta Donostiako alkateekin ere elkartu dira. Bilera horietan aireportuaren etorkizunaren gainean duten kezka plazaratu dute. Haien arabera, langileak galtzen joan dira pixkanaka, eta %35 gutxitu da lantaldea. “Martxan jarri beharra dago, hortxe daukagu Gasteizko kasua. Guztiak aireportu hau sustatzearen alde daude; beraz, alderdi politiko eta erakundeei eskatzen diegu has daitezela lanean”.
Horrez gain, Garciak Ortzibia sozietatearen jarrera kritikatu du —aireportua sustatzeaz arduratzen den taldea da—. Uste du 2010etik hona ez duela “ezer” egin, eta, horren harira, Eusko Jaurlaritzari mezua igorri dio: diru sail bat eman diezaiola sozietateari, “funtzionatzen has dadin”.
Une honetan bi hegazkin konpainiak eskaintzen dute euren zerbitzua Hondarribian: Iberiak Madrilerako hegaldiekin eta Vueling-ek Bartzelonakoekin. Langile batzordearen arabera, aireportuak badu gaitasuna konpainia gehiago erakartzeko, baina “borondatea” falta da lehiakortasuna sustatzeko.
Hegaldi berriak laster
Good Fly Canary Airlines taldeak iragarri berri du Madrilerako hegaldiak eskaintzen hasiko dela urtarril amaieran, eta otsailaren 7tik aurrera Teneriferako zerbitzua ere emango du. Hala ere, langileen ordezkariak mesfidati daude, uste baitute enpresak ez dituela “erreferentzia onak”.
Tartean aipatu dute Hellit-ekin gertatutakoa: zerbitzua eskaintzen hasi eta hiru hilabetera, bertan behera utzi zuen. Madril eta Bartzelonara joateko hegaldiak zituen, eta euren eskaintza aurkeztean, Iberiarenak baino prezio merkeagoak hitzeman zituen Abel Pizarro enpresako buruak. “Erabiltzaile faltagatik” utzi zion Hondarribian aritzeari.
Leave a Reply