Pertsona guztiek, jaiotzatik heriotzara arte, norbere bizi-plana osatzen eta egituratzen dute, bidean hartutako erabakien eta egindako hautuen bitartez. Baina badira erabakitzeko eskubide hori urtetan ukatu zaien pertsonak, eta haien bizi-plana beste batzuek hartutako erabakiekin osatuz joan da. Hala izan da urtetan adimen urritasuna duten pertsonen kasuan, adibidez. Sarri, gainera, gizartetik baztertuak eta zokoratuak ere izan dira.
Horiek, dena den, iraganeko kontuak dira jada kasu askotan. Izan ere, adimen urriko pertsonen garapenean laguntzeko asmoz lan egiten duten erakunde, zentro eta norbanako askok aukera eta baliabide ugari eskaintzen dituzte, eta, bide batez, gizarteko ikuspegiak aldatuz joan dira. Helburu horrekin lanean dihardutenetako batzuk dira Garagune zentroak.
Irabazi asmorik gabeko Goyeneche Fundazioaren barneko elkarteak edo zentroak dira, eta Gipuzkoan gisa horretako 11 zentro daude martxan: Legazpin, Irunen, Errenterian, Tolosan, Ordizian, Arrasaten, Eibarren eta Azpeitian zentro bana dago, eta hiru daude Donostian. Garaguneek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jasotzen dute.
Legazpiko Garagunearekin, esaterako, 2004an hasi ziren, eta, Asun Jauregi bertako arduradunak esan duenez, 2004tik 2008ra arte Urtatzako Gureak lantegiaren ondoko gela batean aritu ziren lanean adimen urritasuna zuten bost pertsonarekin.
2008tik 2011ra bitartean, Ordiziako Garagunera joan behar izan zuten Legazpiko erabiltzaileek, “Legazpiko gunea handitzeko azpiegitura faltagatik”. 2011n jarri zuten martxan, azkenean, Legazpiko Garagunea, Aizkorri kaleko 16. zenbakian dagoen lokalean.
Neurrira egindako planak
Gaur egun, adimen urriko hogei pertsona daude Legazpiko Garagunean, hiru profesionalek lagunduta. Garagunera iritsi aurretik, ordea, bertako profesional batek adimen urritasuna duen pertsonaren inguruko azterketa bat egiten du, eta, azterketa horren emaitzen arabera, Garagunera edo beste zerbitzu batzuetara bideratzen dute erabiltzailea, bakoitzaren beharretara gehien egokitzen den zerbitzua jaso dezan.
Garaguneko erabiltzaile gehienak Gureak lantegietatik eratorritakoak dira, “lan zikloa amaitutzat eman dutenak”. Garaguneak, baina, Gureak bezalako zentroak ez bezala, “ez dira lanerako leku bat”. Lan eremutik harago, “bizitza pertsonala aberasteko beste zerbitzu bat behar dutenentzako guneak dira”.
Hala, Garagunea izenak berak dioen bezala, pertsonei garatzen laguntzeko guneak dira zentro horiek. Jauregik hala azaldu du: “Pertsona bakoitzaren araberako bizi-planak egiten ditugu Garagunean, haien bizi-kalitatea hobetzeko”. Bizi-plan horren oinarrian, planifikazio bat dago. “Pertsona bakoitzaren zaletasunak, gustuak eta ezinegonak aintzat hartuta, norberaren neurrira egindako ekintzak antolatzen ditugu Garagunean”, zehaztu du Jauregik.
Legazpiko zentroa 09:30etik 17:00etara arte egoten da irekita. Bertan, ohiko eginbeharrak taldetan banatuta egiten dituzte. Egunero, eguneko ekintzak errepasatzeko bilera batekin hasten dute eguna. Ondoren, lagun bakoitzak egun horretarako egokitu zaizkion ekintzak egiten ditu: “Tailerrak, dantza saioak, irakurketa, paseoa, eskulanak, sukaldaritza…”. Astean bitan, Garagunean bertan prestatzen dituzte guztientzako otorduak.
Lotura komunitatearekin
Ekintza plan horien bitartez, “adimen urritasuna duten pertsonak komunitatean integratzeko bideak aurkitu behar dira”. Izan ere, Garagunea ez da lau paretetara mugatzen den leku bat, “barrutik kanporako zubiak eraikitzeko erreminta bat da, adimen urritasuna duten pertsonek gizartean beste harreman batzuk garatzeko eta duten sarea handitzeko balio dezakeena”.
Alde horretatik, Garaguneko kideek ekintza asko antolatzen dituzte Legazpin herriari begira. Hileko lehenengo ostiraletan, bidezko merkataritzako produktuen eta Garagunean bertan egindako eskulanen salmahai bat jartzen dute azokan. Era berean, bidezko merkataritzako hiri proiektuaren barneko talde eragileko kide ere bada Garagunea. Hala, udaletxean egiten diren bileretan parte hartzen dute, adibidez.
Horrez gain, Markel Lopez Urretxuko haurrarentzako tapoi bilketan ere aktiboki parte hartzen dute —Epidermolisis bullosa gaixotasuna du Lopezek—. Legazpin jada abian dute dauden guneetan tapoiak jaso eta Garbigunera eramateko proiektua.
Herrian laguntzeko ekintzak
Herriko elikagai bankuan ere laguntzen dute Legazpiko Garaguneko kideek. “Astean bitan supermerkatuetatik janaria bildu eta biltegira eramateko ardura dauka Garaguneko talde batek”. Gainera, herriko tabernariekin eta merkatariekin elkarlanean “adimen urritasuna duten pertsonak ondo artatzeko dekalogo bat ere” jarri dute martxan. Dendarien edo tabernarien eta adimen urriko bezeroen artean komunikazioa erraztea dute helburu dekalogo horrekin.
Gizarteko hainbat alorretan laguntzeko egitasmoez, ekintzez eta proiektuez gain, Garagunearen eta Legazpiko gainontzeko eragileen artean zubiak eraikitzeko proiektuek ere badute lekua. Ateak irekitzeko jardunaldiak antolatzen dituzte, adibidez, Garagunea ezagutzera emateko. Bizilagunekin, eskolekin eta bestelako taldeekin aritzen dira elkarlanean ateak irekitzeko jardunaldietan. Elkarlan horren beste adibide bat Haztegi ikastolarekin batera nobela bat irakurtzeko egitasmoa da, esaterako: “DBHko ikasleek eta Garaguneko kideok gaztelaniazko nobela bera irakurriko dugu, ikasturtearen amaieran elkarrekin tertulia bat egiteko”, azaldu du Jauregik, Legazpiko Garaguneko arduradunak.
Ekintza horiek gero eta ugariagoak dira egunez egun, urritasuna dutenei babesa emateko. Baina bestelako joera batzuk ere eragotzi nahi dituzte. Hala, historikoki baztertuak izan dira, baina orain gehiegizko babesa ematea saihestu nahi dute, “askotan ikuspegi paternalista batetik” aritzen baita jendea. Hala, muturreko bi joera horiekin apurtzeko, adimen urriko pertsonei dituzten mugak gaindituz autonomoak izaten irakatsi eta beren bizi-proiektua berek nahi bezala eraikitzeko aukerak eman nahi dizkiete Garagunean.
Leave a Reply