Podologoaren kontsultan sartu, eta eseri egin da Xabier Kaperotxipi, jaiotzez gor-mutua (Zarautz, 1963). Nekane Mujika Euskal Gorrak elkarteko interpretea haren parean zutik geratu da, eta Eneko Txurruka podologoa kontsultara sartu orduko, elkarrizketa abian da: Txurrukak Kaperotxipiri hitz egiten dionean, Mujikak keinu bidez itzultzen ditu podologoaren esanak; eta Kaperotxipiren keinu bidezko erantzunak hitzez adierazten dizkio Mujikak Txurrukari.
Hemezortzi urte daramatza interprete lanetan Mujikak. Joan da podologoa barne zolak egokitzera, eta Kaperotxipik egiten duen lana eskertu du: “Imajinatu interpreterik gabe etorri banintz, elkarrizketa hau guztia ez litzateke posible izango. Berak ez lidake zein min dudan ulertuko, eta nik ere ez nioke esan nahi didana ulertuko”. Urtean hamar-hamabost bat aldiz eskatzen du interprete zerbitzua, osasunarekin lotutako kontuetarako eta haurren eskolako bileretarako, adibidez. “Gauza sinpleak direnean, ez dut eskatzen, eta nolabait moldatzen naiz: idatziz, keinuez baliatuz…”, azaldu du. Baina, halakoetan, informazio guztia jasotzen ez duen irudipena du: “Errazago ulertzeko, gauzak oso sinple azaltzen dizkigu jendeak, eta, askotan, dena jaso gabe geratzen gara”.
Txurrukak gogoan du interpreterik gabe moldatu izan den aldiren bat edo beste. Duela pare bat urte, Kaperotxipiren seme Eneko amarekin —jaiotzez gor-mutua hura ere— kontsultara joan zen batean, Enekok, “heldutasun handiz”, amak esan nahi zuena azaltzen ziola oroitu du. “Interpreteen laguntzarik gabe elkarrizketako datu garrantzitsu asko galtzeko arriskua dago”, azaldu du podologoak. “Kaleko elkarrizketetan ez dio axola, akaso, baina hitz teknikoak-eta direnean bai. Gure kasuan, jendearen mina zein den zehaztea oso garrantzitsua da: ezin dugu irudipenaren araberako tratamendurik eman; gaixoen arazoari konponbidea ematea dagokigu”.
Leave a Reply